Apirilaren 28ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeek maiatzaren 26ko udal, foru eta europar hauteskundeetan eduki dezaketen eragina neurtzea zaila da, are gehiago kontuan izanik hautesleria geroz eta aldakorragoa dela eta, hainbat kasutan, erabakia geroz eta beranduago hartzen duela. Izan ere, azken egunetaraino zalantzati zeudenen kopurua oso garaia izan da, beste hauteskunde batzuekin alderatuta.
Horri gehitu behar zaio hauteskunde hauek zenbait berezitasun eduki dituztela. Batetik, Vox eskuin muturreko alderdia indar handiarekin ustekabean sartu da, Andaluziako Legebiltzarrean hamabi eserleku eskuratu eta 400.000 boz inguru lortu ondoren. Bestetik, Ciudadanos, Alderdi Popularra eta Vox alderdiek, Andaluzian izenpetutako akordioa adibide bezala hartuz, elkarrekin gobernatzeko asmoa erakutsi dute hiruren artean gehiengo osoa lortuz gero. Azkenik, arrisku horrek alarma guztiak piztu ditu ezkerreko eta abertzale gisa kontsideratzen diren hautesleen artean, beraien mobilizazio elektorala eraginez. Horren ondorioz, Espainia osoan parte-hartzea sustatu da %75,7an kokatuz, aurreko hauteskundeetan baino bederatzi puntu gehiago.
Parte hartze horren gorakadan, hautesleria abertzaleak zerikusia izan du. Izan ere, nahiz eta Gorteetarako hauteskundeak ez diren aproposenak alderdi horientzako, EAJk 107.000 boz gehiago eta EH Bilduk 74.000 boz gehigarri eskuratu dituzte. Emaitza horiek ulertzerakoan, eskuineko alderdien arriskuaz aparte, aurreko legealdian Gorteetan erakutsi duten baliagarritasuna, espainiar politikan murgiltzeko prestasuna eta aliantza berriak sortzeko ahalegina nahiz gaitasuna gehitu behar zaizkie. Hori dela eta, hautesleria horren mobilizazioa ohikoa baino garaiagoa izan da, hauteskunde moten arteko tartea murriztuz.
Hain zuzen ere, oro har, hautesleria abertzaleak %9-10 gehiago parte hartzen du udal, foru eta erkidego hauteskundeetan, eta, ordea, alderdi estatalen mobilizazioa apalagoa izan ohi da hauteskunde horietan. Kasu honetan, aurreikus daiteke, alderdi abertzaleek lortuko duten boz kopurua hauteskunde orokorretan jasotakoa baino altuagoa bada ere, ezberdintasuna ez dela hain handia izango.
Horrez gain, hautesleriaren zati batek modu ezberdinean bozkatzen du hauteskunde moten arabera. Esaterako, EH Bilduren hautesleriaren zati bat gehiago inplikatzen da bertako hauteskundeetan, propioak bezala ikusten baititu, eragina edukitzeko hautematea baitauka eta hautagaiak ezagutzen dituelako. Era berean, zentro-eskuinekoa, foruzalea eta euskalduna zein espainiarra sentitzen den hautesleria batek, orain arte behintzat, Alderdi Popularrari bozkatu izan dio Madrilerako hauteskundeetan eta EAJri udal, foru eta erkidego hauteskundeetan. Kasu honetan, badirudi Gorteetarako bozetan ere hautesleria horrek zuzenean Alderdi Jeltzaleari bozkatu diola ikusita Pablo Casado-ren alderdiak muturreko posturak babesten zituela.
Bestalde, jakinik hilabete bat besterik ez dela igaroko Gorteetarako bozeneta udal, foru eta europar hauteskundeen artean, ulergarria litzateke apirilaren 28an ikusi diren joerak baieztatzea. Horrek esan nahiko luke, EAJ-Geroa Bai, EH Bildu eta PSE-PSNk goranzko tendentzia ezagutzea eta, aldiz, PPk eta Elkarrekin-Ahal Dugu-k kontrako bilakaera pairatzea; nahiz eta abiapuntuak ezberdinak izan.
Era berean, pentsa daiteke, udal, foru eta europar hauteskundeen arteko ezberdintasunak ordu arte baino txikiagoak izatea, bai parte hartzeari dagokionez, bai aukera politikoaren kasuan. Hain justu, udal eta foru hauteskundeetan bozkatzeko erabakia hartu duten heinean, europar hauteskundeetan ere parte hartzeko probabilitate nabarmenak daude.
Aitzitik, hautesleriaren zati batek ez du azken honetan bozkatuko, Europar legebiltzarra urruti dagoen erakunde bat bezala ikusten duelako, europar erakundeen ibilmoldea ez baitu ulertzen eta ez duelako europar politiken eragina argiki identifikatzen. Halaber, hauteskunde bakoitzak bere berezitasunak dauzka. Ezagutza zein interes mailaz aparte, barruti ezberdinak (udal, lurralde historiko eta estatu mailakoak) kontuan hartzea komeni da. Gisa berean, zerrenden osaketek bere biziko garrantzia daukate udal hauteskundeetan, non hautagaien ibilbideak zein profilak arreta handiarekin jarraitzen diren, eta ez horrenbeste hauteskunde europarretan.
Azkenik, Nafarroa Garaiak aipamen berezi bat merezi du aldaketaren gobernuaren jarraikortasuna jokoan baitago. Duela lau urteko foru hauteskundeekin alderatuta, eraldaketa zenbait gertatu dira. Batetik, laukoak erakutsi badu gobernatzeko gaitasuna (datu sozioekonomikoek erakusten duten bezala) eta erakundeen egonkortasuna bermatzeko ahalmena, tentsio politikoa baretuz eta adostasun soziala bilatuz, Vox-ek boto kopuru esanguratsua lortu du Nafarroan (17.660 boto), UPN, Ciudadanos eta PP elkarrekin aurkeztuko dira Navarra Suma koalizioan, eta Elkarrekin-Ahal Dugu-k barne zatiketa ezagutu du. Testuinguru horretan, baliteke PSNk hurrengo gobernuaren gakoa edukitzea.
Espainiako Gorteetarako bozen ondorio posibleak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu