Espainiako bandera

2013ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Sanferminak bete-betean, 1936ko uztailaren 11, larunbata. Nafarroan dabil Contreras jauna, Iruñera hurbildu da, baina ez sanferminak pasatzeko asmoz etorria. Kapitaina, falangista eta Errepublika zangoz gora jartzearen aldekoa da, eta horretara etorri da kolpismoaren kabi honetara. Kapitain-falangista-kolpista, hizketan bere mintzakidearekin, zertarako dabilen borrokan, bere helburuetako batzuk jalki ondoren, hara zer dioen: «…peleo para que mi bandera luzca en los días del Corpus, en los gallardetes de los Sanfermines, en los botes de tomate y en los estancos» (1).

Falangismoaz, hau da, faxismoaz gain, gorri-horia ekarri eta ezarri nahi zuen. Gure bihotzetan iltzatu.

Contreras kapitainak eta bere lagunak egun batzuetara eman kolpeak garaipena laster izan zuen, astebete batera hain juxtu. Eta hiru urteren buruan Espainia guzia bere zuten. Ez zen errukirik izan, latz ordaindu zuten etsaiek. Hala ere, ez Imotza eta ez Basaburura ez zen Contreras jauna bere bandera ekartzera etorri, ez zuen beharrik ikusi, dirudienez.

Contrerasen planak aurrera atera ziren, baina nik ez nuen ezagutu dilindan ez Imozko eta ez Basaburuko udaletxeetan banderarik, ez Nafarroakorik, ez Espainiakorik eta ez udalekorik. Beharbada gerra ondoretxoan? Ez, ez, orduan ere ez, ez baitzen Contreras Kapitaina inoiz iritsi lurralde honetara. Faxismoa iritsi zen, baina Contreras jauna ez zen gorri-horia ezartzera etorri. (Esan beharra dago, ez gerra baino lehenagoko urteetan eta ez ondoren ere ez dela banderarik ibili ez udal hauetan eta ez alderdi honetako beste udal gehienetan ere).

Urteetan guregana etorririk, Imozko udaletxea inauguratu zenean, 1992. urtean, Nafarroako Gobernuko lehendakaria gonbidatu zuen Udalak, baina ez zen etorri; lehendakariordea igorri zuen.

Udaletxe zaharretik berrira, eraikin berria inauguratzera, autoritateak eta jendea, prozesioan. Eta buruan alkatea Udalerriko banderarekin. Soil-soilik udalerriko bandera, kutxa batean gorderik egon zena urteetan. Eta hara zer esan zidan Nafarroako lehendakariordeak:

—Nola ez duzue eramaten ikurrina?

—Inoiz ez dugu jarri izan udaletxean; izan ere, ez baitugu. Eta beste banderarik ere ez.

—Ba, leku aproposagorik… eta gaur bezalako une egokiagorik… nekez.

Contreras jaunaren berririk ez genuen oraindik hemen.

Orain, berriz, Imozko eta Basaburuko Udalek hartu dute Nafar Gobernuaren gaztigua, hamar egun baino lehen jartzeko Espainiako bandera (Nafarroakoa eta Udaletakoa barne) Eta hauek jarri ez, eta tribunaletara jo du. Horretan geldituko balitz dena, gaitz erdi, mehatxuak latzagoak baitira.

Ez nuen uste inoiz iritsiko zenik Contreras kapitaina. Tomate poteetan gorri-horia ikusi nahi zuen faxistaren itzalik ez zen orain arte agertu, baina...

Gauza serioez ari gara, serioegiez, hain axolagabeki edo hain gaizki onartutako lege baten betearazteaz dihardugularik.

Legeak behar dute izan gauzak bideratzeko, zuzentzeko, gizartearen onerako, baina ez desbideratzeko, okertzeko eta ad hoc, nahi bezala, ibiltzeko. Dirudienez, hemen, berriz ere, Jose Antonio Primo de Rivera dugu gure artean bizirik, presente! Beste modu batez esan dezadan: Contreras jauna iritsi zaigu Basaburu aldera, bidezidorren batetik. Zergatik? Zertarako?

(1) Rafael Garcia Serrano, nafar idazle falangistaren Plaza del Castillo nobelako protagonistetako bat da Contreras Kapitaina. Espainiako banderen kontua serio hartzen zuen nobela falangista honetako protagonistak.

Nafarroako sozialistek ere serio hartu dute banderen kontua; egia esan behar bada, beti hartu izan dute serio Espainiako bandera, trantsizio garaian banderak trapuak zirela eta aberria tontoendako kontuak zirela esaten baziguten ere. Horrela dira gauzak, beti bezala, jakina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.