Espainiar Estatua NBEren aurrean: justizia eta giza eskubideak auzitan

Agatha Libano
2023ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Atzotik Espainiar Estatuak arreta jarria du Euskal Herrian emakume migratua eta arrazializatua den Silvia S.L.ren kasuan. Eztabaidak piztu dira gertakarien inguruan, eta agerian geratu da Istanbulgo Protokoloaren garrantzia. Silviaren kasua oso kezkagarria da. Demokrazia errotua duen estatua izan arren, Espainiak oinarrizko eskubideak urratu dizkion zantzuak daude. Atxiloketak eta ondorengo tratu txarrek zalantzak sortu dituzte Espainiar Estatuak giza eskubideei buruzko nazioarteko estandarrekin duen konpromisoaz.

Silvia pertsona pobre bat defendatu zuelako atxilotu zuten Getxon, eta ertzain-etxean zutela tratu txarrak eta erasoak jasan zituen. Segurtasun-grabaketek argi erakusten dute eman zioten tratu iraingarria, baina salaketa ez zen behar bezala ikertu. Gero, auzi-medikuaren txostenak ez zion Istanbulgo protokoloari jarraitu eta epaitegiak funtsezko frogak ezetsi zituen.

Urteak joan dira ukoz uko, defentsaren eskariak atzera botaz, eta eskubideak urratuz. Orain Eusko Jaurlaritzaren akusazioak zazpi urte eskatzen ditu Silviarentzat, baina epaiketa hasi arte ez da Istanbulgo Protokoloa martxan jarri.

Istanbulgo Protokoloa nazioarteko tresna bat da, poliziaren usteko torturen eta tratu txarren mediku- eta lege-ikerketak zelan egin behar diren zehazten duena.

Giza eskubideak errespetatzea eta aldeei gertakariak kalifikatzeko eskubidea baliatzen uztea dira legearen eginbeharrak. Silviaren kasuan zalantzan jartzen da Espainia nazioarteko jarraibide eta konpromiso hauekin lerrokatuta dagoen:

- Espainiako Konstituzioaren 24 eta 15 artikuluak urratu dira, benetako babes judizialerako eskubidea bermatzen eta tratu anker eta iraingarriak eta tortura debekatzen dituztenak, alegia.

- Istanbulgo Protokoloa urratua izan da, Espainiar Estatuak 1987an NBEren Torturaren aurkako konbentzioa berretsi arren. Baina atzoko saioan, ezustean, Bizkaiko lurralde auzitegiak erabaki zuen Istanbulgo Protokoloa Silviaren aldeko froga gisa onartzea. Lorpen txiki bat da Silviarentzat. Haren aurkako akusazioak jarraitu egiten du, prozesu judizialak ere bai, baina oinarrizko eskubide bat errespetatu da, eta horrek agerian utz dezake poliziak tortura baliatu zuela haren aurka. Epaiketa eten egin da, epaileek froga aztertu arte.

- Auzi-medikuak atxilotua aztertzeko protokoloa nazioarteko estandarretara egokitzeko helburua duen 650/2023 Errege Dekretua ere, 2023ko uztailaren 18koa, urratu da. Bizkaiko lurralde auzitegiak protokolo hori onartu eta aplikatu behar du. Silviak epaitegietan duen historiak auzitan jarriko du ea dekretu hori benetan eraginkorra den Espainiar Estatuan.

Gainera, ezin ahaztu aurtengo uztailean Nazio Batuetako Torturaren aurkako Batzordeak berriro hartu diola kargu Espainiar Estatuari. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak hamabi aldiz kondenatu duen arren, Espainiak ez du batere aurreratu tortura salaketen ikerketan. Bereziki aurpegiratzen zaio Istanbulgo Protokoloaren atxikipenik eta biktimak erreparatzeko eta errehabilitatzeko politikarik ez izatea.

Atzotik epaitzen ari diren Silviaren kasua ez da auzi hutsa, askoz ere gehiago da. Espainiar Estatuan giza eskubideek dituzten erronken mikrokosmosa da.

Gizarteak eta nazioarteak arreta handiz behatuko dute kasu hau. Silvia, zazpi urteko espetxe zigorraren eskariarekin, justizia bilatu eta oztopoak soilik aurkitu dituen jende askoren aurpegia da.

Epaiketak Espainiaren justizia-sistema eta demokrazia bera zelakoak diren erakutsiko digu. Hau da galdera, funtsean: justizia eta giza eskubideak nagusituko dira?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.