Ibai Zabala Gandarias

Eskuz esku

2020ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Hauxe izan da azken bi egunetan han eta hemen irakurri dudan albistearen lerroburua:«Bukatu da Baikoko pilotarien greba». Berri horrek sortu dituen eztabaida eta elkarrizketa ugarietan greba bihurtu da hitz gakoa, gure aldarrikapen horiek lortzera eraman gaituen ekimen nagusia izan dena. Baina ni ez nago horrekin ados: benetako hitz gakoa eta mugimenduaren oinarria batasuna izan da.

Hilabeteak pasatu dira gure kolektiboa martxan jarri genuenetik, eta, ibilbide luze horretan, denetik bizi izan dugu: bateko eta besteko presioak, kaleratzeak, greba... baina batasunak mantendu du hori guztia zutik, bera izan da belar-meta honen meta-ziria eta lortutako emaitza gauzatzera eraman gaituena.

Irailaren 18ko Tolosako agerraldia izan zen taldearen ibilbidean inflexio-puntu garrantzitsuena, leiho berri bat ireki zuena. Bertan, aurreko hilabeteetan pilatu genituen kezka eta bizipenak lehenengoz agerian jarri genituen. Azken bi urteetan bidegabekeriaz bete zitzaigun bizkar-zorroari bi kide kalean geratzea gehitu zitzaion, zama astunegia. Horren aurrean, taldean ezin izan genuen isilik geratu, eta argi esan genuen: nahikoa da.

Hura izan zen kolektiboarentzat pausorik zailena, aurpegia eman eta bizitzen ari ginen guztia jendaurrean azaltzea; albo-kalte pertsonalez ahaztu eta elkartasuna eta taldea norbere interesen gainetik jartzea. Baina ordurako taldeak ibilbide luzea egina zeukala nabarmendu behar da: zenbat batzar telematiko, zenbat eztabaida... Lan-hitzarmen baterako egitasmo bat ere idatzita geneukan.

Lehen agerraldi horren ondotik etorri zen greba deialdia, ibilbide honetan guztian zalaparta eta eraginkortasun gehien izan duen ekimena, eta, aldi berean, taldearen azken heldulekua izan zena. Esku-pilota profesionalaren ibilbidean izan den lehen greba, bai; baina baita esku-pilotaren mundu honetara beste lan-ildo eta antolatzeko era berri bat ekarri duena ere: sindikalismoarena. Ezin daitezke ahaztu sindikatuak azken hilabete eta erdian eskaini dizkigun babesa eta laguntza. Lan egiteko eredu berri bat irakatsi digute, baita pilotaren mundu honetan aurretik egin gabeko langile izaeraren inguruko gogoeta eragin ere. Mila esker guztiagatik; irakaspen horiek gure buruetan geratuko dira eta seguru gaude etorkizuneko ibilbidean lagungarri izango zaizkigula.

Askok historia egin dugula esaten digute. Gu, ordea, ez gara historia egin nahian aritu, gure eskubideak defendatu eta bidegabekerien aurrean konponbideak bilatzen baizik; hori da egin dugun bakarra. Honetatik guztitik, honako hau izan behar dute gogoan pilotari gazteek: taldeak dauka indarra, nahiz eta izarrak ez batu. Elkartasuna eta batasuna dira bidea.

Orain elkarte parte-hartzaile bat eratu beharra dago, egungo eskuzko enpresa profesional bietako pilotariak batzen dituena, eta ondorengoentzat babes-lanak bete beharko dituena. Elkarte horri egokituko zaio lortutako akordioaren zaintza-lana betetzea, baita jorratu barik geratu diren beste hainbat konturen inguruko gogoeta egitea ere. Esaterako, non daude pilota-eskolak? Zer gertatzen da horrenbeste urtez pilotarien formakuntzan lan eskuzabal eta ordainezina egin ondoren, gaur egun, albo batera eta ahaztuta geratzen diren horiekin? Badago zer hausnartu eta zeri heldu. Ez dadila haria eten.

Aurretik ere etorkizuneko kirol-bizitza nahiko laburra genuen batzuek, seguru nago honen guztiaren ondoren kirol-bizitza hori are laburragoa izango dugula. Ni, badaezpada, eskola, ikastola edo euskaltegietan euskara irakasle gisa aritzeko curriculumak prestatzen hasita nago. Baina, hori horrela izan arren, merezi izan du; batzuek saldu nahi izan dutenaren kontra, honetan guztian pilota irten baita garaile.

Azkenik, zorionak nire hemezortzi lagun eta kideei, harro nago zuetako bakoitzaz eta zuetako bat izateaz. Profesionaletan daramatzadan urte hauetan guztietan gauza asko bizi izan ditut, baina ziur nago hau nire oroitzapenen gailurrean egongo dela.

Duela gutxi gure artean dagoen pilotari filosofo batek esan zuen bezala: buruz buru baino hobe dugu eskuz esku. Hala bedi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.