Independentzia eta euskara erlazionatzen diren bakoitzean, Irlandaren porrot linguistikoa jarriko dizu norbaitek mahai gainean. Hain gutxi maite al duzue zuen herria, munduan porrot egin duen bakanetakoa jartzeko ispilu gisan? Ez al dugu itxaropen gehiago merezi, ongi atera diren prozesu askatzaile linguistikoak gurera ekarri eta haietatik zer ikasi dezakegun proposatuz? Ez al dira ispiluan jartzeko modukoak Norvegia, Estonia, Lituania, Suedia, Eslovenia, Letonia, Txekia eta beste asko? Nondik dator beldur hori, munduko estatu aske guztiek defendatzen eta hobesten duten independentziarekiko? Denentzat da ona, guretzat ezik? Zer gara, ezer antolatzen ez dakiten tximinoak?
Nolatan edukiko zukeen Islandiak, bere 350.000 biztanlerekin, Literatura Nobel sari bat, Danimarkatik independizatu eta bere hizkuntza indartzeko boterearen baliabide guztiak erabili ez balitu? Edo Norvegiak dituen lau Nobelak, 1904ko independentziarekin norvegiera bultzatzea erabaki ez balu? Nola burutu zuen Israelek halako balentria, hilda zegoen hebreera piztea, egun zortzi milioi hiztun izateraino, ez bada independentziarekin? Tel Aviv-eko tiradera batean dago hizkuntza politikarik onenaren plangintza estrategikoa.
Irlandaren diskurtsoak auto-ukazioan ditu oinarriak, gure erraietatik erauzi ezin dugun ezerez-konplexu sakonean. Funtsean independentzia nahi ez dutenen aitzakia gisan funtzionatzen du: begira, estatuarekin ere ezin da hizkuntza salbatu, ahantz dezagun eldarnioa! Inperialismotik askatu ezin denaren azken heldulekua. Hain da astuna espainolaren eta frantsesaren pisua euskaldunengan, ezin dutela irudikatu ere egin hori inoiz gainetik kendu dezakegunik. Eta hortik sortzen da beste diskurtso toxikoa, hizkuntzen arteko elkarbizitzarena, diglosia gero eta desorekatuagora garamatzana; eta diglosia gaizki bukatzen da historian zehar: hizkuntza gutxitua gero eta gutxituagoa, gero eta aleatorioagoa, ez-beharrezko, azkenean edergailu bilakatu arte, meritu txiki bat, eta luzarora, folklore hizkuntza.
Edozein enpresetan baztertuko lukete funtzionatu ez duen modelo bat eredutzat hartzea, ondo atera diren beste 30 modelo daudenean. Euskararen normalizazioa desiratzea Euskal Herriaren independentzia desiratu gabe, beharrezko ikusi gabe, hori da sartu diguten ziririk borobilena, gure artean hedatu den diskurtsorik toxikoena. Zur eta lur uzten nau independentziak ez duela euskara salbatzea bermatzen dioen jendeak. Zerk bermatuko du, menpekotasunak? Holokausto linguistikoa praktikatu duten bi estaturen barnean jarraitzeak? Niretzat zalantzarik ez duen ebidentzia da euskarak ez duela XXI. mendea gaindituko independentzia politikorik gabe. Espainiaren eta Frantziaren mendean gaudelarik euskara indartu daitekeela sinestea auto-iruzurra da, gezur arriskutsu bat. Beti kuestionatu eta boikotatuko dute euskararen edozein aurrerapauso, haien estatu elebakarrentzat irain bat delako hizkuntza aniztasuna nazioaren mugen barruan. Hala dekretatu zuten, eta hala izango da, hizkuntza bakarrak osatzen duelako euren eraikuntza nazionalaren muina, euren hizkuntzak, noski; gurea besteena da, gu ez baikara haiek, ezberdin hitz egiten dugun bitartean. Menderakuntza horren oinarrietako bat suntsiketa linguistikoa da, badakitelako, aspalditik jakin ere, hizkuntza galtzen duen herria kikildu egiten dela bere aspirazio nazional eta identitarioetan, ezabatu aktore politiko gisan, konplexuz betetzen, bere burua gutxietsiz etengabe; eta gutxiespena transmititu egiten da belaunaldiz belaunaldi, etxez etxe, eskolaz eskola, idazletik idazlera.
Bere hizkuntzaz harro dagoen herri bat zailagoa da birrintzen, hori Katalunian garbi ikusi dugu, eta garbi ikusi zuen XIX. mendeko burgesiak katalanari eustea erabaki zuenean, hizkuntza murraila bat dela, Espainiaren baitan guztiz asimilaturik ez geratzeko. Ez da kasualitatea, katalanez idazten duten hamar idazleetatik bederatzi independentziaren alde egotea, eta espainolez idazten dutenen %99k Katalunia Espainiaren mende ikusi nahia. Hor hautu politiko bat dago, Kataluniaren biziraupenari hizkuntza propioak dakarkion plusaren kontzientzia irmo bat; eta alderantziz, Katalunia askatuta nahi ez duten idazleen kasuan, espainola erabiliz eta hedatuz Espainiarekiko loturak sendoago bihurtuko diren kalkulua.
Zer jarrera hartuko lukete euskal idazleek mugimendu independentista sendo eta taxuzkoa sortuko balitz? Mendetako kolonizazio kulturalaren ondorioetan igeri ez ote gabiltzan susmoa daukat. Gezur hori, gaztelera ere hemengo hizkuntza dela esaten denean, adibidez. Etimologikoki gaztelera Gaztelako hizkuntza da, eta historikoki koertzioz inposatu duen prozesu baten ondorioz hedatu da hizkuntza arrotza gure herrian. Baldin eta ez badugu hartzen Euskal Herria Gaztelaren (versus Espainiaren) zatitzat. Frantsesa hemengoa da?
Hemen dago, bai, gaztelera; baina ez da hemengoa. Ez dute lortu euskara ezabatzerik, eta horrek min ematen die. Baina lortu dute gure anbizioa geuk inposiziotzat har dezagun, eta horrek lasaitzen ditu. Kolonizazioa auto-kontzientziaren kamuste prozesu luze bat da, ezertan hasi aurretik desaktibatu beharrekoa; bestela, euskaraz egin arren alienazioa barreiatuko dugu etengabe. Desikasi da, gurean, aditzik politikoena.
Euskaldunok ezin dugu sinetsi euskarak etorkizun hobea erdiets dezakeenik; mende askotako akulturizazioak gogor kolpatu gaitu, otzan bihurtu gaitu, beti baimena eskatzera, txikiak garela pentsatzera, intelektual askok etengabe errepikatzen duen bezala, euren txikitasuna babesteko konplexua sozializatuz. Gaixotasun identitarioa nozitzen dugu, gure hizkuntzarekin norbait molestatzen badugu pauso bat atzera ematera garamatzana.
Txikiak gara auzoko erraldoiekin alderatuz, frantsesarekin eta espainolarekin, baina mundua da auzo, gaur egun, eta ez gara bat ere txiki beste nazio eta hizkuntza askoren ondoan. Aldea da estatua duten herrialdeetan inork ez duela esaten «gure literatura txikia da», literatura nazionala delako, de facto, eta haien mugak dira euren mundu sinboliko eta erreferentzialaren muga bakarrak. Ez dute erraldoirik ondoan, mendez mendez «zu txikia zara, ezdeusa zara, ni gabe ez zara ezer!» xuxurlatuz. Eta guk bai. Eta okerrena da sinetsi egin dugula.
Presio hori gainetik kentzeko bada ere behar dugu estatu bat; horrela, S-rik gabe.
Estatu bat euskarari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu