Espaloian barrena, ezezagun bat ondo-ondotik pasa, bi metro aurrerago gelditu eta horrela bota dit espainolez:
–Ea ikasten duzun serio idazten… eta utzi behingoz Trump bakean.
Astirik eman izan balit, erantzungo niokeen bilobak borrokan harrapatzean bezalatsu:
–Bera hasi da eta!
Ezagun zuen ezezagunak mutur oker amorratuan ez zegoela diskurtsoetarako eta, zuhurki jokatuz, isildu egin naiz. Gainera ez zait bururatzen trumpkerien inguruan zer gehiago esan nezakeen. Lortuko al du Naranjitoak Gaza resort bihurtzea edo benetako bakerik Ukrainan? Errendizioen baldintzak lantzen ari da. Horretarakoxe joera dut nik ba. Gure inguruan gerrarik lehertuko balitz, lehen egunaren lehen orduko lehen minutuan errenditu egingo nintzateke. Ez naiz borrokarako jaioa.
Gezurra ematen du, euskaldun eta tradiziozale izanik. Euskal tradizioan gerrak eta liskar ugariak izan ditugulako: erromatarrena ez dago horren argi, baina Gaztela eta Nafarroaren artekoak, karlistadak, frankada, ETA, euskaldunok geurok kanpora eramandakoak (Amerika, Albania…). Baina jatorrenak matxinadak izan dira. Horiek interpretatzeko gure artean ados jarri ez eta Hidenao Dohinio ikertzailea etorri da Japoniatik. Eskema garbia ikusi du denetan: aurrenik zerbaiten zurrumurrua zabaltzen zen, ondoren jendeak biltzen ziren txilibitu eta danborraren hotsaz, orduan erkideei, paskin eta diskurtsoen bitartez, egoeraren bidegabekeria ulertarazten zitzaien, arau injustuak erauzi eta amaitu behar zirela, eta matxinada hasi egiten zen. Altxamendua eta errepresioa. Amaitzeko, ospakizun moduan esku-dantza eratzen zen, berriro denok bat sentitzeko. Maila horretan ni parte hartzeko prest: txistua jo eta dantza egingo nuke atseginez. Behar bada, biak batera ere bai.
Horrela ikusirik, polita ematen du, baina zauritu, espetxeratu eta hildakoak ere baziren tartean. Ortega y Gasset filosofo espainolak ikusi zuen pertsonen izaerak bi modutakoak direla: borrokalariak edo industrialak. Borrokazaleak ez du jardunbide baten arriskuan atzera egiteko arrazoirik ikusten. Industrialak, aldiz, beti kalkulatzen ohi du ezeri ekin aurretik menturazko etekina. Bien proportziozko konbinazioa hobesten zuen. Industriala gailentzean, kultura makal eta indarge sortzen da. Borrokalaria denean, astozaharren modukoa. Kirolean ikusten zuen borroka izpirituaren sublimazioa gure garaietarako. Baina… Futbola masa kirola da, ondorioz antolakuntzan biltzen zaizkio txoizo guztiak eta batzuk gehiago. Alegia, industrialak buru. Horrela nahasten dituzte sentimendu anti-intelektual guztiak, jendeak manipulatzeko eta negozioak egiteko horren kontura. Realari epaileak iruzur egin diola Manchesterren eta zale denak suminduta. Txistu eta danbolinez agertu izan banintz, agian matxinada eragingo nukeen.
Benetako matxinadarako garaia da. Gazteek apenas kantatzen duten, abesbatzak haur eta gazteen eskasian daude. Eskoletan ez baita musika serio lantzen. Errua beti eskolak, etxeetan dena zoragarri egiten omen delako. Baina, prentsak dioenez, gazte askok uzten omen dute lan industriala eta eskolak emateko prestatzen dira. Izpiritu borrokalaria beharko dute. Askori damutuko zaie aukera egungo kalifikazioak nola jarri behar diren ikustean. Ikasle bakoitzeko, poema pertsonalizatua: «Garapen egokia izan du irakurketan eme letrarekin; zetarekin, baina, zailtasunak sortzen zaizkio». Mesedez, arima aratzekook zenbaki borobila askozaz hobe ulertzen dugu. Futbolean bezala. Trumpek ere zotzak maiteago testu luzeak baino.
Diplomazia Eskolen lehen ikasgaia: Diplomatikoak «bai» esaten duenean, «agian» adierazi nahi du. «Agian» esanez gero, ezetza da. Eta ezetz esaten badu? Diplomatikoak ez du inoiz ezetz esaten. Ba Trumpek denak batera esan ohi ditu gauez eta hurrengo goizean denak aldatu berriro. Putinek ez «bai», ez «ez», ezta «agian» ere. Izpiritu industrialak dira: etekina xurgatu, eta borrokatzea eta hiltzea besteentzat uzten dute. Batzuentzat diplomaziaren jenioak dira. Niri ez zaizkit jenio iruditzen eta beldurra eragiten didate, barregura, pena… eta gupida. Zorionez, gupida sentitzeko gauza naiz. Horixe dago denok aurrera egin dezagun oinarri-oinarrian.
Espaloian serio idazteko agindu zidan ezezagun muturbeltzari printzipio nagusia irakatsi behar diot: bizitzaz serio jarduteko modu bakarra umore onez hartzea da. Arrazoi handirik ez izan arren, ez dago besterik.