Konkistatzailearen eskubidea. Kastillak Nafarroako erresuma konkistatzea XII. mendean hasitako prozesu luze bat izan zen, konkista gaztelau batzuen bidez. Baina, Fernando Katolikoa Aragoiko erregea izan zen Nafarroako erresumaren, euskaldunon erresumaren behin-betiko inbasioa proiektatu, sustatu eta exekutatu zuena, 1512an Kastillara anexionatuz.
Fadrike Toledokoa, Albako dukea bezala ezagunagoa izan zen Erresumaren okupazio militarrari tropekin ekin zion jenerala. Bazituen gudarostean 2.500 zaldizko, 12.000 infante, 1.500 lantza eta artilleriako 20 pieza beren zerbitzariekin. Bere agintarien artean agertzen zen Antonio Acuñakoa, Zamorako apezpikua, beste 400 gizonen aitzindari, «demostratu nahirik letren estudioa ez zela gerrarekiko bateraezina». Izugarrizko kontingente militar honetaz gainera, Behe-Nafarroaren aurkako kanpainari ekin aurretik, beste 300 zaldizko eta 2.900 infante atxiki zitzaizkion. Horra Nafarroako erresuma Kastillak inbaditua, konkistatua eta suntsitua. Nafarroan ziren gaztelu guztiak murriztu zituzten. Ondorioz goreneko karguak erresumari arrotz zitzaizkion gaztelauen guztiz konfiantzazko pertsonei esleitu zitzaizkien, hala nola Nafarroako altxortzain nagusia, apezpiku bikarioa, Errege Kontseiluko lehendakaria, alkateen ordezkotza hartzeko erregidoreak etab., etab. Orduz gero, gure subiranotasuna berreskuratu nahi izan edota gure arauak errespetatuak izan daitezen saiatu garen bakoitzean, engainatuak, oinperatuak eta menperatuak izan gara. Indar ofentsibo iraunkorrik (armadarik) gabeko herria behin eta berriz indar militar okupatzailez menperatuak izan gara gaurdainoxe, erabateko kolonia bihurtu arte.
Euskal foruak indargabetzea. 1839ko urriaren 25eko legearen bidez, Euskal Herrian ere Konstituzio espainola promulgatu eta Foruak abolitu egin zituzten eta euskal aduanak Ebrotik kostara aldatu. Lehenengo aldia zen testu legal batek batasun konstituzional espainola lehenesten zuela euskal foruak aintzat hartu gabe. Euskal egitura foralak oskol huts bihurtuzituzten. Euskal nazionalismoarentzat lege hau izan zen «antzina eta betiko subiraniaren galtzailea». Gaur, bidezkoa denez, euskal Estatu errepublikar bezala aldarrikatzen dugun antzina eta betiko subiranotasun bera.
Frankismoa. Frankisten errepresioa bereziki odoltsua izan zen Nafarroan, non fronterik ez zen izan: Sei bat mila pertsona erail zituzten hainbat exekuzio gunetan: Carrascal Mendatea, Erreniega Mendatea, Azazeta, Bardea, herrietako hilerriak... Faxismoaren garaipenaren ondoan, Kaudilloaren boterea erabat guztizkoa izan zen. 1939ko abuztuaren 8tik aurrera, legez zegozkion botere legegile, exekutibo eta judiziala. 1939ko maiatzetik 1940ko maiatza bitartean, ehun mila errepublikar izan ziren heriotzara kondenatuak eta exekutatuak. Bilbo hartu ondoren, Duesoko espetxean egunero 42 gudari exekutatzen zituzten. Frankismoak zintzo jarraitzen zuen euskaldunekiko gorrotoan. Euskara Euskal Herri osoan debekatu zuen erabilera ofizialetan eta irakaskunzan. Frankistek ez zituzten errespetatu euskal hilerrietako ez hilobi, ez eta panteoiak ere. Agintari militar eta zibilen aginduz kare eta zementuz estali zituzten edota zizel eta mailuz ezabatu euskarazko izen eta inskripzio guztiak.
Euskaldunok gure zorigaiztoko bizitza libertaterik gabe hezurmamitu dugu, lehenengo gaurko Espainia kontzeptuaren ama nazioa izan zen Kastillaren gerra eta inbasioen bidez, eta gero Espainiaren beraren bidez. Euskaldunok onartu beharra daukagu Madrilek inoiz ez digula demostratu euskaldunok bizikidetza plural eta demokratiko batean bizitzeko konbentzimenturik. Inoiz ez. Eta ez dirudi konbentzitzeko asmorik izango dutenik ere, areago, nahiago gaituzte menperaturik, eta inoiz, nahi izan gaituzte kasik esterminaturik.
Euskal Herriaren eta Espainiaren arteko mendetako gatazkaren zitalkeriarik mingarriena da Espainiak inoiz ez duela planteatzen aipatu gatazka erabaki beharreko arazo bezala, baizik eta jasan beharreko gaitz kroniko bezala. Esan nahi baita, bere baitan Euskal Herria ez dela existitzen nazio historiko bezala, bere kausa, zapalkuntza endemiko eta erreibindikazioekin, eta bai zapata espainoletik erauzi ezin duen harri koxkor deseroso bezala. Kontua da gatazkaren errealitate gordina ukatu eta kontingentzia gutxi-asko gogaikarritzat kontsideratzen duela. Bai, betiereko Espainia biblikoa, hautsi ezinezko fede bihurtua eta, beraz, eztabaidaezina. Espainia porrot egindako Estatua da, bere historia tragikoan zinez frogatu duena bere biztanleentzat orain aldi eta etorkizun baketsu eta oparoak eskuratzeko inoiz ez dela gai izan. Beti gidatu gaituzten gobernu espainolak diktatorialak izan dira edota mentalki hirugarren mundutarrak. Estatua antolatzeko orduan XIX. mendeko pentsamoldeak erabiltzen dituzte. Arrazoi zuen Miguel Maurak: «Gure patua da amaigabeko periodo konstituziogile asaldatuan bizi beharreko nazioa izatea». Noiz arte abusatu behar dute gure pazientziaz?
Espainia, porrot egindako estatua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu