Erresistentzia geldia Trumpen Administrazioaren baitan izenburuarekin, irailaren 6an opinio saiakera anonimo bat argitaratu zuen New York Times-ek. Egunkariaren ohar bat zeraman aurrez: ez dela ohizkoa artikulu anonimoak argitaratzea, baina duen garrantziagatik salbuespen bat egitea erabaki zutela. Trumpen administrazioko goi mailako funtzionari norbaitek idatzia zen saiakera.
Idazleak guka hitz egiten du: «Goi mailako kargu asko gara [Trumpen] administrazioan barnetik lanean ari garenak, bere agenda eta bere joera okerrenak ez daitezen gauzatu». Erresistentzia honek ez du zerikusirik, jakina, kalean ematen ari den erresistentziarekin. Kargudun hauek errepublikano petoak dira, Trumpen administrazioak arrakasta izan dezala nahi dutenak, baina beren lehen erantzukizuna nazioari zor diotela uste dutenak, ez presidenteari. Beren helburua, diote, Trump agintean dagoen bitartean erakunde demokratikoak gordetzea da. «Arazoaren sustraia... Presidentearen amoralitatea da».
Egoera kaotiko honetan funtzionario idazle anonimoak gogorarazi nahi die amerikarrei, haurtzaindegiko irudia erabiliz, «badaude pertsona helduak gelan. Erabat konturatzen gara zer ari den gertatzen. Zuzena dena saiatzen ari gara, nahiz eta Donald Trumpek ez horrela jokatu». Honen ondorioz bi bideko presidentetza gertatzen da: Errusia denean gaia, edo Ipar Korea, eta abar, joera bat Trumpek esaten duena da, eta bestea, oso desberdina, bere administrazioak inposatzen dituen neurriak. Hori bai, anonimoaren atzean ezkutatzen den errepublikano taldea oso gustura dago Trumpek aberatsen alde egin duen zerga mozketa basatiarekin, banketxeak hain gogoko duten desregularizazioarekin eta, nola ez, presupuesto militarrak 23% altxatu izanarekin.
Baina arazo politiko guztien gainez, bada saiakeran beste zerbait benetan ahoa zabaltzekoa: halakoa ikusi dute Trumpen ezegonkortasuna (bere egoera mentala zalantzan jarridute bere inguruko batek baino gehiagok), bere kontseilariek euren artean aipatu izan dutela Konstituzioko «25. zuzenketa» delako legea aplikatzea. Zer dio lege honek? Presidentea hil edo nolabait «inkapazitatua» badago, bere zereginak behar bezala betetzeko, presidenteorde eta kabinetearen gehiengoak proposatu diezaioke kongresuari presidentez aldatzea. Alegia, bere inguruko kontseilari nagusien artean eztabaidatu dute lege hau Trumpi ezartzea bere portaera hain arrazoigabea eta nazioarentzat arriskutsua ikusi dutelako.
Hori joan den aste erdian zen. Astelehen hau Woodworden liburuarekin hasi gara: Watergateko kazetari ospetsuak Fear (Beldurra) izeneko liburua atera du, non Trumpen urrekoen diren funtzionarioek beraz esaten dituzten izugarrikeriak aipatzen diren. Liburu honek, funtzionario anonimoak esanak, eta beste hainbat kazetariren erreportajeek berresanak, frogatu besterik ez du egiten. Horrela da Estatu Batuetan politika, egun bat joan eta bestea etorri.
Steve Bannon ideologo eskuindar puntakoarentzat (Trumpen kontseilari nagusia izan zena bere lehen urtean Etxe Zurian, eta oraindik ere izaten jarraitzen omen duena), lehengo astean New York Times-en anonimoki idatzitako eskutitzak esanahi zehatza du: estatu kolpe bat gauzatzen ari da gobernu iparramerikarrean.
Nola erreakzionatu honen guztiaren aurrean, alarmaz ala itxaropenez? Bada alarmarako arrazoirik: ezin ahaztu gizon negargarri honen behatzetan daudela Amerikar armategi nuklearren kodeak. Oraindik Muellerren ikerketa zabalaren ondorioak ikusteko gaude, bertan Trumpen negozioak ere aztertuak izango direlarik. Dena galtzera doala begi bistan duenean, zer egin dezake bere botere ikaragarriari eusteko? Tartekari guztien oztopoen gainetik presidenteak boterea du eraso nuklear bat agintzeko (eta ezin ahaztu zer mehatxu egin zizkion Ipar Koreari; orain berriro lehen bezala gaude, bi presidenteen artean egindako bilera gorenaren antzerkiaren ondoren). Industria nuklearraren funtzionamendua barru-barrutik ezagutzen dutenek, egoera inoiz baino arriskutsuagoa dela diote. Woodwarden liburuak seinalatzen duen berrietariko bat, hain zuzen, hauxe da: lehengo urtean Ipar Korearekin gerra nuklearra izatetik publikoak ohartu baino askoz hurbilago egon ginela.
Badago argirik inon? Azken hilabeteotan Nixonen konparazioa nagusitu da komunikabideetan, ezkerrak gogoko baitu haren impeachment irudikatzea. Nixonen kasuan Defentsa idazkari zen Schlesingerrek ordena eman zien militarrei, bere eta Kissingerren baimenik gabe, presidentearen aginduak ez betetzeko, honek eraso nuklearren bat agintzen bazuen. Trumpen Defentsa idazkari den Mattis jenerala eta bere kabinete buru denKelly jeneralak, prestigio handiko militarrak biak, antzeko zeregina dutela gaur egun sujeritzen du idatzi anonimoak, publiko amerikarra lasai dadin. Zerbait da. Baina ezin dugu nahiko azpimarratu zer-nolako egoera surrealistan gauden.
Telebista kate nagusietan agertzen diren komikoekin barre egiten dugu gauero hemen bizi garenok. Ez zaie falta materialik. Barre egitekoa da dena, ahaztu ahal badituzu armategi nuklearrak eta holako detaile batzuk, edota Trumpen alde bozkatu zutenak oraindik ere berarekin daudela.
Estatu Kolpea Trumpen Etxe Zurian?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu