Ezustean harrapatu ninduen lagunaren esaldiak, eta une batez sakon aztertu nuen haren bisaia, ea haren hitzak benetan esanak ziren, ala ironiarik kritikoenaren soinpean: «Izan ere, Espainia gara eta». Ez, ez zuen esan «Espainian gaude, halabeharrez», edo «Espainiaren menpe gauden artean». Ez. Arrangurarik gabe eta leun-leun lagunari eztarritik lerratu zitzaion aditz xumeak harritu eta larritu ninduen, «gaude» esatetik «gara» esatera dagoen alimaleko aldeak.
Inoiz zalantzarik izan ez dudan arren ni zer naizen neuk erabakiko dudala, eta, kasu honetan, euskalduna naizela soilik, beste epitetorik gabe, euskal arazo nazionalaren eboluzio politikoaren harira ikusia zegoen iristear zegoena. Behiala herri soberanoa ginela, baina konkistatuak eta menderatuak izan ginen kontzientzia galtzen joan da, ez delako gure historiaren transmisiorik egin, eta aspaldi abiatu zen asimilazio prozesuak, potentzia inperialisten biolentzia, sarraski eta mehatxu hutsez mendeetan gauzatu denak bere fruituak eman ditu.
Baina hori hasieran izan zen, zeren gero, onurak eta pribilegioak banatzeko ahalmena egoki erabiliz metropoliak asmatu baitu menderatuon arteko esparru eta elite esanguratsuen oinarrizko kolaborazio bat, zapalkuntza legitimatzeko, kultura propioaren suntsiketa normalizatzeko (denok dakigu ezinbestekoa dela txikiak, xarmanta izanagatik ere, handiari leku egitea), eta are gehiago: argumentuetan jauzi miragarri bat emanik, sinetsarazi nahi izan digute hori guztia guretzat ona zela, beti desabantailan egonen ginela geure herria soilik gobernatu eta antolatuko bagenu, inoren esku-hartzerik gabe. Eta nire gisako egoskor saldo bat ezik, gehientsuenen gogoan ideia hauek txertatzea lortu dutela nabaria da.
Nik bihotz erdibitu baten saminez sentitzen dut gure herriari eragin zioten ebaki politikoa, muga bidezko haragi-etena, bi kultura eta bi hizkuntza arrotzen inposaketa basatia eta kriminala. Bi lege-esparru ezberdinetako euskaldunak elkarrengandik deserriratu egin gaituzte, elkarren ezjakin bihurtu. Eta gogoan lurralde osoaren irudia dudan arren, nire analista begiek hegoaldea soilik dute ezagun eta azterketa-gai. Zati horretan pairatu dugun hauteskunde mozkorraldian oso nabarmena izan da Espainiak guretzat hartu duen nagusitasuna, zentraltasuna, ezinbestekotasuna.
Errepikatu digute gogaitzeraino zein garrantzitsua den Madrilen eserleku asko lortzea, guretzat onak diren kontutxoak negoziatzeko. Menpekotasuna sendatuko balitz bezala are menderatuagoa izaten; tratu txarrak jasaten ari den emakumearen errezeta senarrarekin are denbora gehiago igarotzea balitz bezala, negoziatzen, agian, kolpea han ez, hemen eman diezaion, eta leunago, mesedez.
Errepikatu digute faxismoaren mehatxua, horretan euskaldunok ezberdinak garela, gu faxismoaren hilobi eta azken langa. Baina espainolak erdia pasa faxistak badira, zergatik ukatu behar diezu gobernu faxista baten pean bizitzeko plazera? Eta espainol ezkertiarrak epel hutsak badira, zergatik emango diezu hauspoa ezdeus izaten jarraitzeko? Guretzat onuragarriena da Espainiaren tirania nola kendu behar dugun gainetik; eta berdin Frantziarena: planteamendu politiko interesgarri bakarra gaur egungoz.
Gure izaeraren espainoltze prozesua aspalditik dator, eta esparru guztietan gauzatzen da. Esango nuke trantsizioa deitzen dioten horren hasieratik datorrela, nabarmenduz eta sakonduz urtero-urtero. Euskal telebistak asko lagundu du horretan, albisteak antolatzeko duen joerari begiratuz soilik: «Bilbon sute bat piztu da...; Cadizen ume bat ito da igerilekuan...». Albisteak onak dira nazio baten geografia ikusleen garunean txertatzen. Halere, ni asko harritu ninduen unea izan zen Euskaltzaindia esaten hasi zenean espainol hizkuntza ere hemengoa zela, erakunde autonomistetatik berretsi eta osatu zutena gainera: espainola eta euskara askatasunean bizi zirela, berdintasunean, oreka onean. Idazle batzuek ere hasi ziren mezu hori errepikatzen, tartean komertzialenetako batzuk, esportagarri izateak euskal nortasunaren murrizte bat exijituko balu bezala: «Espainola onar ezazu zure hizkuntzatzat, bestela jai daukazu gurean».
Gaur egun ez dago ia pertsonaia publikorik euskaldun soil eta huts gisan ageri denik, Espainiarekin zituen menpekotasun-kate guztiak apurtu dituena, haietako askok Mikel Laboaren Apur ditzagun kateak ezagutu zuten arren. Ahaztu dituzte kantari miretsiaren aholku onak. Euskaldun bai, baina... Eta horren ostean asimilazio kultural eta politikoa sendotzen duten amarralekuen zerrenda luzeak datoz: euskal literaturaren ezagutza eza, taberna eta jaietan musika espainolarekiko atxikimendua, Espainiako liga eta Erregearen kopa, erakunde eta hauteskunde espainol guzti-guztietan parte hartzea, eta, gaindika, besteei ere botoa emateko eske tematia, sinetsi eta sinetsaraztea gure arazo guztiak Madrilen dutela konponbidea, hala nola euskarak, presoek, selekzio ofizialek, ekonomiak, pentsioek, arrantzak, kontzertu ekonomikoak, lurraldetasuna deitzen duten zatarkeria semantikoak... Madrilen jokatzen da gure etorkizuna! Barka? Nola? Ez nazazue diazepan dozena bat hartzera behartu!
Gure asimilazioaren albisteak ugariak eta egunerokoak dira, hedabide guztiak irensten dituzte itxaropenari leku gutxi utziz. Itsasoak ez du esperantzarik. Eusko Ikaskuntzak argitaratu du liburu bat, Aniztasuna eta bizikidetza Nafarroan, jende jakintsuaren erantzun zorrotzak izan dituena, non esaten den espainiar nazionalismoa eta euskal nazionalismoa biak direla zilegi demokrazian, esaldi bakar batean Nafarroa subordinazio egoera tamalgarri batera ekarri duen zortzi mendetako historia genozida ziplo ezabatuz.
Andoni Tolosa Morau-k Hernaniko Kronika-n argitaratu duenez, 30 urtez astero joan izan den tabernara joateari utzi dio, barmana espainolez hitz egiteko eskatzen hasi zaiolako. Eta euskararen mugak non dauden ederki zehaztu du: «Zurito bat gasarekin eta beltza urtekoa; horixe zen hizkuntza-eskakizun maila». Laster euskaldun hutsa izatea heroismo osoa izango da.
Ezustean harrapatu ninduen lagunaren esaldiak eta, bizitzan lehen aldiz, mutu geratu nintzen.
Espainia gara eta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu