Eskuinak, oro har, oso argi egiten du bi espazio politikoen arteko bereizketa; ideologikoa eta elektorala edo hauteskundeetakoa. Espainiako estatuan, eskuinaren hauteskundeetako proposamena ia bateratua izan da historian zehar. Bi proposamen ere izan dira, zenbait kasutan eraginkorragoa ere izan daitekeelako. Oso gutxi izan dira eskuinak hauteskundeetako bi proposamen baino gehiago aurkeztu dituen aldiak. Eskuinarekin bat egiten duten herritarren gehiengoaren desideologizazioak hauteskundeetarako batasun hori erraztu dutela egia izan arren, ez da hori arrazoi bakarra.
Ezkerrak, ordea, esentzialismo ideologikoaren eragina du, bozetako esparrura eztabaida ideologiko oso duinak eta estrategikoak eraman nahi izaten dituelako, baina hauteskunde ikuspuntutik, ez dira oso funtzionalak. Ideologizazio politikoa (bere joera aldaketa guztiak barne), askoz garrantzitsuagoa eta funtsezkoagoa da ezkerrean. Horri gaineratu behar zaio bere burua sozialdemokratatzat duten batzuen jarrera, ezkerreko botoak bilatzen dituztelako eskuineko politikak abian jartzeko. Ideologia aldetik eztabaidatu beharra dago, baina bozetarako bat egitea aztertu beharra dago;D'Hont legeak hala eskatzeaz gainera, soziologia politikoarengatik.
Zeintzuk dira hauteskundeetarako elkarketa baten formulak eta ezaugarri komunak? Politikan ia dena dago asmatuta eta formulak askotan erabilita daude. NaBai alderdien koalizioa izan da eta da, orain Bildu den bezalaxe. Azken baten, koalizio bat eragile politikoen arteko kontratua da, Gernikako Akordioa den bezala, baina hauteskundeetako helburu zehatzarekin eta kasu bakoitzerako ondo zehaztutako instituzioetarako funtzionamendu ereduarekin.
Koalizio baten ezaugarri komunek bi oinarri dituzte: akordio programatikoak eta funtzionamendukoak. Baina baldintza ideologikoak eta epe luzerako helburuak beti daude tartean, eta nola ez, politikan, bizitzako beste ataletan bezala, agerian geratzen dira gizarteko eta familietako miseria eta amarru guztiak. Azken baten, akordio politiko guztiek gainditu ezineko muga bezala izan behar dituztenak etika pertsonala eta zuhurtzia dira.
Koalizio bati ezin dakioke eskatu identitate ideologiko-politiko jakin bat izatea. NaBai sortu eta mantendu dugunoi hori eskatu izan balitzaigu, ez zen posible izango. Are gehiago; koalizioak berezkoa du izan indar politiko ezberdinen arteko elkarketa izatea, baldin eta jarduera politikorako beren ezaugarri komunak aurkitu badituzte; ezberdintasun eta zeharkakotasun horrek ez du azken emaitza komuna txiroagoa egin behar, baizik eta aberastu. Horixe da NaBairen baitan etengabe mantendu eta garatu dugun ideia eta ikuspegietako bat.
2003an, NaBaiko lehen hiru alderdiak —Aralar, EA eta EAJ-PNV— koalizioa osatzeaz eztabaidatzen ari ginenean, Batasunari, IU-NEBi eta Batzarreri koalizioan lekua egiteko aukera jarri genien mahai gainean; azken hori sartu zen. IU-NEBek berriz, hasieratik esan zuen, eta gero beste zenbait alditan errepikatu du, bere proiektua beste bat zela, eta bere bidea egin du.
Batasunak, bere aldetik, hainbat bilera izan zituen NaBai osatzen ari ginen alderdiokin, artean koalizioak izenik ez zeukanean. Aldi berean Bergarako Manifestua argitaratu zuen, eta bertan lau aldarrikapen batu zituen, autodeterminazio eskubidearen aitortza guztien oinarria zelarik. NaBai osatzen ari ginen alderdiotatik proposatu zitzaion lau irizpide horiez gain beharrezkoak zirela bi gehiago: A) Soilik bide politikoen erabilera, jarduera armatuaren gaitzespenarekin batera, Lizarra-Garaziko Akordioan jasotzen zenaren bidetik. B) Jarduera politikoaren ardatz gisa, aniztasuna politikoki baikor bezala balioztatzea. Akordioa ia itxita egon zen une batez, baina Batasunak beste bide bat hartu zuen modu legitimoan, Bergarako aldarrikapenaren defentsa irmoa. Hori guztia egiaztatzeko datuak, dokumentuak eta hemeroteka ugari dago, ahalegin gurutzaturen bat baino gehiago egiten duelako nork edo nork historia betaurreko letradunekin begiratzeko.
2003az geroztik, Argak ur asko pasatzen ikusi du, munduko ibairik handiena ez den arren (nafarren batek eztabaidatu lukeen arren), eta derrigorrean aintzat hartu behar diren hainbat diferentzia zehatz agerian geratu dira. Autodeterminazio eskubide demokratikoa, lurraldetasuna, bakegintza (giza eskubideei, biolentzia guztietako biktimei eta presoei erreferentzia eginaz) ulertzeko moduak, eta programa ekonomikoak, sozialak, parte-hartzeko ereduak eta bestelakoak ulertzeko moduak ezberdinak izan direla ezin da aipatu gabe utzi. Serioa izan nahi duen edozein akordiok modu zintzoan egin behar die aurre ezberdintasun horiei eta programa politiko erabilgarri eta gauzagarri batekin osatzeko modukoak ote diren aztertu; egitarau argia, hautesleekin egin beharreko kontratua bezala erabili ahal izatekoa.
Nafarroan zentzugabea izango litzateke 2003an posible izan ziren akordioak 2011rako baliagarriak ez izateko ahaleginak egitea. Eta XXI. mendean, ezin dira nahastu esparru ideologiko-politikoak eta hauteskundeetako esparruak. Eztabaida neurri horretan egitea antzugarria izango litzateke ezkerreko indar politiko abertzaleontzat, Nafarroan egiazko alternatiba politiko bakarra garen neurrian. Bestalde, NaBairen sorrerako irizpideak behin eta berriz gurutzatutako erreferentzia gisa erabiltzen dira, baina horiek zeintzuk diren zehaztu gabe, politikan ohi den bezala; maiz gainera, eta koalizioaren sorreran parte hartu ez zutenek egiten dituztelarik erreferentzia horiek.
Nafarroan, UPNk PSN ia behin betiko «abduzitu» ondoko egoerak eskatzen duen alternatiba politikoak bakezalea, aurrerakoia eta anitza izan behar du. Ibilbide hori orekatua eta gauzagarria izatekotan, ikuspegi luzea eta oinarri politiko sendoak eta argiak ezinbestekoak dira. Hauteskunde orokorrei dagokienean, NaBaik egindako ibilbide duina abiapuntutzat hartu behar du, esparru ideologiko-politikoak ez dutela derrigorrean bat egin behar esparru sozio-elektoralekin kontuan izanez, beste inork baino hobeto NaBaik berak erakusten duen moduan.
Esparru ideologikoak eta esparru elektoralak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu