Espainia beldur da

2017ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Irakurle hori, eskerrak Bartzelonak klima ezin hobea duen. Ia eguneroko eguzkiak eta tenperatura goxoek energiak berritzeaz gain animoak apur bat lasaitzen dizkigu, zeru urdina begiratzeko beti topatu baitezakegu unetxoren bat.Bihotzak bero-bero dauden une honetan, eta burua inoiz baino hotzagoa behar dugunean, zeruaren handitasuna animo-lasaigarri bikaina da.

Gure ingurura, mugikorrera, tabletera, telebistara edo egunkarira begiratuz gero tensioak gora jotzen baitu. Tensioa, urduritasuna, ezinegona, haserrea, ilusioa... dena nahasten da.Baten bat egongo da agian egoerahonengatik modu batean edo bestean afektatua ez dagoenik, baina nik oraindik ez dut topatu. Independentziaren aldekoa edo kontrakoa izan, berdin dio. Denok gaude tentsionamendu kolektibo honetan barneratuak. Eta ekaitzaren lehenengo haize boladetan gabiltzan susmoa dut. Atera kontuak.

Gaur, urriak 17 dituen egun honetan, Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez espetxean dira. Traperok, aldiz, mossoen buruak, espetxea ekidin ahal izan zuen atzo. Puigdemont eta Rajoy elkarri eskutitzak bidaltzen dabiltza, gauero hamarretan lapikokadak egiten dira; egoitza soziala aldatzen ari diren enpresen berri ematen digute egunero Espainiako hedabideek,112 laguntza telefono publikoak Reusen duen egoitzan Guardia Zibila sartu berri da, eguerdian kontzentrazioak egin dira lantoki bakoitzaren atean...Eta horrela ia-ia minutuero. Eta giro hau luzerako dela esaten dit sudurrak. Ez baitut epe motzeko konponbiderik ikusten.

Espainiak ez du bere jarrera epe motzera aldatuko. Harroegiak dira erroreak onartu eta jarrerak aldatzeko. Espainiaren batasuna arriskuan dakusate, eta horrek ez du diskusio biderik. Espainia handia izan zen lehenaldian, izugarria, eta handitasun hartatik gaur egun ezagutzen dugun erdi-behe mailako estatu bat bilakatu arteko prozesu dekadente eta konstante hori gainditutzat jotzen zuten.Independentistak zeudela onartu bai: Euskal Herrian asko, eta Katalunian ere bai, Galizian baten bat, baina tira, egoera kudeagarria zen, eta ez zen Espainia arriskuan ikusten. Kataluniak, ordea, arrisku eta beldur horiek esnatu egin ditu. Arrisku erreala baita. Eta aspaldiko partez, dekadentzia garaiak berpiztuz, bere lurraldearen parte bat berriz ere gal dezakeela ikusten du Espainiak.

Hori dela eta, gobernuak hartuko dituen neurri guztiekin bat etorriko dira alderdi era eragile gehienak Espainian. Haratago —sinistea zaila gerta bazaiguke ere, irakurle hori—, Rajoyk berak maiz jarri dio galga Katalunian zer egin behar duen aholkatzen dioten askori. Konstituzioko 155. artikuluaren aplikazioaren berri datorren astean emango du Rajoyk Senatuan. Goi ganbara horren onarpenarekin, eta aditu batzorde batek prestatu dion txostena mahai gainen daukala, banan-banan aplikatuko dituzte Kataluniako Gobernuaren aurkako neurriak. Pausoka eta tentuz. Emandako urrats bakoitzak nazioartean izango duen erantzuna aztertuz.

Puigdemont eta Generalitateko gainontzeko sailburuei aforamendua kendu eta barne segurantzako eskuduntzak birzentralizatzea izan daitezke lehenengo neurriak. Haien aburuz, Kataluniaren arazoa desagertuko da independentisten indar soziala eta politikoa gutxiengora eramatea lortzen dutenean. Nola? ANCren eta Omniumen antolaketa ahalmena oztopatuta edo legez kanpo utzita, beldur ekonomikoa areagotuta, alderdi independentisten batasuna hautsita eta, behar izanez gero, alderdi independentistak erakundeetatik aterata. Espainia ez dago eroso erakunde demokratikoen arteko lehia politikoan, eta, aukeran, munduko agendan dagoen gatazka politiko hau Kataluniako erakunde propioen eta kalearen arteko konfrontazio bilakatu nahi luke. PP, PSOE eta C's alderdiek agertoki edo amets hori daukate buruan.

Kataluniak, ordea, badu zer esana estrategia horretan. Izatez, Espainiaren estrategia horrek badu oinarrian hipotesi bat. Kataluniarrak nekatu/beldurtu egingo dira azkenean, eta prozesua hoztu egingo da kafean dagoen azukrea balitz bezala disolbatuz. Eta hipotesia faltsua bada? Eta nekatzen ez badira?

Prozesuak zazpi urte bete ditu. Eta nik ez dut ikusten herri honen bultzada behera egiten ari denik. Izatez, PP, PSOE eta C's alderdien estrategia horrek porrot egingo du, nazioarteko iritzi publikoaren parte bat kataluniarrek alde badaukate. Herri honen mobilizazio baketsuek munduko hainbat begirada hemen kokatu ditu, eta, hain zuzen, atzerritik Espainiari egin zaizkion eta egingo zaizkion presio zuzenek edo zeharkakoek agertokia alda dezakete erabat, aurrez planifikatutako 155. artikuluaren aplikazioari galga zorrotza ipiniz. Rajoyk hori badaki, eta horregatik egingo du pausokako aplikazioa. Ez du Katalunia nazioartearen aurrean biktima bihurtu nahi, agertoki horretan Espainiak baitu galtzeko gehien.

Erresistentzia zibila baino ez du Kataluniak. Baina, ondo erabilita, izugarrizko tresna da. Geraezina. Gainera, klima ezin hobe honekin, gauak kalean igarotzea ez da hainbesteko lana. Ukrainan egin bazuten, ez gara gu gutxiago izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.