Espazioa, mugimendua, agenda

2022ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Kurtso politikoa hastear dagoen une honetan, «krisia ez dator, krisia eragin egiten dute», adierazi berri du Joseba Permachek bere txio batean. Eta Arnaldo Otegik bere iritzi artikulu luze batean ideia hori zehazteko aukera eman digu, udazkeneko krisialdiaren arduradunek eta Ukrainako gerra luzatu nahi dutenek interes berberak defenditzen dituztela gogoratuz. Hau da, «gerra luze saihetsezinaren» bidez negozio ekonomikoa (energetikoa zein armamentistikoa) eta geoestrategikoa (munduaren ordenamendu berria) bultzatzen dutenak berberak direla. Emmanuel Macronek, elite horien ordezkari gisa, jendartearen gehiengoak inoiz ezagutu ere egin ez duen oparotasun neurrigabearen aroa bukatu dela esan berri du. Baina zer egin? Nork, zer, nola eta noiz egin... galderak planteatu ditu Andoni Egiak bere txioan, «erantzunak adostu eta horiek lortzeko estrategiak zehazteko garaia» dela azpimarratuz.

Eta galdera horiek behar den bezala erantzuteko lagungarria izan da uda honetan Jule Goikoetxeak argitaratutako hausnarketa luze bat arreta handiz irakurtzea, ohi bezala, zenbait argipen eman dizkigu eta. Honela zioen: «Baina zer gertatzen da alokairuaren edo gasolinaren prezioak mugatzea lortzen denean? Ehunka mila salbamendu-txaleko itsasora botatzen direla tsunami erdian, jakinik ondoren beste tsunami bat etorriko dela. Eta hementxe gaude, txaleko puzgarriei lotuta... beste olatu handi batek berriro irentsi arte. Eta, hala ere, ba al dago esaterik, erabateko irmotasunez, hobe dela salbamendu-txalekoa ez edukitzea Niagarako ur-jauzietan behera erortzen garen bitartean? Seguruenik ez». Beraz, argi dago, sukarra menderatu baino, sukarra eragiten duen gaixotasuna da sendatzen saiatu behar duguna. Eta zer egin orduan?

Galdera horri erantzuteko, datorren krisialdiaren eta ziklo politikoaren aldaketaren aurretik, gaurdanik, gure herriko benetako egoeraren diagnostikoa egin behar dugu. Alde batetik, ahultze nazionalaren azelerazioaren aurrean gaudela onartu behar dugu, herri izaera duen prozesu independentistarik ez baitago Euskal Herrian. Eta, bestetik, egoera sozialak txarrera nabarmen egin duela onartu behar dugu, ez baikara herri gisa eman beharreko erantzun artikulaturik emateko gai izan. Ondorioz, ondoeza da nagusi euskal jendartearen baitan.

Euskal Herrian gain behera datoz oinarrizko eskubide sozial, zibil eta politiko pertsonalak zein kolektiboak, hala nola etxebizitzarena, informazioarena, ingurumenarena, adierazpen askatasunarena... Eta horrekin batera, prekaritatea handitu, feminizatu eta gaztetu egin da. 520.000 pertsona pobrezia-ataritik behera bizi dira, horietatik 200.000 pentsiodunak. Generoaren arabera, pobrezia-egoeran eta jendarte-bazterketako posizioan desberdintasun nabarmena dago emakumearen (%62) eta gizonaren (%38) artean. Hiru langiletik bat lan-prekaritate handiko egoeran dago. Gazteen artean (16-29 urte) %80ra iristen da prekaritatea. Lurraldeen arteko desoreka izugarria da. Euskal Herriko biztanleriaren %70 bost metropoli-eremutan bizi da eta soilik %17 landa eremuetan. Ikuspegi linguistiko eta kulturalari dagokionez, egoera ere okertu egin da, ordezkapen linguistiko kulturala ez da saihestu, inoiz baino euskaldun alfabetatu gehiago egonik ere.

Egoera honek guztiak ekarri du Euskal Herri osoan eta alor guztietan, herri erantzunak sortzea eta indartzea. Duela hilabete gutxi Arantxa Tapiak esan zuen moduan, herri honetan edozein gai edota proiekturen aurrean herri plataforma bat sortzen da. Eta plataforma horiek guztiek, ezberdinak izanik ere, denek dute ezaugarri bateratzaile indartsu bat: egungo eredu neoliberalak kaltetutako sektoreetako kide suminduz osaturik daude. Nolabait esanda, kaltetutako Euskal Herriko espazio antikapitalista zabalaren parte dira. Baina euskal espazio antikapitalista hori erabat atomizatua dago.

Horregatik guztiarengatik, Euskal Herri osoan gero eta kide gehiago gara, Ezker Abertzalekoak zein jendarte mugimenduetan gabiltzanak, euskal espazio antikapitalista hori euskal mugimendu antikapitalista bihurtu behar dugula pentsatzen dugunak. Ez gara eragile berri baten sorreraz ari, baizik eta espazio antikapitalista horretan parte hartzen dugun pertsona eta eragileen konfluentzia eta konbergentzia prozesuaz eta dinamika bateratzaileaz ari gara. Izan ere, euskal mugimendu antikapitalista ez da inorena, espazio antikapitalistan parte hartzen dugun guztiona baizik.

Bide horretan, asko izan dira azkenaldian bide horri eusteko egin diren bilerak, saioak eta proposamenak. Batzuk Ezker Abertzaleko erakunde ezberdinetako azken kongresuetan aurkeztuak izan dira, beste batzuk herri batzarretan, hausnarketa kolektiboetan, akanpadetan edota ekimen bateratuetan... Eta guztietan denon arteko agenda antikapitalista bateratuaren beharra eta gogoa azaldu da behin eta berriro.

Datorren urtean udal hauteskundeekin hiru bat urtez luzatuko den ziklo elektoral berria abian jarriko da Euskal Herrian. Egoera horrek ez du elkarlana, konbergentzia eta konfluentzia indartzen lagunduko, baina ezin dugu beste hiru urtez zain egon. Udazkenetik aurrera gogortuko den krisialdiak eragingo duen egoera aprobetxatu behar dugu euskal espazio antikapitalista hori euskal mugimendu antikapitalista bihurtzeko, horretarako agenda bateratua denon artean jarriz. Ez dezagun ahaztu, Euskal Herrian bezala, Europar Batasunean eta munduan, dinamika antikapitalista indartuko dela ondorengo urteetan, tokian-tokian izaera ezberdina hartuko duen arren.

Ez goaz salbamendu-txalekoak banatzera, tsunamia sortzen duen sistema kapitalista errotik eraldatu nahi dugu. Sozialismoa da geure helburua. Prozesu iraultzaileak dira toki guztietan martxan jarri behar ditugunak, desobedientzia zibila, erresistentzia, kolaborazio eza eta ekintza zuzena herri boterearen eraikuntzaren zerbitzura jarriz. Manex Mantxolak Energia eta boterea artikuluan esaten zuen moduan, «dramarik gabe pentsatu behar dugu zenbat den nahikoa. Baina aldaketa sistemikoak ez dira baketsuak, gatazka berezkoa dute. Eta guztiontzat egon dadin, boterea beharko dugu». Konfrontazioa da bidea eta konfrontaziorako martxan jarri nahi dugu euskal mugimendu kapitalista, Euskal Herri askean libre bizi nahi dugulako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.