Idazlea

Espainiarren egia beltza

2024ko urtarrilaren 30a
05:00
Entzun

Euren iraganaz damu ez diren eta iragan horri gutxieneko azterketa kritiko bat egiteari uko egiten dioten frankista guztiei komeni zaie —Núñez Feijoo jaunari apaltasun ariketa bat komeni zaion bezala— El arte de la manipulación política izenburuko liburua irakurtzea. Ez da ezinbestean atzera itzultzeko amets hutsean sinesten dutenen gustukoa litzatekeen panfleto bat, ez da frankismoaren edozein diruzalekeria eta asmakizun kriminaletan oinarritutako ehunka saiakera horietako bat.

Historiari egia nola ebatsi dakiokeen argi eta garbi azaltzen duen lana da. Nola batzuk lortzen ari diren frankistek estremismo zentzugabe eta basatiaren bidez ezarritako ikaraldiaren hamarraldi ilun haiek «aurreko erregimen» gisa gogoratua izatea.

Pertsonak hil eta gezurretan ari izateaz gainera, Francok oso maite zituen —haren familiak bezalaxe— besteenak, eta haren diktadura faxistan zehar tranpaz beteriko ekimen asko bultzatu zituen. Kultura hedatzeko xedean egindako itxurazko keinuarekin bazterrera utzi zituen disidente intelektualak, eta bost axola zion hauek apaizak, elizgizonak, mojak, irakasleak, abokatuak ala kultura eta arteen ordezkariak ote ziren. Errepresioa haiengana guztiengana iritsi zen, espetxeratu egin zituen edo zuzenean eta besterik gabe, haiek hiltzeko, akabatzeko, agindua eman zuen.

Francok «laguntzaile» asko izan zituen, egin zituenak ez baitzituen bakarrik egin. Zekenkeriaz eta boterez beteriko sable zahar eta herdoilduak, euren aretoetan intsentsua erretzen zutenak, neurrigabe aberasteko xedean beldurra baliatzen zutenak, horiek denak, izan ziren diktadorearen sarraskia bururatzeko ezinbesteko euskarri. Eta aldi berean, ondoan izan zituen frankista ezjakin asko eta asko. Denek bat hartuta herriak suntsitu zituzten, monumentuak, elizak, komentuak, liburuak eta ikastetxeak txikitu zituzten, ikastetxe batzuk irakasleak barruan zirela txikitu ere.

Hamarraldietan zehar atxilo hartu eta espetxeratu zituzten euren hitzaldi totalitarioekin bat etortzen ez ziren susmagarri guztiak, dena euren «Mugimenduaren» izenean, hura babesteko xedean.

Ez dago urte haiei emandako artxibo ofizialik, izan ere, diktadura faxista ankerraren aurrean ezikusiarenak eginez berridatzi nahi dute historia. Espainiako historiaren funtsezko pasarte bat ezabatu izan balitz bezala jardun nahi dute.

Pertsona batzuk atxilotuak, espetxeratuak eta erailak izan ziren harpidedun izan eta etxean egunkari bat jasotzen zutelako, edo gerrikoaren belarrian ikurrina bat inprimaturik eramaten zutelako. Ehunka mila biktimaren seme-alaba eta biloba asko eta asko Euskal Herrian bizi gara, Euskal Herriko kaleetan barrena ibiltzen gara, baina ezin ahantzi dezakegu hildakoez eta espetxeratuez gainera asko eta asko izan zirela etxea eta ondasunak galdu zituztenak, bizirauteko eskean ibili behar izan zutenak. Urte askoan hurbilekoengandik urrutira bizi izan ziren, erbesteraturik, miseria gorrian.

Indarrean dagoen diskurtso politikoari erreparatzen badiogu, esan dezagun hamar urte barru ez dela, ageriko bidegabekeria den arren, diktadura frankista kontuan hartuko, eta XX. mende nahasi eta «izugarriaren» protagonista izandako Hitler, Salazar, Somoza eta Pinochet bezalakoak diktadore anker eta odolzale gisa gogoratuak izango badira ere, Franco hiltzailea ezezaguna izango da.

Kontua da gaur egun ere burugabe batek baino gehiagok galdetzen duela hiltzaile haren politikaren alderdi asko indarrean egotea, eta azken gertaerak —biktimak ere izan dituztenak— aztertzen baditugu, haiek lortzeko xedean «GAL» birziklatzeko prest daudela esan behar dugu. Hori al da bultzatu nahi dena alkate eta buru sozialisten portaerarekin, Estatu Terrorismoak eraildako hautetsien aldeko omenaldiak galarazi eta arbuiatuz? Geroak erantzungo dio galderari.

Hori bai, milioika pertsonaren biziarekin akabatzeko gai izan zen: galiziarrak, kataluniarrak, euskaldunak eta espainiarrak. Baina ondo gogoratu, egindakoa ez zuen bakarrik egin, eta orain ere ez daude bakarrik.

Gogoan al duzue nork esan zuen honako hau?: «Batzuek astintzen diote zuhaitzari, eta beste batzuk dira...». Zenbat zarete «oraindik» ETAren aitzakiaz bizi zaretenak.

Antzemandako mugimenduen azterketa lasaia eginik eta objektibo izaten ahaleginduz, bistakoa da sable herdoilduak, boneta karratuen intsentsuak eta ustez ahazturik geneuzkan usain zaharminduak berriro direla gurean, noizbait aldendu badira.

Beraz, egoerari egokituko zaizkion erabakiak hartzea liteke zuzena. Berriro ere errepikatu egiten baita historia. Itzuli dira eta euskaldunok ondo ezagutzen ditugu, XXI. mendeko «tenplarioak» dira, Espainiako demokraziaren «oinarri», betidanik koroaren zerbitzura ari izandakoak, espainiar egia beltzaren aitzindari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.