Eskuzabala jarreraz eta trazuz

J. Beltza, R. Egiguren, I. Kerman eta I. Zaratiegi
2020ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Gu ere hasiak gara alde egiten. Biologiak ez du barkatzen. Ustekabekoa, hala ere, itxialdi biriko hau izan da, galerengatiko mina areagotu diguna, hotzikara eragin arte. Jose Luis Zumeta Etxeberriak ere (1939ko apirilaren 19an Usurbilen jaioa) etxealdia pandemiaren erdian hautsi, eta alde egitea erabaki du. Zume 81 urte bete berritan joan da, bere buruarekin leial, diskrezioz, lanik eman gabe. Jende gorenak ez du espanturik behar izaten; ekintzetan azaltzen du bere nortasuna.

Apaltasunez ibili izan zen Zume bizi bitartean, zaratarik atera gabe. Baina pintzelak hartu zituenetik, gazte oraindik, bere jarrera zuhurrak gordeta zeramana erakutsi zuen: fantasia eta abstraziozko mundu koloretsua; forma, trazu eta ñabardurazko kromatismo hipnotikoa. Mundu hori, alde batetik, bere inguruko geografia naturaletik jaso zuen; bestetik, Joxean Artze bere adiskide eta auzolagunarekin (edertasunaren bila etengabe ibilitako arima bizkiak) Europan barrena Vespa batean egindako bidaian. Orduan, Londres eta Stockholmen bolada bat eman bitartean, arte kultua eta abangoardia aurkitu zituen.

Everybody loves you when you are dead dio kanta rockeroak, eta aintzazko koroa entzun da bere heriotzaren ondoren, baita burokrazia hotz eta etekintzalearen gailur garaietan ere. Baina Zumeta ez zen areto eta moketako artista, baizik eta kale eta jendarte bizikoa, eta etengabeko konpromisoa hartu zuen borroka eta aldarriaren aldeko herriartearekin. Usurbilen edo Pasaian egin zituen horma-irudi zeramiko goiztiar haiek berehala erakutsi zuten bere artearen jendetasuna.

Ildo horri jarraiki, Papiroak bilduma erakutsi zuen Donostiako San Telmo Abadia arranditsuan, eta 1999an hainbat lan zintzilikatu zituen San Martineko azoka zaharrean eta Zarauzkoan ere, barazki eta fruta postuen artean; besteak beste, Gernika deszifratu zuen hura. Bere lagun Mikel Laboaren disko azaletan ekarpen luze bezain zirraragarria eman zuen argitara. Artzeren liburu irudikorrean ageri diren txoriak berak marraztu zituen. Donostiako Jazzaldirako ere egin zuen kartel ederrik (1983, 1984). Bere biografia ofizialak galerietako erakusketa datez gainezka daude, baina ez dute, hala ere, barne hartzen bere pintzeletatik ateratako uholde konprometitu eta eskuzabala. Adibidez, Bilboko erakustazoka zaharrean, 1980an Komite Antinuklearren jaurdunaldietan, Bixente Ameztoy eta Karlos Zabala Arrastalu margolariekin batera, Lemoizen aurkako horma-irudi handi hartan hartu zuen parte; baita AHTren aurkako kartelean ere Bixente eta José Luis Zabala argazkilariarekin.

Txelo Larretxea bere laguna bitarteko, LKIk askotan jaso zuen bere sormenaren laguntza, (Che-ren heriotzaren 20. urteurreneko kartela, Combate aldizkariaren 500. zenbakiko serigrafia, Viento Sur aldizkariko 50. zenbakiko azala, Errusiako Iraultzaren mendeurrenari eskainitako serigrafia...). Elkartasunez jokatu zuen Kubarekin (Habanara joan nintzen, Aitzakirik gabe, Orain Che bertan) etaKomite Internazionalistekin. Egin egunkaria errepresio bidez itxi ondoren, laguntza eman zion Gara berria aurkezteko ekimenari ere, eta iazko neguan, Artea Gara izeneko eskaintzan hartu zuen parte, Gara egunkariak jasandako bidegabeko ebasteari aurre egiteko.

Obra eskerga egin zuen. Manhattan edo Alemaniako foro nagusietara ere ailegatu ziren bere erakusketak, baina eutsi egin zion herriarekiko hurbiltasunari. Txelorekin elkar hartuta beti, Txalupa Kultur Eragintza talde sustatzaile biziak askotan jaso zuen bere laguntza, eta haren ondoko Ateri izenekoak ere bai. Gipuzkoa Sar 82, rockaren balore berrien jaialditik atera zen LParen azala margotu zuen. Peter Tosh jamaikar rasta iraultzailea Euskal Herrian aurkezteko posterra ere berak egin zuen. Eta bereak dira, baita ere, Hertzainakek atera zuen Mundu berria daramagu bihotzean disko konprometituaren lan grafikoa. Laburbilduz, sormenezko ekarpen oso zabala da berea, adiskidetasunez eta laguntasunez osatua.

Bere alaba Monikak eta Enara Goikoetxeak egindako Izenik gabe 200 x 133 dokumentalak fidelki erretratatzen du bere bakarkako mundu sortzailea; baita bere obraren ezaugarri soziala ere. Oso adierazgarria da bere bilobekin batera horma-irudi bat jendaurrean margotzen ageri denean Donostiako suhiltzaileen eraikuntza zaharrean. Arribeko bere lagun Txitxik oroitarazi digunez, nahiago izango zuen, noski, bere hilobiko epitafioan Tabernan nago jarriko baliote.Zumetaren sormen bolkanikoa erakusgarri handietan antzeman liteke, baina baditu, era berean, zenbait objektu kutun; hala nola, 1998an argitaratutako Mendebal Afrika. Bidai-bloka. Hango jendearen margo eta balioekiko maitasuna darion road liburu eder horretan, Afrika, amalurra, munduaren zilborra irakur liteke epilogo gisa. Aitzindari artistiko eta gizatiarra da Zume belaunaldi berrientzat; taupadaka dirau Euskal Herriko bizitzaren bihotzean.

begira ari haiz oraindik / begiak irudiz beteta / begira ari haiz oraindik / nahiz begiak itxita

Miraz eta esker onez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.