Espainia, demokrazia kosmetikoa, ez egiazkoa

2011ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Alderdi Sozialistak eta Alderdi Popularrak Euskal Herria kontrolatzearren egindako aliantza ulertzeko, Madrilgo Kolon plazatik buelta bat eman besterik ez dago, eta begiratu alderdi biek altzairuzko haga batetik —19 tona eta 50 metro— eskegia duten bandera espainol erraldoia —290 metro koadro eta 25 kilo—. Banderari begiratuta, barregura sartzen zaio ezinbestean edonori, pentsatuta izugarrizko gutxiagotasun konplexua behar duela izan halako barregarrikeria baterako gauza den edonork. Izan ere, hain da itzelezkoa eta aspaldikoa arrastaka dakarten nortasun segurtasunik eza, non beren banderaren tamainaren bidez berresten baitute beren burua, nerabeen moduan jolasean ariko balira bezala ea nork duen luzeena.

Txantxa bat dirudi, baina ez da. Alderantziz. Bandera hori, berez, errealitatearen metafora bikaina da. Alegia, harrokeria halako bat, nolabait berdintzeko Espainiaren frustrazioa —izan nahi zuenak eta izan ez zenak ekarritakoa— eta azaltzeko alderdi nazionalista handi biek —PSOEk eta PPk— pintza erabili dutela, Sortuk hurrengo hauteskundeetara aurkezterik izan ez dezan. Ohar gaitezen Espainiako Gobernuak, frogarik ez zuenez gero, asmoak epaitzera jo behar izan duela, eta hau esan: «Sortu ez da alderdi bat», baizik eta «formalki legea betetzen dutelako ahalegin etsia, ETAren presentziari etsi-etsian eustearren egina, jakina denez inora ere eramango ez duen etorkizun politiko batean». Eta, eldarnioraino iritsita, erantsi ere egin du ETAren estrategiaren parte dela Sortu, eta haren indarkeria gaitzespena «kosmetikoa, erretorikoa eta instrumentala» dela, «ez egiazkoa». Alegia, Espainiari ez zaio aski Sortuk ETAren indarkeria gaitzestea, nahiz eta sententzia judizialek hori galdegiten zioten ezker abertzaleari. Orain Espainiak nahi du, gainera, ezker abertzaleak bere ideologiari uko egitea eta herrien autodeterminazio eskubidea aldeztearen apostasia egitea. Behin horretaraino iritsita, merezi du erreparatzea Sorturen eta ETAren balizko bost loturei, gobernu horrek argudiatu bezala.

1. lotura) Sortu ETA «da», kartzelan izandako solasaldi batean hauxe esan baitzuten Jose Maria Compain Sortuko kideak eta haren seme Enekok: «Nahi genuen tokian dauzkagu». Esaldi ikaragarria, ezta? Txinan, agian heriotza zigorra ezarriko liekete halako zerbait esateagatik. Hala ere, horixe berbera diote Euskal Herriko eta Kataluniako milaka pertsonak: orain, indarkeria amaitu den honetan, diren-direnean agertzen ari dira sozialistak eta PPkoak: hauteskunde helburuetarako baliatzen dira ETAz.

2. lotura) Sonia Respaldiza Sortuko kidearen izena aipatzen da ETAko kide bati atzemandako agiri batzuetan; agiri horietan esaten denez, «litekeena izango litzateke hura komando armatu batean sartzea ere», eta horrek frogatuko luke Respaldizaren «erradikaltasunaren handia». Akusazio bitxia, agerikoa baita zuzenbide estatu batean ezin dela inor akusatu egin «lezakeenaz». Hori zilegi balitz, mundu guztia kartzelan egongo litzateke. Gizabanako batek bere egintzen kontu bakarrik eman behar du, sekula ez bere pentsamenduen kontu, erregimen totalitarioek bakarrik epaitzen baitituzte pertsonak egintzez harago. Kideetako baten pentsamendu «erradikaltasuna» oinarritzat hartuta alderdi baten parte hartzea galarazteak, berriz, auzo lotsa ematen du.

3. lotura) Iñaki Goioaga eta Arantza Zulueta abokatuak 2011ko otsailaren 7an Bilbon agertu izana, Sorturen aurkezpen ekitaldian; izan ere, gobernuaren arabera, Zulueta «ETAren kolaboratzaile zorrotz eta leiala izan zen». Argudio bitxiak, inondik ere. Zulueta ETAko kide bada, nolatan ez dago kartzelan? Kartzelatik ihes egin zuen, akaso, edo pertsona librea da? Eta librea bada, ez al zuen eskubiderik gogoak emandako edonora joateko, ekitaldi horretara joan ziren gainerako guztiek bezala? Frankismoak Lluis Llach eta Raimonen kantaldietan erakutsitako jarrera gogorarazten du, zeharo, praxi horrek.

4. lotura) Jose Javier Artola Sortuko kideak banku kontu bat du Euskadiko Kutxan, eta hori erabili zuten «ETAko presoen kolektiboari laguntzeko funtsen gordailurako». Noiztik da krimen bat diruz laguntzea presoen senitartekoak, Espainiako Gobernuak behartuta baitaude Euskal Herritik urrun dituzten kideak bisitatu ahal izateak dakarzkien kostuak pagatzera?

5. lotura) Sorturen estatutuak erregistratu zituzten hainbat pertsonak, 2011ko otsailaren 9an; horretarako, Madrilera joan ziren, «ETA-Batasunarekin zerikusia zuten bi pertsonak alokatutako bi ibilgailutan; horietako bati terrorismoan aritzea egotzia diote delitu gisa, eta gaur egun auzipetuta dago, erakunde armatu bateko kide izateagatik». Legearen zein artikulutan dago jasota pertsona batek, dena delakoagatik auzipetuta egon arren, ezin duela autorik alokatu? Legez kontrako zer egin zuten auto horretan joan ziren eta ezerengatik auzipetu gabekoak diren bi pertsonak? Legez kontrakoa al da Madrilera auto alokatu batean joatea estatutu batzuk erregistratzera?

Esandako horregatik guztiagatik, nabarmena da manifestazioek, jendetsuak izanagatik, ez dituztela gauzak aldatuko. Katalunian manifestazio doktoretza egina dugu, eta ez dugu ezertxo ere lortu. Askoz ere hobe da eraginkorragoa den zerbaitetan metatzea indarrak; esate baterako, taxuzko salaketa bat bideratzen nazioartean, PSOE eta PP —boterea banatzeko beren ahaleginean— Euskal Herriko hainbat pertsona libreri jartzen ari zaizkien oztopoak direla-eta hauteskundeetan parte hartzen ez uztearren. Espainia sutan jartzeko, zer hoberik, benetan zer-nolakoa den jakinaraztea baino: demokrazia kosmetikoa, erretorikoa, instrumentala, ez egiazkoa.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.