Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako ekimenaren eta horren ondotik han hemenka ugaritutako esperimentuen eraginez, zerbait mugitu da azkenaldion euskararen lurraldean. Ekintzara eramandako pentsamendu sinple batek artikulatu zuen Egiakoa: batetik, euskaldunak elkarrekin euskaraz aritzea; bestetik, ulertzen duenarekin ere horri eustea. Erdaldunarekin nola jokatu norberaren esku utzi zen, baina beti gatazkak saihestuta, irribarrez.
Lasarten pauso bat aurrera egin zuten: Ahobizi izena jarri zieten batzuei, Belarri Prest besteei. Nik dakidala, azaroan Lizarran egindako Euskararen Maratoian, hirugarren figura bat ere sortu dute, aurretik aipatutako biek beren onena eman dezaten giltzarria: Bihotz Goxo izendatu zuten hizkuntzaren erabilera oztopatu nahi ez duen erdalduna.
Horratx duela urte batzuk formulatu eta izenik gabe zeuden hiru profil, pentsamendutik esperimentazio kolektibora eramanak. Eta horratx emaitzak: euskara hutsezko elkarrizketak ugarituta; elkarrizketa elebidunak ohitura bihurtzeko bidean; erabat erdaraz izandako espazio batzuetan leku irabazte bat, hori ere bai.
Ze poza aspaldiko bi lagunekin geratu eta ezustean biak Belarriprest txaparekin datozkizunean! Ze poza, gaur bertan, Egiako Aitor Ikastolan haurra matrikulatu duen Hondurasko gizonari esan diogunean, euskaraz ari baikinen nagusiki patioan elkartu guraso taldean eta tarteka berarekin gaztelaniaz, «no piense que hablamos en euskara para excluirle, no es así, ni mucho menos», eta haren erantzunarekin: «No hacen nada malo, me ayuda, yo quiero aprenderlo». Bai: uste baino Belarri Prest eta Bihotz Goxo gehiago dago inguruan, eta milaka berri sor daitezke horiek aktibatzeko formulak esperimentatuta, eta ariketa horiek publikoki erakutsita.
Hain justu, sineste hori transmititu nion Radio Euskadiko Graffiti saioko Galder Perezi, urtarrilaren 17an elkarrizketa elebiduna egiteko proposatzerakoan: kalean horrelakoak esperimentatzen ari bagara, zergatik ez plaza publikoan erakutsi? Euskaraz egin nahi duenaren eskubidea bermatzeko bideetako bat hori bada, aurrera!
Euskaraldia dator eta galdera egokia dirudi: zein da komunikabide publikoek esperimentazio saio erraldoi horri egin ahal dioten ekarpenik onena? Izan ere, aldea dago esperimentuaren berriemaile soil izatetik, esperimentazioan agente aktibo izatera. Bigarrengoa izugarria litzateke.
Imajinatzea libre denez, imajina ditzagun ETB2ko eztabaidak, solaskide batzuk euskaraz eta besteak erdaraz (itzulpenak eginez, seguru asko): jendartean ugaritu nahi genituzkeen portaeren bisualizazio publiko bat, arlo askotariko pertsonaia erreferentzialekin, pertsonaia horiek ekintzari eman diezaioketen prestigioaz. Imajina ditzagun gaztelaniazko kateetako aurkezle eta solaskideak Aho Bizi, Belarri Prest eta Bihotz Goxo bihurtuta.
Eta imajina dezagun harago: ez ote da garaia EITBko kate erdaldunen audientzia zati handi bat Belarri Prest kontsideratzeko? Irabazteko asko eta galtzeko gutxi dago telebista eta irrati-formatuak esperimentazio horren mesedetan jarrita. Formatu ederrik asmatuko lukeen buru-argi bat baino gehiago dago etxe horretan!
Sineste hau guztia zegoen Radio Euskadiko Graffiti irratsaioan egindako elkarrizketa elebidunaren oinarrian, eta egia aitortuta, ez nuen pentsamendu hori nik nahi bezala transmitituta ikusi han eta hemen ateratako albistetan. Elkarrizketa luzeak lerroburu laburretara ekartzeak horixe du arrisku... baina, ai ene! Jakin izan banu halako gaizki-ulertuak eragin eta inor mintzeko arriskurik txikiena zegoela, ez nuen esperimentuaren berri emango. Damutzen naiz hanka sartzeaz.
Gera bedi garbi: ez zen nire asmoa ezertan aitzindari azaltzea, ez EITBko kate erdaldunetan euskarari lekua egiteko ahaleginean aritutako inor gutxiestea. Are gutxiago inor behatz akusatzaileaz seinalatzea. Inork horrelakorik sentitu badu, barka! Hautatzeko eskubidea eta esperimentaziorako konplizitatea, horiexek aldarrikatu nahi nituen, eta horixe bera aldarrikatzen dut orain ere... nire hitz propioekin gauzak argitu nahian.
Esperimenta dezagun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu