Eskozia Europar Batasunean

2014ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Eztabaida publikoa da Europar Batasunaren (EB) barneko handitzea eta, bereziki, ikusita EBko kide baten balizko sezesioa —Eskoziako adibidea—. Eta Eskoziari dagokionez, bi premisa daude: a) Egun, eskoziarrak eskubide osoko EBko kideak dira. b) EBko kideak izaten jarraitzeko eskoziarren balizko asmoa.

EBren barneko handitzea ez dute itunek arautzen. EBren Itunaren 49. artikuluak arautzen du Estatu berrien handitzea, baina bere edukiak ez ditu kontuan hartzen barneko handitzea. Eta, horren harira, kontuan hartu behar dugu, egun, eskoziarrak eskubide osoko EBko kideak direla. Hau da: bost milioi eskoziarrak izatezko eta zuzenbidezko EBren herritarrak dira. Eta, horregatik, bertan zuzenbide-printzipio batzuk kontuan hartu behar dira, hain zuzen ere, eskoziarrek eskubideak —batez ere, Oinarrizko Eskubideak, eskoziarrek dituztenak eta hamarkadetan erabili dituztenak— edukitzen jarraitu dezaten.

Azken finean, eskubideak bermatzeko arazo formala dago. Izan ere, Eskozia estatu europar berria bihurtu daiteke, betiere, EBren Itunaren 49. artikuluaren arabera; baina aitzitik, Europako Itunen arabera, eskoziarren eskubideak Estatu berriaren osaera baino lehenagokoak dira eta, ondorioz, gizabanakoaren ikuspuntuaren arabera, eskoziar guztien eskubideak dira.

Eta, bertan, funtsezkoa da honakoak kontuan hartzea: lehenik, Oinarrizko Eskubideak gizabanakoarenak eta zatiezinak dira eta, bigarrenik, ez atzeratzearen printzipioa. Beraz, EBren Itunaren 49. artikuluak ez du aurreikusten «barneko handitzea» delakoa; izan ere, nahiz eta artikuluak estatu berrien sorrera onartzen duen, bakarrik, europarrak ez diren eta horren ondoriozko eskubideak eta askatasunak ez dituzten herritarrak onartzen ditu.

Beraz, aurreikuspenik ez dagoenez, negoziatu egin behar da, baldin eta estatu berriak eskatzen baditu EBk lehen bermatzen zizkion eskubideak. Eta, baldin eta estatu berriak EBren Itunaren 2. artikuluko balioak, demokrazia-printzipioak eta giza eskubideak errespetatzen baditu, ezingo zaie betoa jarri estatu berriari eta herritarren Oinarrizko Eskubideei. Izan ere, betoak Europar Batasunaren oinarrizko printzipioak urratuko ditu: berdintasun, demokrazia-arau eta giza eskubide unibertsal eta zatiezinak urratuko ditu.

Durao Barrosoren interpretazioa arriskutsua da oso, zeren eta, eskoziarrei eskubideak kentzeko aukera ematen du, hain zuzen ere, aspalditik dauzkaten eskubideak kentzeko aukera. Eta, horretarako, estatu kide baten beto-eskubidea erabili behar da. Eta, hain zuzen ere, beto-eskubideak giza eskubideen ez atzeratzearen eta zatiezinaren printzipioen aurka egiten du. Horiek horrela, baldin eta eskoziarrek jarraitu nahi badute, besteak beste, zirkulazio-, kokatze- eta merkataritza-eskubideak edukitzen atzeratze juridikoa izango da bitarteko batek —beto politikoaz baliatuta— herritarrei eskubideak kentzea, nahiz eta Eskoziak eskatu eta erakutsi EBrekiko konpromisoa. Baina, dagoeneko, auzia Erresuma Batuan bertan negoziatu dute eta bertako gobernuak onartu du. Honenbestez, ez da posible beste estatu batzuek negoziazioa oztopatzea eta komeni da aurreikustea Eskozia, Erresuma Batua eta EBren arteko negoziazioa.

Subiranotasunaren eboluzioaren ondorioz, giza eskubideak pertsonen eskubideak dira eta ez estatuarenak, eta bereziki, eskubide publikoak, identitate- eta herritartasun-eskubideak. Sen onak eta ez atzeratze printzipioak justifikatzen dituzte eskubide horiek, betiere, baldin eta Eskoziak babesa mantentzen jarraitu nahi badu edo handitu nahi badu. Halaber, funtsezkoa da segidakoa kontuan hartzea: pertsonen Oinarrizko Eskubideek beti mugatuko dute EBren eta bere estatu kideen subiranotasuna. Izan ere, EBren Itunaren 3.2, 3.5 eta 4.2 artikuluek hori bermatzen dute, noiz eta itunek «beren herritarren» eskubideak eta askatasunak bermatzen dituzten, betiere, identitate nazionalak errespetatuta. Beraz, pertsonen eskubideak dira, hain zuzen ere, EBk babestu behar dituen pertsonen eskubideak.

Prozedurari dagokionez, garrantzitsua izango litzateke Eskoziak independentzia lortu baino lehen edo aldi berean izapidea egitea, zeren eta ezin da eskaerarik egin estatu berria sortu arte. Garrantzitsua da lehenago kontsulta egitea erakundeei eta prozedura sinplea izan beharko litzateke eta EBren Itunaren 49. artikuluaren prozedura generikoaren ez bezalakoa; izan ere, ezin da berdin jokatu dagoeneko EBren herritarrak diren bost milioi pertsonarekin eta EBren kideak ez diren estatuekin. Eta, esaterako, prozedura sinplea erabili zen Alemania batzeko eta, hain zuzen ere, Alemaniako Errepublika Demokratikoaren herritarrak—16 milioi— EBren barruan sartzeko.

Horrenbestez, ez da egia osoa esatea Eskoziako kasua lehena dela. Egia esan, estatu berri guztiak EBren kide bihurtu dira, baldin eta EBren itunak eta giza eskubideak babesteko erregimena onartu badituzte. Eta are gehiago, baldin eta EBk denbora luzean estatu horien eskubideak eta askatasunak aintzatetsi baditu.

Laburbilduz, baldin eta erabaki politiko batek eskoziarrei —europarrak izanik— eskubideak beren borondatearen aurka kentzen badizkie, EBren ondarearen eta europar itunen izaeraren eta letraren aurkako erabaki politikoa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.