Espainia marka

Juan Mari Aizpurua
2015eko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Filipinetara joan aurretik irakurria nuen bertako heroi Jose Rizalek (1861-1896, Calamba, Laguna) idatzitako Mi último adios (Nire azken agurra). Bere exekuzioaren (Bagumbayan, Manilan, 1896ko abenduaren 30ean) bezperan idatzi zuen. Han bertan, Rizali buruz informazioa eman zidatenei Sarek argitaratutako Sakabanaketaren liburuxka eman nien. Mende luze bat pasatu eta gero, Rizalekiko Espainiako orduko jarrerak eta euskaldunekiko gaur egungoak antz handia dutela agerian gelditzen zitzaigun informazioa elkarri trukatu eta gero.

Bi-hiru urte zituela gaitasun handikoen hainbat ezaugarri azaldu zituen Rizalek. Formazio anitzetan trebatua izan zen: artean, sendakuntzan, filosofian... Idazle eta poeta moduan ondare bikaina utzi zuen. Eskulturan, pinturan eta hizkuntzekiko ere gaitasun berebizikoa erakutsi zuen. Hogeita bi hizkuntza menperatu zituen.

1887an idatzitako Noli me tangere, (Ez nazazu ukitu) liburuan Espainiako despotismo feudala kritikatu zuen. Liburua debekatuta izan zen, eta irakurleak zigortu zituzten. Guardia zibilaren-eta gehiegikeriak La Solidaridad egunkarian salatu zituen behin baino gehiagotan. Gehiegikeria horietako batzuk bere familiari eginak izan ziren.

1887-1892 artean Calamba ia osoa domingotarren menpe zegoen. Bertakoek kexu ziren fraideek jartzen zieten zergengatik eta Rizali laguntza eskatu zioten. Gobernuari bidalitako memorandum baten bidez, nekazarien egoera eta fraideen gehiegikeriak salatu zituen. Fraideek alkatea zigortu zuten eskualdea gerra legepean ez jartzeagatik eta bere burua zuritzearren, alkateak Guardia Zibila bidali zuen.

Domingotarren alde ebatzi zuten Madrilen. Eta erantzuna gogorragoa izan zen: Armadaz baliatuz, fusila eskuan 300 bat familia bere etxeetatik kanporatu zituzten. Fraideek erabaki zuten zeinen etxeak suntsitu eta zeinenak erre, eta Rizalen gurasoena ez zen libratu. Atxiloketa eta kanporaketa asko izan ziren, horien artean Rizalen aita, hiru arreba eta familia zabaleko hainbat kide. Orduko gobernadorea Valeriano Weyler zen, Harakin kubatarra ezizenez ezaguna. Gertaera horien eragina El filibusterismo (1891) liburuan islatzen da.

1892an, Liga Filipina elkarte erreformista sozialaren zirriborroa idatzi zuen. Elkartea osatu eta hiru egunera atxilotu zuten Rizal. Liga Filipinak oso gutxi iraun zuen, baina horretan oinarrituz, Manilako langile Andrés Bonifaciok lehenengo alderdi iraultzailea antolatu zuen: Kapitunan. Aipatu Ligak malaiarrek eta espainolek legekontsiderazio berdina izatea, bertako kleroaren lehentasuna eta Filipinak Espainiako kolonia izateari uztea eta probintzia izatea eskatu zituen. Horrek aukera emango zion Gorte Orokorretan egoteko, eta adierazpen askatasuna zein elkartzekoa izateko ere.

Mindanao uharteko Dapitanera izan zen kanporatua, mugimendu subertsibo bat antolatzeaz eta masoia eta ateo izateaz akusatuta. Salaketa horren erantzule nagusia urtetan gogorki Rizalen aurka aritu zen Bernardino Nozaleda artzapezpikua izan zen. Kanpoan igarotako urteetan ez zen geldirik egon Rizal: hainbat lanketa zientifiko egin zituen, hiriaren garapenerako plan batzuk landu, idazten eta margotzen jarraitu zuen, margolan eskola bat eta ospitale publiko bat ireki, eta oftalmologo lan egin.

Gobernu espainolaren senideak zigortzeko grina basatia aspalditik dator. Rizalen ama errugabea, Teodora Alonson y Quintos, faltsuki akusatu eta mendeku gisa erabili zuten, eta bi aldiz zigortu. Kartzelarako bideak egin behar izan zituen oinez, 20 eta 85 kilometro hurrenez hurren. Lehenengoan, Rizalek 10 urte zituela, bi urte eta erdi pasatu zituen barruan. Bigarrenean, 64 urte zituen, eta ia itsua zegoen. Laguntzera ausartzen zen edonor bertan akabatzen zuten. Bere egoera zela medio, berehala askatu zuten. Amari laguntzearren egin omen zen oftalmologoa. Bi begietako katarata ebakuntza arrakastatsua izan zen eta Filipinetako mugez haratago ezagunago bihurtu zen. Jende asko etorri zitzaion. Ordaindu ahal zutenaren arabera kobratzen zien Rizalek. Ebakuntza batzuk doan egin zituen.

Gero, Kubako gerran sendagile aritzeko egin zuen eskaerari baietza eman zion Donostian jaiotako Ramon Blanco Erenas gobernadoreak. Betekizun formalak betetzera Espainiara zihoala, iraultza lehertu zen Filipinetan. Itsasontzian bertan atxilotu zuten berriro.

Domingotarrek, bere botereaz baliatuz eta Nozaleda artzapezpikuaren laguntzaz, Blanco gobernadorea independentzia zaleekin biguna zela argudiatu eta haren tokian Camilo Polavieja jarri zuten, Rizalek heriotza zigorra jaso zezan.

Rizalen aurkako frogak lortzearren, Euskal Herrian ederki ezagutzen dugun metodoa erabili zuten: tortura. Torturatuen artean haren anaia Paciano zegoen. Beste batzuekin ez bezala, eta gogorki saiatu ziren arren, anaiarengandik ez zuten inongo akusaziorik lortu. Astebete behar izan zuen mugikortasuna berreskuratzeko.

Garatzen ari zen iraultzaren arima eta erantzule nagusitzat aurkeztu zuten: heriotza zigorra ezarri zioten. Prozesua erabat inkisitoriala izan zen.Retama historialariak horrela definitu zuen epaiketa: «... erretorikaz blai..., logika eskas..., eta zentzurik gabekoa». Epaiketa fartsa izan zen. Aurretik erabakita zegoena ebatzi zen.

Espainiak arrazoi asko zituen Rizal hiltzeko: Kubako iraultza giroa aurrera zihoan, Filipinetakoa kosta ahala kosta zanpatu behar zuten, eta boteredunek arriskuan ikusi zuten bere burua. Horrez gain, Rizal antiklerikala zen, eta liderrago eta iraultzaileago bilakatzen ari zen. Espainiatik kanpo krimentzat hartu zuten exekuzioa, eta bakerako oztopoa izan zela zioten. Blancok, jadanik gobernadorea ez zela, bere gerrikoa eta sablea eman zizkion familiari barkamen gisa, eta esan zuen bera karguan egon izan balitz ez zutela Rizal exekutatuko.

Retamak zioen bi Espainia zeudela: bat, handia, eskuzabala; bestea, beltza, ezgaia, gaiztoa, krudela eta fanatikoz osatuta, zeinaren aurrean ezin zen isilik gelditu. Ez al da hori hemen egunero agerian geratzen dena? —tortura, isilarazteko legea, epaiketa politikoak, makrosumarioak, ingeniaritza politikoa, ustelkeria...—. Mendez mende metatzen joan den zorotasunak eta zikoizkeriak edonondik gainezka egiten du, bere burua desakreditatu eta barregarri uzteaz inongo lotsarik sentitu gabe. Atzerrian ezagutzen gaituztenek badakite, Rizal baino iraultzaileagoak garen euskaldunontzako —probintzia zaleak soilik ez garenontzako— Euskal Herrian bertan badagoela Bagumbayan bat .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.