Martxel Toledo Garmendia.

Espainiako itzulia berriro Euskal Herrira? Berdin zaigu?

2016ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Urteak eta urteak Euskal Herrira sartu gabe egon ondoren, Jaurlaritzak (PPk eta PSEk ) proposatuta eta motibazio politikoak bultzatuta,2011n Espainiako itzulia berriro gurera ekarri zuten eta bi etapa lehiatu ziren EAEn. Etapa baten amaiera Bilbon egin zen, besteak beste, EAJko Iñaki Azkuna alkate izan zenaren laguntzarekin eta udalaren babesarekin. Bigarren etapa, berriz, Bilbon abiatu eta Gasteizen amaitu zen, eta Udalean agintzen ari zen PSEren laguntzarekin eta PPren babesarekin antolatu zen. Orduan, ESAITek, eragile politiko eta sozial batzuen babesarekin kirola bai, inposaketarik ez lelopean Gasteiz-Bilbo bizikleta martxa antolatzeaz gain, pare bat deialdi publiko egin zituen kirolaren erabilpen politikoa kritikatzeko, eta Hau Euskal Herria da aldarrikatzeko.

Baino hura, ikusten dugun bezala, hasierako proba baino ez zen izan, zeren 2012an eta 2014an ere Espainiako itzulia berriro gurean izan baikenuen; kasu horietan, etapen amaiera Iruñean, Arraten eta Aralarreko San Migelen izan zirelarik. Eta orduan ere, 2011n bezala, ESAITen jarrera antzekoa izan zen; alegia, itzuliaren etorrera ez oztopatzea, baina itzulia aprobetxatuz, Nazio gara, Euskal Herria bizirik! lelopean geurea aldarrikatzea eta, Iruñean eta Eibarren elkarretaratzeak egiteaz gain, Eibar—Arrate 2012an eta Uharte— San Migel 2014an bizikleta martxa antolatzea.

Motibazio politikoak bultzatuta Espainiako itzulia berriro Euskal Herrira ekarri eta bertan etapak txertatzeko saiakeran hor itzalean aritzen diren horiek, aipatu urte horietan egindako probekin badirudi oso gustura atera zirela, eta orain gutxi itzuliaren aurkezpen publikoan antolatzaile gisa UNIPUBLICek azaldu zuen modura, aurten berriro Espainiako itzulia Euskal Herrian izango dugu, eta bi etapa lehiatuko dira gurean, lehenengoa irailaren 1ean, Kantabrian abiatu eta Bilbon amaituko dena; eta bigarrena, irailaren 2an, Bilbon abiatu, eta Donostiatik pasatuz, Urdazubi-Dantxarinean amaituko dena.

Azken urteetako itzuliekin alderatuta, argi dagoena da Espainiako itzuliaren etorrera dela eta, aurten ESAITek ez duela ekimenik antolatutako, bere jarduera iaz amaitutzat eman zuelako. Beraz, ikusi egin behar oraingoan itzuliak gurean nolako harrera izango duen; alegia, iazkoen antzera, aldarrikapena egiteko balioko duen edo normalizazioaren mezua asimilatzen goazen heinean, soilik ongietorria emateko eta lehiaketaz gozatzeko izango den, Espainiako eskubaloi selekzioak Irunen eta Arrasaten jokatu dituen lagunarteko partiduetan izan den modura.

Urtean zehar, Euskal Herrian, kirol askotan Espainiako izaera duten lehiaketa ugari jokatzen dira: hots, ligak, txapelketak, lagunartekoak eta abar. Eta salbuespen gutxi batzuk kenduta, zaleen aldetik normaltasunez ikusten dira; besteak beste, aipatu ditudan lehiaketetan euskal talde ugarik parte hartzen dutelako. Bestalde, gurean izaera hori duten lehiaketak ere antolatzen dira; besteak beste, ekonomikoki babesa jasotzen duten heinean, antolatzaileentzat helburu ere izaten direlako.

Orduan eta hori konstatazio bat izanik, alegia, zaleen eta herritarren gustukoak badira, zertara dator zalantza hau orain hona ekartzea? Alegia, zergatik ez diogu ba ongietorria emango, besteak beste, txirrindularitzan Espainian antolatzen den itzuli garrantzitsuenari? Zergatik ez ikusi normaltasunez Espainiako itzulia berriro gure artean izatea beste hainbat kiroletan horrela gertatzen bada? Galderak baino ez dira.

Jakin badakit ez dela erraza, eta are gehiago txirrindularitzak gurean daukan indarra kontuan hartuta, kontraesanean erori gabe galdera horiei argudioz jositako erantzun zuzen bat ematea; alegia, Espainiako itzulia eta aipatu ditudan lehiaketen artean ezberdintasunak bilatzea, bakoitzak bere ñabardurekin, guztiak Espainiako antolakuntza formatuetan sartzen direlako eta, zentzu horretan, guztien izaera espainiarra delako.

Baina dakizuen bezala, Espainiako itzuliaren historia gurean oso berezia da; besteak beste, bere garaian bizi genuen egoera politikoa zela eta, itzulia gurera ekartzen zuten bakoitzean etapen amaiera ere kolokan egoten zelako. Eta, ondorioz, antolatzaileek erabaki zuten, behartuta, itzuliaren ibilbidea Euskal Herriko eremuetatik kanpo marraztea; hala, gurera etorri gabe urteak eta urteak eman ditu.

Baina, orain, berriro gurean izango dugu irailaren hasieran, eta nire ustean, azken urte hauetan egin den bezala, Espainiako itzulia baliatu beharko genuke nazio gisa dagokiguna aldarrikatzeko, hots, gure hizkuntza, hezkuntza, kultura... eta horretan jarri marra gorria, finean, inoren aurka joan gabe, gurea defenditzeko eskubidea ere badugulako.

2020an, Bilbon San Mamesen futboleko Eurokopa jokatu da, eta ziurrenik Espainia eta Frantziako selekzioak bertan izango dira, baina tamalez geurea ez. Eta horrek izugarrizko eztabaidak sor ditzake gure artean eta hainbat zalantza beraien inguruan. Horregatik, Espainiako txirrindulari itzuliak gurean izan duen historiagatik eta bilakaeragatik, lehiatik haratago, jokoan dagoena gure jarrera da, aipatu futbol Eurokoparen aurrean herri honen erantzuna nolakoa izan daitekeenari tenperatura hartzeko ere balio dezakeelako.

Ea ba gai garen, beraien tranpan erori gabe, itzulia aprobetxatuz geurea defenditzeko, eta txirrindularitzaren aitzakiarekin nazio hau Espainiaren zati bihurtu nahi gaituztenen aurrean, kiroltasunez baina tinkotasunez horri buelta emanez, Euskal Herria izena duen nazio batean bizi garen herritarrak garela demostratzeko. Besteak beste, hori ere, ekinez ekin, nazioa egiteko beste modu bat delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.