Espainiak eta Frantziak eman behar dute hurrengo pausoa

2011ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Etorri da ETAren iragarpena, hainbeste esperotakoa, eta nazioarteko bitartekariek une egokian hala eskatutakoa. Horiek uste osoarekin eta etengabe aritu dira lanean, helburu bakar bat zutela akuilu: elkarrizketarako gertaleku bat ezartzea, euskal gatazka politikoari konponbide bat emateko, bide zibil, baketsu eta demokratikoak erabilita eta gizabanako guztien eskubiderik oinarrizkoenak erabat errespetatuta.

Halako aldaketa bat zilegi izan da, besteak beste, politikako, gizarteko, kulturako eta beste hainbat alorretako eragile ugariren ahalegin egonarritsuari esker. Jarrerak hurreratzen eta estrategiak eztabaidatzen aritu dira, bidea libre uztearren oro har euskal gizarteari, ezinbestean elkarrizketaren gertalekuan parte har dezan, euskal auzi politikoan nahasita dauden estatuekin batean.

ETAren iragarpena pauso ona da, etorkizun baketsu bat eratzeko Euskal Herrian. Hala ere, txikiegitzat eta garrantzigabetzat jo dute zenbaitzuek, politika aldetik tokiz kanpo utzi baititu iragarpenak, nor bere esanen preso, ikusirik zilegi dela ganoraz jorratzea hainbat gai sakon: hala nola Euskal Herriaren baketze eta normalizazio politikoa; euskal herriaren erabakitzeko eskubidea; eta behin betiko bakea lortzea.

Azken urteotan, euskal gizarteak espazio publikoan aldarrikatu ditu bere hizkuntza eskubideak, prentsa askatasuna, eskubide politiko, zibil eta sozialak, euskal presoen sakabanaketa amaitzea eta egia historikoari indarrean iraunaraztea. Euskal gizarteak eskatua du, era berean, amaitzeko behingoz gatazka politikoa eta hura konpontzeko indarkeria, nonahitik datorrela ere.

Etorkizunean ez dute balioko galdakizun amaigabeek, edota gatazkan nahastutako alderdien aitzakia etengabeek, elkarrizketarik gerta ez dadin. Ezin ulertuko luke munduko inortxok, euskal gatazka politikoaren izaeraz zeharo jabetuta baitaude. Alde horretatik, lehen iragarritakoaren lekukotasun bizia dira: batetik, ETAk onartutako armagabetze egiaztagarri baten iragarpenak prentsan eragin dituen ondorioak; eta, bestetik, nazioz gaindiko erakundeek egindako eskeak, Euskal Herriaren normalizazio politikoan bitartekari aritzeko.

Euskal gatazka politikoan nahasitako estatuek, bada, dagokien neurrian jardun beharko dute, ezingo dira ezkutatu, eta ezingo dute ez ikusiarena egin. Epaileapelaezina izango da Historia, euskal gatazka politikoaren inguruko gaur egungogertakizunen berriemateko orduan; eta estatu biotako gaur egungo zein etorkizuneko herritarrentzat negargarria izango litzateke ikustea beren buruzagiek etaordezkariek ez zutela izan elkarrizketa mahai batean parte hartzeko adinako nortasun politiko, intelektual eta moralik, helburu bakartzat hartuta gatazka politikoa amaitzeko eta herri baten nortasuna eta nazio baten eskubideak aitortzeko. Horregatik, bada, Espainiak eta Frantziak eman behar dute hurrengo pausoa.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.