Abenduaren 6an gertatu den eskualde hauteskundeen lehen itzuliak emaitza esanguratsuak utzi eta, maila handi batean, bigarren itzuliaren estrategiak baldintzatu ditu; jakinik bigarren itzulian mantendu ahal izateko bozen %10 gainditu behar dela eta bi itzulien arteko zerrendek bat egin dezaten gutxienez %5 eskuratzea ezinbestekoa dela. Hartu ditzagun zerrenda ezberdinak banan-banan.
Fronte Nazionala (FN) lehen posizioan iritsi da %27,96 eskuratuz, sei eskualdetan lehena izanik, horietariko bitan %40 gaindituz, eta eskualde guztietan bigarren itzulirako sailkatuz. Emaitza horiek, aurretik izandako europar, udal eta departamendu hauteskundeetako joerak baieztatzeaz gain, eskuin muturra oso maila garaian kokatzen dute; are gehiago kontuan izanik bakarrik aurkeztu dela, gainontzeko gehienak koalizioak izan direlarik. Arrakasta horren arrazoiak hiru multzotan bana daitezke: 1) krisi ekonomikoa, austeritate politikak eta langabezia, 2) eskuin muturreko ideien hedapena, Fronte Nazionalaren normalizazio estrategia eta Marine Le Penen lidergoa; eta 3) sinesgarritasun politikoa eskuratzeko nahia, programa elektoral sendoa osatuz, hautagai zein militanteen heziketa bultzatuz eta sektore berrietara irekiz. Baina, bigarren itzulian Eskualdeak eskuratu nahi baditu ezinbestekoa izango zaio, batetik, lehen itzulira bozkatzera joan ez diren bere hautesleak mobilizatzea, 2012ko hauteskunde presidentzialetan bozka kopuru handiagoa lortu zuela gogoan izanik, eta, bestetik, bere aurkarien estrategia bateratua zapuztea.
Bigarren posizioan iritsi den zentro-eskuinaren emaitzak ez dira hain onak izan, Les Républicains (LR), UDI eta Modemek batera %26,89 soilik eskuratu baitute. Porrot erlatibo horren arrazoiak, alde batetik, LReko hautesleriaren erradikalizazioan dautza, zeinen zati batek, bereziki Pariseko atentatuen ostean, nahiago izan duen Fronte Nazionalaren alde bozkatu, eta, beste aldetik, hautesleria zentristaren zati baten abstentzioan. Bigarren joera hori oso nabaria izan da Ipar Euskal Herrian, non zentro-eskuineko koalizioak 7 puntutik gora galdu dituen 2010eko emaitzekin alderatuta. Are gehiago, lehen itzulirako zerrenda bateratuak aurkezteak aukera eman badio lau eskualdetan lehen indarra izateko eta beste zazpitan bigarren sailkatzeko, ez dauka bozka-erreserba handirik bigarren itzuliari begira. Bere erronka nagusia izango da ezkerreko eta, batez ere, zentroko hautesleak erakartzea, batik bat Alderdi Sozialista (AS) eta Erradikal Sozialisten (ES) zerrendak erretiratu diren eskualdeetan.
Preseski, AS-ES koalizioak %23,33 eskuratu du lehen itzulian, alegia Pariseko atentatuak gertatu aurretik sondeoek ematen zioten baino hiru puntu gehiago. Horrek esan nahi du bere hautesleriaren zati bat mobilizatzen jakin duela eta bai François Hollandek bai Vallsen gobernuak Pariseko atentatuei buruz egindako kudeaketa begi onez ikusi duela. Alde horretatik, emaitza nahiko onak dira, hiru eskualdetan lehen posizioan baitago (seietan Guyana, Guadalupe eta Martinika gehitzen badizkiogu) eta beste hirutan bigarrena sailkatu dela; jakinik ez zuela lortu lehen itzulian ezkerreko alderdiak batuko lituzkeen zerrendak osatzea. Lehen itzulirako gabezia bat zena indargune bilakatu da bigarren itzuliari begira, bozka-erreserba handiagoak baitauzka Europa Ekologia-Berdeak eta Ezkerreko Frontearekin eskutik. Hala ere, bozka horiek eskuratzeko, akordioetara iritsi beharko du %5eko langa gainditu duten zerrendekin, horiekin batze aldera, eta bere programa egokitzeko premia izango du gainontzeko ezkerreko alderdien eskakizunak kontuan hartuz. Hori bera egin du Alain Roussetek gidatzen duen zerrendak, publikoki adierazi baitu ez daukala abiadura handiko trena diruztatzeko asmorik.
Europa Ekologia-Berdeen (EE-B) emaitzak ez dira hain onak izan, %6,81 eskuratu baitu, 2010eko emaitzetatik urruti. Nahiz eta ingurugiroaren inguruan adostasun sozial zabala izan eta eskualde hauteskundeen lehen itzulia Pariseko Klimaren Munduko Gailurraren testuinguruan kokatu, ez du lortu bere hautesleria mobilizatzea. Esan beharra dago EE-Bek gobernutik irtetea erabaki zuenetik barne zatiketak izan dituela behin eta berriro, Asanblada Nazionaleko eta Senatuko taldeburuek alderdia utzi dutela beste alderdi bat osatzeko, eta ez duela estrategia argi bezain bateraturik osatu aliantza sistemari dagokionez. Horrela, gehienetan bakarrik aurkeztu bada, beste eskualde batzuetan Ezkerreko Frontearekin bat egitea erabaki du. Horrek, koherentzia zein sinesgarritasuna galtzea eragiteaz gain, hainbat hautesleren nazka eragin du. Edozein kasutan, gutxieneko hautetsi kopuru bat mantendu nahi badu, ezinbestekoa zaio Alderdi Sozialista-Erradikal Sozialisten zerrendekin fusionatzea %5 gainditu duen eskualdeetan.
Azkenik, Ezkerreko Fronteak ez du burua altxatzen, %4,15 eskuratu baitu Frantzia osoan. Alderdi Komunista eta Ezkerreko Alderdiaren arteko desadostasunek eta kanpainan zehar Mélanchonek eduki duen parte-hartze eskasak bere ohiko hautesleak urrundu ditu. Izan ere, langileak eta klase ezfaboretuak ordezkatzeko gaitasuna galdu du, eskuin muturraren mesederako. Bigarren itzuliari begira, nahiz eta Vallsen gobernuak gauzatutako politika sozioekonomikoaren aurrean oso kritiko agertu, ezkerreko zerrendaren alde bozkatzeko deia egin dezake.
Eskualde bozen emaitzak eta ondorioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu