Jexuxmari Mujika.

Eskolaren erronkak

2016ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Giza bizitzan erronkak —hitza ondo ulertu— etengabekoak dira. Giza arazoei erantzun onak ematea posible da, noski, baina hauek ez dute guztizko soluziorik. Guztiz ez dira inoiz gainditzen. Hezkuntzan ere, beraz, erronkak beti hor egongo dira.

Gure herriak hezkuntzaren eta eskolaren garrantziaz aspalditik daki. Ikastolak sortu zituen baldintzetan sortu izana da horren lekuko garbi. Eskola serio demonio Isabel y Fernando abestuz hasten genuenetik pauso asko eman da hezkuntza mailan, eta ia denak aurrerantz. Ikastolak sortzeak zituen helburuak egun ikastetxe gehienek onartzen dituzte —euskara, gure munduaren ezagutza, heziketa mixtoa...—, gure herrian haur guztiak dute ikasteko aukera. Etorkinen seme/alabak ikastetxe ezberdinetan proportzionalki banatzea litzateke ondo bideratu gabe daukagun erronka bat. Euskara ikasketa hizkuntzatik bizitzako hizketara ekartzea, beste bat. Gehiago ere aipa daitezke, noski, baliabidetan atzera egiteko egun dagoen joerak dakartzanak aparte.

Baina nik hemen —aurrera egin dena garbi utzi eta gero, hori bai—, hezkuntzaren zertarakoei, nolakoei eta eragileei buruzko egungo ikuspegiak dakartzan erronkei heldu nahi diet, hezkuntzaren egitekoak eta honek dituen zailtasunak edonon bezala handitu egin baitira gure artean ere.

Heziketa, haurrari gizarteratzen lagundu behar dion guzti hori, gero eta gehiago eta gero eta errazago eskolaren esku uzten da gaur. Honi exijitzen zaio egiteko zailen hori, baina une berean eskolaren balioa ia soilik edukandoa lanerako, enplegurako, hornitzeko duen gaitasunaren arabera neurtzen da.

Heziketak eta eskolak —etxearen garrantzia izugarriari, kalearenari ere, ez diezaioket hemen heldu— bizitza irabazten baino gehiago bizitza eraikitzen lagundu behar dute. Hori eduki behar da garbi. Bizitza(en) ikastea gero eta zailagoa da egun; arrazoiak mila. Bizitza gero eta konplexuagoa da, gero eta ziztu biziagoan doa aldatzen, aldaketetara egoki jartzeko —nor izanaz— gero eta helduleku sakonagoak dira beharrezko. Gaurko haurrari mundu ikuspegia ez datorkio emana, berak garatu beharko du. Egun ez dago bide jakinik, sare bat gehienez ere. Eta hori oso gogorra da, batez ere ikasten zoazenean «zorionerantz daramaten bide-zidor guztiak faltsuak direla beti».

Eskolak helduleku hauek eskuratzen lagundu behar du; horretarako lehen baldintza ezinbestekoa indibidulizazioa lantzea da. Bakoitza bakoitza da, eta edonork norbera izateaz pozik egotea lortu behar du bizitzan. Lorpen zaila da hori oso, baina eskolako urte luzeek horretan laguntza etengabekoa izan behar dute, ikasle guzti-guztientzat gainera. Eta hala gertatuko da ikusi eta ikasi egiten badu ezberdintasuna onartua dela ikastetxean, haur ezberdinen adierazgarriak errespetu berdinez direla balioetsiak, bakoitzari bera izaten lagundu egiten zaiola.

Indibidualismoarekin, noski, zerikusirik ez duen indibidualizazio ezberdinen lanketa honek presta dezake ondoen ikaslea pertsona ororen zorionerako garrantzitsuena den gaitasunerako: bizikidetza egokirako, ingurukoak berdinetik berdinera tratatzen ikasiz duzu hori posible, nor sentitzeko erasotzaile izan beharrik ez duzunean edo erasotua izatea —zeu edo beste bat— inola ere onartzen ez duzunean.

Hau guztia ondo entzuten da oso, baina honetan aurrera egiteko ba al dago posibilitaterik? Zergatik ez? Gizakiak, gazteenek batez ere, aldatzeko gaitasun izugarria dute —hori ez dakiena ez daiteke hezitzaile izan— eta egungo egoerak gainera horretara oso era berezian behartzen gaitu. Posibilitateak badaude, bai. Nola ordea?

Bide bakar eta jakinegirik ez da egongo, baina aipa daitezke eskolak bereziki kontuan izan eta landu behar dituen zenbait ikuspuntu eta balio:

— Erantzun jakinak ematea baino inportanteagoa dela galderak sorraraztea. Galderek sorrarazten dute interesa, galderek laguntzen dute ikuspegiak zabaltzen, galderek egiten diote zalantzari leku, eta zalantzak elkarrizketa bidera dezake, eta honek, berriz, harreman gaitasuna lantzen du beti. Eta iritzi kritikoa.

— Austeritatea zer den eta zein garrantzizkoa den txikitatik irakatsi behar zaiela. Gutxiagorekin hobeto bizitzen ikastearen esku dago etorkizuna, eta hori ikasteko eskubidea dute.

— Libre izateak egiten duela balioko gizakia, baina libertatea kosta egiten dela, lortu egin behar dela, eta, noski, apeta guztiak instantean egiaztatzearekin ez duela zerikusirik. Horregatik dira borondatea eta diziplina beharrezko. Eskubide soilez jantzitako haur eta nerabea izatea ez dela helburua, alegia.

— Hori ikasteko haurrak bere buruarekiko distantzia hartzen ikasi behar duela —«ni holakoa naiz», zer da hori?-, bere burua ezagutu eta garatzeko bide bakarra delako; hori ikasteko besteen beharra du, adultoena ere bai. Bizitza zer den ikasi egin behar da eta bizitzan frustrazioak jasateko gaitasuna ere behar da. Bai horixe.

— Aukera eta eskubideetan berdintasuna gizaki guztioi dagokigula, neska ala mutil, hemengo ala hango, holako edo bestelako izan, baina ezberdintasunean bakarrik izan gaitezkeela berdin eta berdintasunean ezberdin.

— Hau dena lantzeko, hau guztia barneratzeko, gogoeta ahalbidetzen duen hitzaren jabe egin behar dela. Hitza erabiltzen eta entzuten ikasi behar da, eskolak gaitasun hori lortzeko bideak bereziki landu behar ditu. Oso bereziki.

Lan zailak dira hauek, badakit ondo. Zailak, eta gainera emaitzak sarri ez direnez segidan ikusten, pentsa. Horregatik mila esker gizarte hobeago bat egiteko esperantzan heziketa lanean ilusioz ari diren guztiei. Bene-benetan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.