Eskubide penalak

2020ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Anariren Zure aurrekari penalak eta Pettiren Manipulazio estrategiak itzelezko bi disko dira. Bata bestearekin kateatuz, saiakera honetan eskubideak, aurrekari penalak dituzten manipulazio estrategiak ez ote diren iradokitzen dut, beharrei dagokien lekua itzultzeko.

Eskutik doaz eskuburdinak eta eskubidea. Batak ekarri zuen bestea. Gaztelako erresuma, Espainia izango zen inperioa eratzen ari zen, bostehun urte badirela. Konkista bidez bereganatzen Amerika zein Nafarroa(ren beste zati bat), jatorrizko herritarrak menpean hartuta.

Antza denez, bazen inperioaren baitan kontzientzia lasai ez zeukanik, errudun sentitzen zenik. Salamancako Unibertsitateko Francisco de Vitoria fraide domingotarra, kasurako. Esklaboak animaliak bailira eskuburdinekin lotuta zerabiltzatela jakitean hozka egin bide zion moral kristauak. Bere hausnarketekin, ezbaian ipini zuen espainiarren Amerikako ekintzen zilegitasuna. Egungo nazioarteko zuzenbidearen oinarriak ezarri zituen, eta horrela aitortzen dio NBEk, Genevako kongresu gelari haren izena emanez.

Zuzenbideak eskubideez dihardu. Orduko esklabotza seinalatzen zuten eskuburdinen oinordeko ez al dira egungo eskubideak? Ez al ditu eskubide aldarrikatzeak egungo botere gabetuak seinalatzen? Biek ala biek, eskuburdin zein eskubide, ez al dute kontzeptu bera —menpekotasuna— adierazten? Ez al da bigarrena, lehenengoaren aro modernorako bertsio leundua? Desiragarri egindakoa?

Gure beharrak asetzeko gai ez garenean, edo ardura hartu nahi ez dugunean, aldarrikatzen ditugu eskubideak. Horrela gabiltzan itxura hartzen diot kale, hedabide zein sare sozialetan erreparatzean: kontzentrazio, manifa, komunikatu, agerraldi, pegatina, pintaketa, eskaera, exijentzia... Adierazpenak, aldarrikapenak fin batean. Zilegiak eta menpekotasunetik.

Botere gabeziak eramaten gaitu eskubideen aldarrikapenetan makurtzera. Nekez ikusiko dugu botereduna eskubideak aldarrikatzen. Eskubideak aitortzen dion hori lortzeko boterea badaukalako, gai delako bere beharrak bere kasa asetzeko. Botererik gabekoon kontua dira, beraz, eskubideak. Menperatzaile katolikoen erruduntasun sentimenduak eragindako errukiz asmatutako kontzeptu zuritzailea direlakoan nago. Aurrekari penalak dituzten eta egun ere menpeko egiteko balio duten manipulazio estrategiak, beraz.

Kontua da espainiarrak Amerika eta Nafarroa konkistatzen ari zirela 1512. urtearen bueltan. Beste kontinentekoen sufrikarioak mugitu zuen Francisco de Vitoriaren kontzientzia. Ez dakit jakingo ote zuen, gurasoak euskaldunak izanda, Fernando Katolikoak penintsulan bertan konkistatu zituen bere anai-arrebek bazutela sutsuki defendatzen zuten zera preziatu bat: herritarren mendetako elkarbizitza ohituretatik eratorritako Konstituzio propio bat, izan ere. Askatasunean mendez mende osatutakoa. Ahozko tradiziotik Foru Orokorrean idatziz jaso zutena, 1238.ean. Nafar estatuko ordezkariek, erregea aukeratzen zutenean, Foruei zin egitera behartzen zuten: nagusi baino, Foruaren araberako bizikidetasunaren defentsaren buru izendatzen zutela adierazteko.

Lagun Marianek esan zidan, Foru Orokorra osotasunean irakurrita, arreta deitu ziola eskubide hitza behin ere ez agertzeak. Forua pragmatikoa da: eskubidea aitortu baino, herritarren beharra nola ase zehazten du,baliabide komunalak erabiliz, sarri. Alegia, gure gosea asetzeko, jatekoeskubidearen aitortza baino, janaria lortzeko lurra behar dugula. Eta hala bermatzen zitzaigula.

Gure beharrak asetzeko, geure neurri eta erara antolatutako egiturak behar ditugu, menpekotasunik gabeak. Eskubideek estali egiten dituzte duin bizirauteko beharrak. Beharrez gabe, eskubideez ari gara. Beharrez jabetu gabe, eskubideak aldarrikatzen. Nori, baina? Vatikanoak askatasun espiritualik emango ez digun bezala, NBEk ez digu askatasun politikorik emango. Beraien estatusa babesteko instituzioak direlako, eta ez dutelako han beste inor nahi.

Askatuko bagara, geure boterean behar dugu fedea. Geuk sentitu behar dugu. Kolonizatuta daukagun buruaz jabetu behar dugu, ekintzak beharrak asetzera zentzuz bideratzeko. Jabetzeko, baina, ohartu egin behar dugu lehenik, eta onartu ondoren, kolonizatuta gaudela. Boterekeriaz okupatuta daukaten gure etxeaz jabetzen garenean izango gara aske. Mendetako menpekotasunak atzean utzi eta gure komunitatearen behar eta desirak ase betetzeko. Bizi irauteko.

Katolizismoak goraipatutako errukiaren erroak boterekeriak errutako erruduntasunean daude. Amerikako konkistak eragin minetik Salamancako hausnarketara, eta handik berriro Amerikara, NBEn eskubideak aitortuz. Inperiotik, inperioen zilegiztatzera. Zerua eskaintzea bezain merkea ez al da aitortza? Ez al du —protestaz haratagoko— ekintza ekiditen? Eskubideen zerumugak utopia dirudi, errealitate baino: ondo legokeena.

Beharra, baina, lurrean bertan daukagu, etxean, gorputzean, buruan: okupatua gutxi ez, eta zatikatua ere badaukagu eta. NBEren atea jo aurretik, geure nazio batuaren erakundea berreskuratu beharra daukagu: Nor izan. Aldarrikapenez inor baino, guk geuk eginez. Gu geu izanez.

Ez egina da ezina. Egitearen erregai, gogoa. Gogoaren pizgarri, zentzuetatik gogora ekarria. Zentzuz, gogoz eta ekinez. Nor bere bizi legez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.