Liburu-iruzkingilea

Espainiar naziorik ez dela izanen? Izan bada, ordea

2024ko irailaren 1a
05:00
Entzun

España postimperial: ideologías del imperio restaurativo saiakera (Joseba Gabilondo) hizpide ari naiz. Espainia modernoaren historia parametro nazionalen barruan tratatua izan da. Huts egin duen ahalegina/saioa da —Gabilondoren hitzetatik ari naiz—. Espainiaren izatea, normala, eskasa, ohiz kanpokoa, salbuespenezkoa edo kontrara ulertua izan da. Epiteto nagusi batez ezagutua da: «Aparta». Edonola den ere, Espainia, nazio-estatua legez ekarria izan da. Alta bada, zer litzateke estatu-nazional hau, paradigma nazional(ista) hau berau okerra balitz? —Europa hegemonikotik inportatua hala berean—. Horra saiogileak planteatzen duen dilema.

Zer litzateke Espainia delakoa, nazioaren ikuspegitik definitua izan beharrean, inperioaren ikuspuntu saiatuaren eta iraunkorraren ildoan definitua dagoela «baieztatuko» balitz? Izan ere, nazio espainiarra eratzeko saioa baldintza postinperial hispaniarraren epifenomenoa da. Gabilondok —saioaren hasieran galdera moduan pausatua— dilema hau «saio oker»-tzat jotzen du saiakera amaitutakoan.

La Vorágine editorialaren eskutik publikatua da liburua.Otraes (in) surgentes sailean argitaratua. Saiakerak begirada berezia eskaini digu, bestetasunetik egina. Hauxe duzu kontzeptu gakoa: La otredad. Hots, Bestetasuna. Bestea izateko —eta izatearen— kondizioa. Munduan pertsona egoteko baldintzaz ari da saiogilea.

Nire ikuspegia: Espainiako Estatua sujet anitzen gaineko subjektua da. Espainia subjektu nagusia da, menperatu dituen sujeten kontura eta eurek «lotuta» dago aldi berean. Hots, Espainia subjektu anitzez osatuta dago, gehienak sujetaksujetoak eta lotuak— izaki. Premisa: bestetasunean subjektu nagusia eta menpeko sujet anitz sartu ohi dira.

Gabilondok iturri anitzetatik ase du bere egarria. Nik berak destilatutako uretatik edan dut, izate anitzen bestetasunean sartzeko. Nahimena behar da horretarako. Nahikundea ez da aski, nahikaria beharrezkoa. Nahikeria gure izatearen nahia ere badela jakitun. Justu bestea-ren tasun-ean sartzen garenean, gure tasuna desegin ahala haren tasuna osatzen hasten da, eta alderantziz —kontraesan modura ulertu ezazu, ikuspegi hori—. Ez dago, ordea, izaki osaturik bestetasuna ulertu lehenik eta ondotik onartu barik. Bestetasunak «beste bat izateko baldintza» erran nahi du. Bestetasunak bi pertsona desberdinen arteko antzekotasunak batzen ditu.

Espainiar inperioaren osteko heterogeneotasunaz, populismoaz eta hiru errestaurazioz ari zaigu saiogilea. Inperialismoaren ostean diskurtso nominalista ezarri da. Izenak —inperioarenak, besteak beste— aldatu ohi dira, baina errealitatea ez da horregatik aldatzen. Maxima baitezpadakoa zait, gaiak lantzerakoan.

Ikuspena/ikaspena: egungo estatu espainiarra sostengatzen duena —nazio espainiarra— inperioaren beraren errestaurazioak dira. Haren aldeko diskurtsoak eta aldarrikapenak.

Espainiako Estatuaren egungo ordenu ekonomiko, politiko eta soziala inperioaren gainbeheratzearen eta haren kolonien galeraren ondorioa da. Galerek islatzen dituzte hobekien inperioaren osteko ideologiak bizi —eta jasan— behar dituen baldintzak. Espainia errestaurazio etengabeko fantasia politikoa da. Betiere irekia. Irekia: inperioaren gainbeheraren jatorrizko krisia errepikatzen da behin eta berriz, eta ideologia (b)errestauratzera irekita dago.

Hori guztia ulertzeko, azken mendeotako fenomeno sozial hauek aztertu behar dira: Espainiaren periferiako nazionalismoak, erdiko klase prekarizatua, feminismoa eta LGTBI+ kolektiboen agertzea —euren goratzea— besteak beste. Nik espresio eta fenomeno sozial horiek, baina —uraren metaforari eutsiz—, baldintza postinperial espainiarraren errestauratuaren barruan urtuak ikusten ditut, hots, espainiar nazionalismoaren eta populismoaren baitan mamituta. Subjektu nagusiaren menpeko sujetak dituzu.

Bestetasuna da saioaren gakoa, nire nahikaria gure bestetasuna arakatzea. Euskaldun izatearen kontzientziatik ari nauzu, hauxe baiesteko: gure izatea, euskal izatea, mendez mendeko inperialismoaren eraginez —ezarpenez, prefosta— osatuta dago. Alabaina, euskaldunok ere espainiar nazionalismoa eta populismoa elikatzen ditugu, hark gu elikatzen gaituen heinean.    

Postinperialismoak galera historikoa hartzen du abiapuntuan, eta hartara, legitimitatea bere horretan funtsatzen. Ideologia inperialaren errestaurazioak bestea behar du: ideologia malenkoniatsua. Besteari egozten dizkio krisia eta galera. Beste hori sujet anitz dira eta subjektu horretan euskalduna —eta Euskal Herria— sartzen ditut. Sujet horiek heterogeneoak dira, bistan da, euskal subjektu horretan hainbat sujet baitira: euskal baserritarra, euskal langilea —obreroak, biak ala biak—, euskal heterosexuala, euskal homosexuala, euskal feminista... Berauek konformatzen dituzten herriko taldeak edota erakundeak barne. Euskal izaera malenkoniatsuari arreta ipini —nahi— diot.

Saiogileren gardiz, inperioaren ideologia malenkoniatsua eta histerikoa da. Ados. Bestearen ideologia eta izaera monopolizatzen ditu. Inperioaren izaera histeriko horretan «nazio histeriko» bat dago. Ados. Gabilondok «espainiar nazioa ez da inoiz izan eta ez da izanen», dio. Ez naiz —guztiz— ados. Nik «ulertzen dut» bere tesiaren funtsa, baina nahikunde gisa hartzen dut. Hau da, bestetasunetik jalgitako jarrera duzu, bortxa jasan duen biktimaren azaletik egina. Areago, «ideologia» eta «intelektualismo»-tik egiten duen analisia duzu. Termino bi horiek ez ditut gaitzesgarritzat jotzen horregatik.

Ez dut ukatuko Gabilondoren tesia. Hau da, espainiar nazionalismoa —de jure eta de facto— ideologia postinperialista faxista batean funtsatua izatea. «Bai, baina». «Baina» madarikatua, hor betiere. Hona Espainiaren legitimitatearen funtsa. De jure: legeak aginduta, besteak printzipioz ez onartua. De facto: izatez ez, baina funtsean bestearen legea egitez onartua. Erran nahi baitut, espainiar nazionalismoaren heterogeneotasuna ukaezinezkoa izan arren, bestetasunean «eraikita» dago, homogeneotasun suerte batean funtsatua.

Ideologiek ez dute errealitatea ukatu behar. Ez lukete behar.

Artikuluaren bertsio luzea helbide honetan dago: https://blogak.eus/begizolia/espainiar-naziorik-ez-dagoela-hala-ote

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.