Espainiar agintariek ekintza terrorista larritzat jotzen dituzte garrantzi handirik gabeko hainbat gertakizun. Hala nola goizeko ordu txikietan Altsasuko taberna batean izandako liskarra edo katalan independentistek autobide batean egindako protesta. Aldi berean, ordea, zeharo ukatzen dute torturapean hildakoak Estatu terrorismoaren biktimak izan zirenik. Ukaezinezko frogak izan direnetan, onartu, onartzen dute torturatuak izan zirela, baina diote gertaturikoa «polizien gehiegikeria» besterik ez zela izan. Eta froga oro ezkutatzea lortu izan dutenetan, ezta hori ere.a
Hala gertatu zen ETAko militanteak zirelakoan 1981ean Guardia Zibilak Almerian hiltzeraino basati torturatu zituen hiru gazteekin edo urte berean 72 polizien artean txikitu zuten Joxe Arregirekin. Hasieran, ukatu egin zuten torturatu zituztela, eta, frogak hain nabarmenak izan ez balir, ukatzen jarraituko zuketen oraindik. Esteban Muruetagoiena, Mikel Zabalza, Gurutze Iantzi eta beste hainbat lagunekin gertatua lekuko.
Temati ukatzen dute torturapean hildako lagun horiek Estatu terrorismoaren biktimak izan zirela, eta, ukatzen jarrita, frankismo garaiko Estatu terrorismoa bera ere ukatu egiten dute. Hau da, biolentzia mota batzuk erraz asko jotzen dituzte terroristatzat, eta, aldi berean, zeharo ukatzen dute Estatuak terrorismorik egin dezakeenik legez kanpoko are biolentzia larriagoa erabiltzen duenetan. Adibidez, tortura.
Bada, nazioarteko legeen arabera, torturaren debekua erabatekoa da hiltzearena ez bezala. Legalki hil daiteke, heriotza zigorra aplikatzen duten estatuetan eta gerretan ez ezik, baita norbere burua defendatzeko ere. Torturak, ordea, ez du onartzen inolako salbuespenik, inongo egoeretan. Torturatzen duen edonor, eta baita laguntzen duena ere, gizadiaren kontrako krimena egiten ari da eta, horrenbestez, ez da batere harritzekoa Deustuko Unibertsitatean Etikako Katedradun izandako Xabier Etxeberriarentzat tortura izatea Estatu terrorismorik larriena.
Hala adierazi zuen 2006an idatzitako lan batean non bi terrorismo mota bereizi zituen. Batetik, «Estatuaren aurka motibazio politikoz diharduten talde armatuena». Bestetik, «Estatuak berak eragindakoa, zeinaren adibiderik larriena tortura baita Estatu terrorismoa».
Torturaren ukatzaileek biziki goraipatzen dute Etxeberria jauna, oso gogoko baitute ETAren biktimei buruz duen diskurtsoa, baina ez diote kasu zipitzik egiten Estatuaren biktimei dagokionez. Izan ere, hark oso argi baitio, ETAk ez ezik, espainiar Estatuak ere terrorismoa praktikatu duela. Bereziki, Estatu terrorismorik larriena den tortura zeinari buruz gogor salatu zuen, 2006an idatziriko beste lan batean, ez zela baztertu, «ezkutatu baizik».
Xabier Etxeberriak ezin argiago esan zuen, halaber, zein izan den ezkutatze horren eragina: «Batetik, torturatzailearen inpunitatea bermatzen du, eta, bestetik, izan daitekeen babes faltarik handienera kondenatzen du biktima, ez soilik torturatua izateko orduan, baita egin diotenarengatik justizia eta erreparazioa eskatzeko orduan ere».
Hala izanik, tortura desagerrarazteko borrokari eusteko eskatu zuen Etxeberria jaunak, gomendatuz «ageriko egin dadin saiatzeko, jendeak jakin dezan, lau haizetara tinko zabalduz», baina torturaren ukatzaileek hain justu guztiz kontrakoa egin izan dute. Tortura kasuak ahal bezainbeste ezkutatu eta nazioartean tortura desagerrarazteko lanean diharduten erakunde guztien gomendio eta irizpideei muzin egin.
Gainera, tortura eta tratu ankerrak jasan izana salatu duten milaka herritar gezurtitzat jo dituzte, frogaren zama guztia haiengan jarriz, ederki dakiten arren ia-ia beti guztiz ezinezko izan zaiela frogatzea benetan gertatua. Amnistia Internazionalek oso egoki salatu bezala, inkomunikazioak atxilotuaren eskubide guztiak jaten dituen zulo beltz bat sortzen baitu. Torturatuei gertatu zaiena frogatzea ezinezko egiten duen zulo beltza.
Injustizia itzel hori konpontzeko, proposamen egoki askoa luzatu zuen Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari izandako Jon Mirena Landak. Hain zuzen, torturatuei ezinezko frogak exijitu beharrean, frogaren zama tortura ukatzen dutenen gain jartzea. Bestela, espainiar agintariek haien jarrera ukatzailean gotorturik jarraituko baitute.
Azpimarratzekoa da, bestalde, jarrera ukatzaile hori zeharo kontrajarria dagoela Xabier Etxeberriak defendatzen duen beste ideia oso garrantzitsu batekin. Hark baitio ezinbestekoa dela berak aipatu bi terrorismo motetan ardura izandakoek eragindako kalte guztia onartzea. Hau da, bi aldeek onartzea giza eskubideen urraketa guztiak eta urraketa horiek biktimei eragindako mina.
Gatazkak konpontzen adituak diren nazioarteko eragileek beti nabarmendu izan dute horixe dela oinarrizko baldintza edozein gatazka konpontzeko: eragindako kaltea eta erantzukizunak onartzea. Eta horixe izan da Ezker Abertzaleak pausoz pauso egin duena. Estatu terrorismoaren arduradunek ez bezala.
Izan ere, alde batek bere erantzukizuna inoiz ukatu ez duen bitartean, besteak beti eman baitio uko borobila berea onartzeari eta horregatik da hain garrantzitsua Jon Mirena Landak aspaldi luzaturiko beste proposamen bati ere behingoz kasu egitea. Hain zuzen, egiaren bilaketarako mekanismo proaktibo bat sortzea, besteak beste, Estatu terrorismorik larriena den torturaren ukazioa iker dezan.
Hori baita biderik egokiena torturaren milaka biktimek behingoz jaso dezaten orain arte ukatu izan zaien egia, justizia eta erreparazioa, inoiz berriro halakorik gertatuko ez zaienaren bermearekin. Behar-beharrezkoa baitute.
Estatu terrorismorik larriena, tortura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu