Esnea, lehen briketik eta orain iturritik?

2015eko irailaren 1a
00:00
Entzun
Ez dakit galdera den, baieztapena edo bien arteko zerbait. Egindako agerraldian EHNEtik hala esan diogu Tejerina ministroari, «esnea ez da iturritik ateratzen». Umore beltza izango da akaso, esne zuriaren ekoizpenean lanean ari diren familia horien guztien egoera bezalaxe, beltza.

Baserritarron artean askotan esan ohi dugu «normala» dela, haurrei esnea nondik datorren galdetuta, brik-etik edo potetik erantzutea. Barrenean denok dakigu normala ez dena, gizartearen bilakaera gero eta urbanoagoa dela ikusita, ondorioak nabarmenak dira. Ez da erraza, baserriko bizimoduaren berri ematea, errealitateari fidela den argazki batekin.

Hezkuntza sistema beti da hizpide, etorkizuneko herritarrak aurreneko zirrimarra izatetik pasa eta modelatzeko erreminta nagusia izanik, aurreko belaunaldiak baino jakitunagoak eta adeitsuagoak izatea delako helburu. Mende erdia urrun ikusten dugunok ez gara hain pasa zaharrak artisau bide beharko lukeen industria kate horretatik. Esperientzia pertsonala baloratu beharko banu, zientzia eta teknologia gehiegi, eta non bizi garen ulertu eta balio lanketa gutxiegi.

Ditugun gabezia askoren aipua, nik baino hobekiago ezagutzen eta ulertzen duten profesionalen esku utzi, eta guri dagokigunari begiradatxoa eman nahi nuke. Jaiotzez baserritarra izaki, lehenengo sektoreari emandako trataeraren nondik norakoei interes bereziz jarraitzen nion. Hutsaren hurrengoa! Edukiz erabat antzua eta gehienetan testuinguruz kanpokoa. Naturaz hitz egiten zigutenean Afrikara begira jarriko gintuzten… Nola demontre jakin behar du kalean bizi den haur eta biharko helduak esnea nondik datorren? Behi denak ez direla pintoak? Pentsa zer-nolako aurpegia gelditu zitzaidan gaztetxo batek zezenaren atzean geundela «zer dauka hor zintzilik?» galdetu zidanean. Unean barre, baina zer pentsatu galanta ere bai.

Lehen esan bezala, normala beharko lukeenaren eta ohikoa dugunaren arteko diferentzia. Irakatsi behar dieten irakasleek ez baldin badute heziketarik gai hauetan, jolas arriskutsu batean sartuko gara. Argazkia ez da egiari zor zaiona izango. Batzuetan, erromantikotasunak baldintzatu, eta zuri-beltzean, txakurra ondoan, mandoa sokatik eta pipa ezpainetan duen artzaina azalduko da. Eta telebistatik edo aurreiritziek baldintzatzen dutenean ikuspuntu hori, haragia edo esnea sortzen duen nekazaritza industria baten moduan agertuko da. Animaliak hormonaz bete, belakiak balira bezala estutu azken esne tanta kendu arte edo ate batetik sartu eta txuleta forman ateraz, Simpsondarrek parodiatutako eszena balitz bezala.

Biak okerrak dira, ezjakintasunean oinarrituak. Baina zer espero behar dugu klase politikoari gauza bera azaltzen jardun behar badugu? Euskal Herriko baserritarrok azalean bizi ditugu Espainiako Gobernuan dauden arduradunak egotearen ondorioak.

Urte erabakigarriak bizitzen ari gara nekazaritza politikei dagokienez, Europan, NPB deritzonaren epealdi bat amaitu, eta berriari hasiera ematen zaionean. Bereziki garrantzitsua bihurtzen da momentua, sektorean bizi den gainbehera historikoa muturrera iristen ari delako, eta, ondorioz, politika hauek giltzarri dira onerako edo txarrerako.

Askotan hitz egiten da Europa neoliberalaz, merkatuen ekonomiaz, burtsek eta multinazionalek kontrolatzen duten sistema pozoituaz. Ez darama denbora asko karguan ministro andereak, baina bere aurretik zegoen Cañete jaunak bidea erakutsita utzi zuen. Benetan hain ezjakinak ote dira? Ziur naiz ezetz. Tentelkeria galanta litzateke, horrelako pertsona batzuk, ardura horietan jarri dituztenak, tenteltzat hartzea.

Espainiar Gobernuaren izenean, Europaren aurrean, dituzten ekoizleen beharren defentsa egitea izan beharko zatekeen haien lana, arazoei erantzuna emango dieten neurriak jartzea. Bai zera! Merkatuen, banatzaileen, industrien mende. Baserritarra beti mendeko harremanean bizitzera kondenatu nahi dute, laguntxoen artean dirutzak banatuz, baina kondena hori ez da beteko, ezingo baita inor horrela bizi eta desagerraraziko gaituzte.

Babes politikak jarri behar dira martxan. Ditugun instituzioek babes gaitzaten, eraso horien iturburua edozein delarik ere. Erreinuan izaten ari diren baserritarren mobilizazioak ikusita, neurriak jartzen hasiko dela esan du Tejerinak. Esne behi bakoitzeko diru laguntza bat emanez «egoera txarrean daudenei». Ministro anderea, nazkatuta gaude baserritarren diru laguntza xurgatzaile irudi hori indartzearekin, orokorrean kontrakoa egiten duzue eta! Eta bestetik, arazo estrukturalei ezin zaie aterabidea eman partxeak erabiliz. Ez ote da izango hauteskundeak horren gertu izanik sortu den haserre hori dena lasaitu nahi izatea? Ez, ez da posible, ardura politiko hori eman zaion pertsona batek etorkizunean pentsatuz egingo ditu urratsak, horien baitan milaka familiaren etorkizuna jokoan jartzen duela kontuan izanik, herri txiki eta landa eremuko bizimoduari zuzenean lotuta… Ez ote da posible?

Gure bidea egin behar dugu. Gure politika propioak landuz, ditugun baliabideak erabiliz Iruñeko eta Gasteizko gobernuetatik eta Foru Aldundietatik. Lurralde antolaketa eta garapena, adostasunak bilatuz guk diseinatu dezagun. Ekoizle, transformatzaile (bitartekariak eta industriak) eta azken erostunaren arteko zubiak sortuz harremanak errespetuzkoak izan daitezen eta ez mendekoak. Fideltasun hori garatu dezagun herria eta lurraren artean, erakutsi beharreko argazkian bezalaxe, Euskal Herrian baserritarrak lanean jarrai dezagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.