Espainiako Erresuma, torturarik gabekoa ote?

Xabier Urmeneta Benito Morentin Nerea Goikoetxea
2011ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Iragan martxoaren 25ean, Europako Kontseiluaren Tortura Prebenitzeko Batzordeak (TPB) 2007an Espainian egindako bisitari buruzko txostena egin zuen, eta bertan, bere kezka azaltzen zuen tratu txar gogorren aurka jaso zituen alegazioak —zein medikuntza-ebidentziak— zirela-eta, eta torturari aurrea hartzekogomendio zehatzak azpimarratu zituen.

Martxoaren 8an, berriz, Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiak (GEEA) Espainiako Erresuma kondenatu zuen (Beristain Ukar kasua), auzi-jartzailea 2002. urtean torturatu zutelako salaketak ez ikertzeagatik. 2010eko irailaren 28an, orobat, arrazoi berberengatik, Giza Eskubideen Auzitegi berberak Espainiako Erresuma (San Argimiro Isasa kasua) kondenatu zuen.

Kasu bietan, epaimahaiak ez du torturarik egon zenik ziurtatzen, baina Europako Giza Eskubideen Itunaren 3. artikuluaren «prozesu» mailako urraketagatik kondenatu zuen Espainia. Hau da, torturarik egon zen ala ez ezartzeko ezintasuna behar bezala ez ikertzearen ondorio zehatza izan zelako.

Elkarren segidan eman ziren epai biak eta TPBren txostena ikusirik, eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak duen itzal handia aintzat hartuta, arras larria izan da gaia, eta Espainiako Estatuari egindako ohartarazpena ohiz kanpokoa izan da, ezbairik gabe. Ez da gutxiagorako: ikerketarik eza ez da utzikeria hutsa. Behin eta berriz gertatzen denean, zigorgabetasuna bermatzeko mekanismo aktibo bilakatzen da.

Politika hau Espainiak Giza Eskubideen Nazioarteko Itunak berresterakoan legez bereganatutako betebeharren aurka-aurkakoa da, baina bai eta Espainiako Konstituzioaren beraren aurkakoa ere, Konstituzio Auzitegiak berak Majarenas kasuaren inguruan gogorazi berri duen bezala (63/2010 epaia, urriaren 18koa). Konstituzio Auzitegiak epai honetan zera azpimarratzen du: auzitegi arruntek ez dutela ikertzen eta, azken batean, ez dutela dagokien eginbeharra betetzen.

Tamalez, epaiak ez dira berriak eta Espainiak tortura-salaketen inguruan izan duen jarrera ez da inoiz bermatzailea izan. Amnesty Internationalek behin eta berriz salatu duenez, salaketak ez dira ikertzen eta zuzenean artxibatzen dira; ikertzen direnean, 15 eta 20 urte bitartean irauten dute prozedurek, batez beste, behin betiko epaia ematen den arte; era guztietako oztopoak oztopo, torturatzaileren bat identifikatu edo kondenatuz gero, epaiak leunak izaten dira, eta ondoren, gainera, indultuak —GEEAren jurisprudentziak espresuki kondenatu eta arbuiatutakoak— ematen dira, kondekorazioak edota maila-igoerak ematen ez direnean. Biktimen kalte-ordain zibilak trafiko-istripuetarako erabilitako baremoaren arabera kalkulatzen dira, eta ez giza eskubideen urraketak duen larritasun-mailak eskatuko lukeen bezala.

Gobernuak tortura desagerrarazteko Amnesty Internationalen 10 puntuei erantzun zionetik hogeita hamar urte luze betetzear daudela, eta ordutik eta elkarren segidan argitaratutako txostenak ikusirik, ezer ez egiteko gehien entzuten diren aitzakietako bat da tortura-salatzaileak asmo maltzurrez dabiltzatela, ETAren kontsigna politikoei jarraitzen omen diete-eta, Estatuaren izen ona zikintzeko eta euren burua errugabetzeko asmoz. Bien bitartean, ikerketak, salbuespen txalogarrietan izan ezik, estatu demokratikoarenak ez diren oztopo desegoki ugari jasan behar izaten ditu. Oztopo horiek—Nazio Batuen torturari buruzko kontalarien eta Europako Kontseiluko TPBren txostenei esker ezagutzen ditugunak—Estrasburgoko epaiek adierazteaz gain, beste zerbait jartzen dute agerian: geldotasuna.

Arartekoak berak jakinarazi berri du, erabaki ofizial batean, torturaren arazoak egun duen garrantzia ukaezina eta premiazkoa dela, horren larritasuna erakusten duten hiru azterlan nagusitan oinarria harturik. Horietako azterlan bat, Tortura: hurbilketa zientifiko bat 200-2008 izenburupekoa, auzitegiko mediku-talde batek egin zuen eta tortura-salaketen eta hiru aldagairen artean korrelazio handia dagoela erakusten du. Aldagai horiek honako hauek dira: atxiloketa egin duen polizia-kidegoa, komunikaziorik ezaren iraupena, eta egon dauden prebentzio-protokoloak aplikatu diren ala ez.Kargurik gabe aske utzi zituzten atxilotu askok torturak eta tratu txarrak salatu zituzten. Bestalde, TPBren txostenek adierazten dute komunikaziorik ezak torturatzeko arriskua askoz gehiago handitzen duela eta hori ikertzen zailagoa den testuinguru bat sortzen duela.

Auzitegi Nazionalak berak ere zalantzan jartzen du Egunkaria kasuan zergatik ez ziren tortura-salaketak ikertu. Ez da terrorismo-arloko torturen kondena bakar bat ere egon 1995eko Zigor Kode berria indarrean sartu zenetik Portu eta Sarasolaren kasua izan arte. Zeren zain gaude arazo larri horri merezi duen zintzotasunez ekiteko? Non gelditzen da sentsibilitate demokratikoa eta hau bezalako giza eskubideen urraketa larri baten biktima orokorrenganako errespetua, atxilotu izanaren arrazoiak edozein direla?

Hala eta guztiz ere, egungo gobernuak, aurrekoek egin zuten legez, Espainiako Erresuman torturarik ez dagoela behin eta berriro errepikatzen du. Baina ez du ez ikerketa serio eta askea egiten, ez eta nazioarteko erakundeen gomendioei jarraitzen, eta are gutxiago, ez dute, gure ingurune hurbileko beste herrialde batzuek egin duten bezala, ikerketa-mekanismo askea ezartzen. Zergatik?

Espainia eta Euskadiko gobernuek tortura desagerrarazi eta ikertzeko egiazko borondatea erakutsi behar dute. Horrela izan ezean, salaketak ez ikertzeagatiko kondena eta Espainiako Estatua zalantzan jartzen duten nazioarteko txosten gehiago etorriko dira.

Burua hegal azpian ezkutatzea ez da arazoari ekiteko modua. Ausardia behar da torturari aurre egin, onartu eta mugak jartzeko. Urteetan zehar pilatu eta barneratutako arazoa da, eta horren existentziak gero eta gehiago eragiten dio demokraziaren muina moralari. Horretarako lehen urratsa arazoa azalaraztea da: ikertzea. Ikerketa askea, salatutako kasuei, biktimen eskubideei eta prebentzioari buruzko erabakiak hartzen lagunduko duena. Eta horren nondik norakoen egiazko irudia emango diguna. Posible da. Txilek egin zuen, egin, Valech Batzordearekin. Zenbat urtez jarraitu beharko dugu zain?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.