Edinburgo eta Glasgow arteko trenean nihoala, behatzak teklatuan jarrita, ardura eta ilusioa sentitzen dut. Kaleetan ikusi eta sentitzen dudan energia, Euskal Herrira inor baztertu gabe, iritsaraztearena. Irailaren 18an, edozein delarik ere erreferendumaren emaitza, demokraziaz lekzio bat datorkigu Eskoziatik. Hona Euskal Herrira helarazten dudan telegrama:
Independentzia, Nazionalismoa eta Abertzaletasuna: Estatu-nazioetan oro har, re-eskalatze joera orokor bat gauzatzen ari da. Re-eskalatze horren altzotik, nazio txikien liga berri bat sortzen ari da, globalizazio uniformizatzailearen periferietan. Halaber, nazio txiki bakoitza, faktore multzo ezberdin batez osatuta azaltzen zaigu. Bidenabar, mugimendu independentistaren hazkunde eta gorpuzte bat ekartzen ari dena. Faktore horietatik esanguratsuenak: nazio identitatea, hizkuntza aldarrikapena, ekonomia birrantolaketa, ongizatearen eta justizia sozialaren defentsa, autogobernuan sakontzea, kulturaniztasunaren sustapena, erakunde globalekiko posizionamendua, azpiegitura eta lurraldearen jasangarritasunaren arteko oreka… Okerra da, beraz, independentzia, nazionalismoa eta abertzaletasunaren analisi homogeneo eta sinplifikatzaileak egitea EBn egun autoeratzen ari den nazionalismo zibikoaren adibide den Eskozia adibide gisa hartuko bagenu bederen.
Estatu-nazioak urrun, hiri-eskualdeetako gizarte autoeraketa bidezko naziogintza gertu: «David, ze urrun dago Westminster», dio Alexek etengabe. Politikari britainiarrek, Thatcherren agintalditik, sentimendu periferikoa sukurtsalismo zentralista logika erabili dute. Orain, aldiz, bumeran efektua gailendu da, iparraldeko itsasoko petrolioaren baliabide energetikoak besapean, eskoziar langile-klasearen oldarketa gertatu baita. Eskoziaren erradiografia soziologikoa garbia da eta bestelakoa Ingalaterrarekin alderatuz: anti-torya, devo-max, sozialdemokrata eta ez da nazionalista. Bestalde, SNPren lidergo eta kudeaketa bikainak, anti-torya den kolektibo koloreanitzak biltzea lortu du mugarri estrategiko bat modu demokratikoz finkatuz: independentziaren erreferenduma. Paraleloan, gizarte-mugimenduen (grassroots) proaktibotasun eta saretze praktikak oso aipagarriak izaten ari dira.
Laburbilduz, eskoziar hiritargoa, ipar-europar nazio txikien eredu sozialdemokratatik gertuago dago, Westminsterren austeritate neoliberal elitistatik baino. Yes edo No-k irabaziko du? Gakoa, Glasgow-koa den betidaniko 30-45 urteko gizonezko laboristaren soslaia eta emakumezkoen arteko boto zalantzatiak dira. Horratx Yes kanpainaren erronka: tradizio/dependentzia laborista britanikotik askatu eta autokonfiantzaz langile klase abertzale eskoziar baten autoeraketa.
Erreferendumaren emaitza: denek ematen diote garaipena orain artean %56rekin No-ari, %44k, aldiz, Yes-en alde egingo luke. Hiru eszenario posible daude Yes botoari erreparatuz: lehena, %35 lortzea (porrota litzatekeena); bigarrena, %50 lortu eta irabaztea, eta hirugarrena, %45. Datuei erreparatuz gero, hirugarrena izango balitz, independentzia lortu ez arren, gauzak asko aldatuko lirateke Eskozia eta gainontzeko Erresuma Batuaren artean ere.
Euskal Herrian, demokrazia eta independentziaren inguruko trebakuntza hiritarra egiten hasi beharko ginateke, honelako prozesuak prepara ditzagun. Ez dut hain argi ezezkoa aterako denik, baina aterako balitz ere, Eskoziak lekzio demokratikoa eman digu, eta bidea ireki du: prozesu-metodologian, politiken diseinu/inplementazioan eta gizarte-mobilizazioa estrategia eredu eguneratuetan. Euskal Herrian, bestalde, iraganeko akatsak zuzendu eta eduki/politiketan, prozesu/gizarte mobilizazioan uztarturik lan egin behar dugu.
Prozesua, prozesua eta prozesua: hilabetez, gizarte segurantza, pentsioak, osasuna, hezkuntza, enplegua, enpresa, industri-politika, azpiegiturak, elikaduraren babesa, pobrezia, gizarte balioak, immigrazioa, tokiko demokrazia, jasangarritasuna, petrolioa eta energia berriztagarriak, zor publikoa, ogasuna, moneta, defentsa, EB eta arma nuklearren inguruko debate sakon eta ordenatu bat egin da biztanleriaren sektore anitz askoren artean. Zeinek justifika lezake independentzia anti-demokratikoa dela, kasu honetan ikusi dugun moduan, politika bera biztanleengan errespetuz, gerturatzeko modu zuzena izan denean? Independentzia-erreferendum bat demokrazia maila gorenarekin eginez gero, politika bera duintzeko balio lezake, demokrazia bera berrituz/elikatuz. Independentzia eta demokrazia uztarturik, nazio baten plan estrategiko gida-orri parte hartzaile izan liteke.
Hiru irakaspen Eskoziatik, Euskal Herrian dinamikak demokratikoki sendotu eta aberastu ditzagun:
Lehena, linbo ideologiko abertzale romantizistatik nazioarteko kategoria konparatibo programatiko eta estrategikoetan kokatzea gure burua.
Bigarrena, alderdikerietatik haratago, gizarte osoaren prozesu demokratiko zabal baten moduan ulertzea erabakitze-eskubidearen aplikazioa litzatekeen independentzia.
Hirugarrena, gure Euskal Herriaren lurraldetasuna, aniztasun, asimetria eta konplexutasunean ulertu eta koordinatzen hastea.
Euskal Herriak inertzia asko utzi beharko lituzke bazterrean. Post-ETA aroan, barne demokrazia berreginez erabakitze-eskubidea aplikatuz, independentzia inklusibo baten testuinguruan aldeko nahiz kontrako liratekeen proposamen programatiko sakonak gizarte eragileekin lantzen hasi beharko litzateke. Gure esku dago demokrazia ariketa gorena den erreferendum bat, modu serio, zabal, profesional, parte hartzaile, anitz, errespetuzko eta edukiz berritzailea izango dena adosten eta antolatzen joatea.
Eskoziatik demokrazia eta independentziaz telegrama
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu