Espainiak ez omen daki hemen torturatzen dela

2018ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Gaur, otsailak 13, Estrasburgoko Giza Eskubideen epaitegiak beste behin erabakiko du espainiar estatuan gertatutako tortura kasu bati buruz. Kasu honetan, Igor Portu eta Mattin Sarasolaren aurkako torturak dira Estrasburgon ikusi eta erabakiko dituztenak, espainiar estatuko epaitegiek, epaitu eta inplikatuak absolbitu ondoren.

Igor Portu eta Mattin Sarasola 2008ko urtarrilaren 6ko eguerdian atxilotu zituzten Arrasaten. Hamabost ordu geroago, urtarrilaren 7ko goizaldean, 03:56an, Donostiako ospitaleko UCIra eraman zuten Igor Portu. Mattin Sarasola artatu zuen auzitegi medikuak ere lesioak zituela egiaztatu zuen. 2011n, Espainiako Auzitegi Gorenak, torturen egileak absolbitu zituen.

Justiziak ez dakigu, baina justizia poetikoak ezin egokiago hautatu du sententziaren data; duela 37 urteko otsailaren 13an Joxe Arregi hil baitzuten, atxilotuta zegoela sufritutako torturen ondorioz. Joxe Arregi hil arte torturatu zutenean, komisaldegiko buruak dimititu behar izan zuen, gertakariak eragindako mugimendu sozialaren ondorioz. Torturetan parte hartu zuten 72 polizietatik bost atxilotu zituzten, azkar aske uzteko. Epaitu, bi polizia besterik ez zituzten epaitu, eta zazpi hilabeteko zigorra jaso zuten, baina epaia errekurritu ondoren aske geratu ziren espetxea zapaldu gabe. Hau da Euskal Herrian gertatu diren torturen kasuen ondorioa: epaiketarik eta azterketarik ez, ukazioa, torturatzaileei babes politiko eta poliziala, eta, justizia, bere lana egin beharrean, egitateak ezkutatzen.

Estrasburgoko epaitegiak, zortzitan esan dio espainiar estatuari tortura kasuak ezin dituela ikertu gabe utzi, oso larria dela torturak egon daitezkeen susmo hutsa. Kasu honetan ere, espainiar estatuak muzin egiten die Estrasburgoko erabakiei, kasuz kasu kondenatua den arte. Amnesty International erakundeak espainiar estatua sartzen du behin eta berriz tortura erabiltzen duten estatuen artean, eta azpimarratu du sistematikoak direla.

Duela oso gutxi, Eusko Jaurlaritzak plazaratutako txosten batek 4.113 tortura kasu egiaztatu zituen, espainiar gobernu ezberdinek tortura estrategia gisa erabili izan dutela frogatuz. Politika egiteko modu bat izan da torturaren erabilera. Argi dago, identifikatu diren 4.000tik gorako kasu horientzat justizia eta erreparazioa beharrezko direla. Tamalez, espainiar estatua eta hori azken urteetan gobernatu duten bi alderdi politikoak ez daude prest errealitate honi aurre egiteko; aitzitik, arbuiatu egiten dute. PSEk txostena argitaratu zen egun berean zioen honek ezzuela zehaztasun zientifikorik, eta ez zuela horrelako txostenik onartuko. Joan den ostiralean, otsailak 9, PPk Eusko Legebiltzarrean ekimen bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak txostena erretira zezan eskatuaz.

Estatu batean tortura egoteak demokrazia falta latza erakusten du, baina gainera, hainbeste tortura kasu frogatu eta gero errealitate hau ez onartzea are eta larriagoa da. Aipatu txostenak 1960tik egon diren tortura kasuak aztertzen ditu, sistematikoki atxilotuek komisaldegietan jasan behar izan duten torturez.Espainiar estatuak ez du kasu bakarra aitortu, are gutxiago ikertu. Nazioartetik behin eta berriz esan izan zaio tortura kasuak ikertu behar dituela, justizia eta erreparazioa emanez tortura jasan duten biktimei. Badirudi, beste behin ere, Estrasburgoko epaitegiak gogorarazi beharko diola espainiar estatuari demokrazia bat izateak zer suposatzen duen, Bilbo eta Donostiako apezpikuek gogorarazi zuten bezala, «torturaren bidez defendatzen den gizarteak, bere oinarriak suntsitzen ditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.