Espetxe-politikaren etapa berria

Aitzol Asla eta Teresa Toda
2023ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Motibazio politikoko delituengatik preso dauden pertsonak bisitatzeko egin beharreko kilometrajea gutxituz joan da pixkanaka. Prozesu hori 2019an hasi eta 2021etik aurrera areagotu egin zen. Gaur egun, hamar preso baino gutxiago daude EAEren eta Nafarroaren inguruko espetxeetan; beste guztiak Basaurin, Martutenen, Zaballan eta Iruñean daude.

Argi dago presoen auzian, prozesuaren gainerako eremuetan bezala, fase berri batean sartzen ari garela. Funtsezkoa da korapilo hau askatzea, bi arrazoirengatik: indarkeria-zikloaren ondorioen konponbiderako eta pertsona guztientzako eskubide guztiak bermatuko dituen bizikidetza demokratikoa eraikitzeko. Beste bi eremu nagusiei dagokienez, biktima guztientzako eskubide berberak aitortzea eta gertatutakoa ez errepikatzeko bermea den memoria kritiko inklusiboa, bideratuta daudela esan dezakegu, oraindik egiteko asko dagoen arren.

Foro Sozialaren aburuz, presoen auzian konponbiderako markoa dagoeneko zehaztuta dago: salbuespeneko politika guztia desaktibatzea; biktimen mina errespetatzea; graduen bilakaera eta baldintzapeko askatasunak modu arruntean aplikatzea; eta birgizarteratze-prozesuetan presoak proaktiboak izatea.

Bide honen mugarri batzuk gogoratu nahi ditugu. 2018ko maiatzean ETA desegin zen nazioarteko egiaztapenarekin eta uztail hartan Pedro Sanchezek iragarri zuen espetxe-politika aldatzen hasiko zela. Hilabete batzuk lehenago, Foro Sozial Iraunkorrak bere IV. Foro Soziala egin zuen, Arrazoi politikoengatik preso edo iheslarien birgizarteratzea erraztea lelopean eta, horren ondorioz, Gizarte zibiletik ibilbide-orri adostu bat eraikitzeko egindako ekarpena dokumentuan hainbat gomendio jaso zituen.

Horietako gomendio batzuk juridikoak eta legezkoak ziren (espetxe araudi eta erregelamendu arruntaren aplikazioa eta salbuespeneko neurri eta legeak indargabetzea) eta beste batzuek erakundeen, gizartearen eta presoen inplikazioa sustatu nahi zuten. Espetxe-eskumenak Eusko Jaurlaritzara transferitzeko gomendioa ere jasotzen zen, 2021ean burutu zena.

Beste aldetik, EPPK-k, 2017an, hiru urte lehenago hasitako eztabaidan aurrerapauso bat emanez legezko bideetan sakontzeko erabakia berretsi zuen.

Azken batean, Foroak «birgizarteratze-plan» baten oinarriak planteatzen zituen, aurrera egin ahal izateko jarraitu beharreko ildoak, oraindik ere baliagarriak direnak eta urte hauetan Foro Sozialaren jarduera gidatu dutenak.

Horrekin batera, gomendio horiei eusteko beharrezkoak diren adostasun sozial, politiko eta instituzionalak landu ziren. Sindikatuek, udalek, parlamentuek, indar politikoek... akordioak lortu zituzten preso gaixoei, hurbilketari, gradu-bilakaerei eta abarrei buruz, adierazpen bateratuetan eta ekitaldi publikoetan islatu zirenak.

Urte hauetan egin diren urrats garrantzitsuek bat egin dute gehiengo sozial eta politikoarekin, indarkeria-zikloaren ondorioen konponbiderako urratsak egiteko borondate irmoa erakutsi duen gehiengo horrekin. Ekarpen garrantzitsua izan da bizikidetza demokratikoaren eraikuntzan.

Nola lortu da aurrera egitea? Foro Sozialaren ekarpena elkarrizketarako baldintzak sortzea izan da, modu diskretuan lan eginez, batzuei eta besteei arretaz entzunez, adostasunak eta topaguneak bilatzeko.

Funtsezkoak izan dira, halaber, EPPKn bildutako presoen urratsak, batez ere 2017. urteko bultzadarekin. Partekatutako dinamika horri esker, 2021. urtean egoera asko tenkatzen zuen arazo delikatu bati eman zitzaion amaiera: presoen harreraren auzia. ETAren eta Estatuaren biktimen arteko topaketak ere nabarmendu nahi ditugu, non urruntze-politikak kalte egindako pertsonek ere parte hartu zuten, entzutearen eta enpatiaren adibide izan baitziren.

Isolamenduaren eta urruntzearen amaierarekin gradu-progresioak iritsi ziren, eta orain preso guztiak bigarren eta hirugarren graduan daude. Hala ere, hor sortu dira oztopo berriak eta oso kezkagarriak Auzitegi Nazionaleko instantzia batzuetan. Hirugarren gradurako baimenak eta gradu-aurrerapenak geldiarazi egin dituzte, iraganeko argudioak erabiliz eta salbuespen-araudia aplikatuz, kartzelen Tratamendurako Batzordeen eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren txosten zehatzak alde batera utzita, eta egungo errealitate politiko eta soziala kontuan hartu gabe.

Bere garaian, Foroak ohartarazi zuen lobby bat zegoela, oso ideologizatua, esparru judizialean, polizialean, mediatikoan eta ETAren biktimen elkarteren batean presentzia handia zuena. Espetxe-politikaren aldaketaren aurkako lobby bat, Auzitegi Nazionalean eragin handia duena. Gure Behatokiak bost txosten monografikotan dokumentatu ditu iraganean ainguratutako traba eta joera horiek.

Foro Sozial Iraunkorra prozesuak izan dituen zailtasunen eta krisien lekuko da, baina, zorionez, fase honetan, eragile guztiek zailtasunak gainditzeko borondatea izan dute, aurrerapausoak ahalbidetuz.

Pedro Sanchezek iragarpen hura egin eta ia bost urtera, balantze positiboa egin dezakegu. Hala ere, ezin dira alde batera utzi oraindik gainditu gabe jarraitzen duten zailtasunak: Auzitegi Nazionalak ezartzen dituen oztopoak eta 7/2003 eta 7/2014 legeen mugak. Eta iheslarien eta deportatuen gaiak konponbiderako agendatik kanpo jarraitzen du.

Egungo egoera finkatuz gero, araudi arrunta modu normalizatuan aplikatu ahal izango da eta salbuespenezko araudiak desaktibatuko dira, IV. Foro Sozialaren ondorioen ildotik,bizikidetza demokratikoa eraikitzea errazagoa izan dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.