«Ordua da eskolan ere beste modu batean ekiteko». «Egokitu egin behar du XXI. mendera, ez die gaur egungo erronkei erantzuten». «Gure mundua azkar aldatzen ari da eta hezkuntza sistemak horretara egokitu behar du»... Zenbat aldiz errepikatu da mantra hori azken bi hamarkadetan? Gobernuen adierazpen bakoitzean, irakasleok jaso ditugun formazio saio guztietan, prentsan agertzen diren aditu (eta ez aritu) guztien hitzetan... Zergatik halako bonbardaketa?
Berez logikoa dirudien arren, pentsatu behar duguna da nortzuek nahi duten eskola egokitzea eta zer esan nahi duten horrekin. Izan ere, Osakidetza egokitu duten berberak dira, azaldu nahi digutenak etorkizunera egokitzea gure herrian edo auzoan anbulatoriorik edo larrialdi zerbitzurik ez egotea dela. Aizu! Hori ez da egokitzea, hori osasunerako eskubidea ahultzea da. Hezkuntzaren inguruan aritzeko halako esaldiek jatorria non duten arakatuz gero, BBVA eta Santander banketxeen fundazioetako bozeramaileak eta OCDE erakundearen izenean hitz egiten duten bankari eta politikari ohiak topatuko ditugu. Beraz, tentuz aztertu beharko dugu zer pentsatzen egon daitezkeen irakasleoi behingoz egokitzeko deia egiten digutenean.
Eskola XXI. mendera egokitu nahi duten horiek esan nahi dutena beste gauza bat da: «Ordua da eskolan ere neoliberalismoa ezartzeko». Beste era batera esanda, eskolak oraindik erresistentzia egiten diola neoliberalismoari eta hori onartezina dela. Bide horretan, hitz ederrez eta ukaezinez bete dituzte hezkuntza legeak eta agindu ofizialak: inklusioa, aniztasuna, parte-hartzea, izpiritu kritikoa, adostasuna... Nor egongo da horren aurka? Nola posizionatuko dira irakasleak horren kontra? Baina praktikan topatu duguna etengabeko burokrazia antzua da, gure ikasleekin eguneroko hartu-eman didaktikoan sakontzeko denbora kentzen diguna eta ikasleak aurpegirik gabeko txosten, ohar eta datu sorta amaigabea bihurtu nahi dituena.
Adostasunera heltzeko betebeharra etengabe errepikatzen den arren, badirudi salduarazten diguten izpiritu kritikorako aukera bakarra, irakasleentzat, eskolan dena gaizki egiten dela eta agintariek erabaki dutena gure salbazio bakarra dela onartzean datzala. Zoritxarrez, eskola egokitzeko eman dizkiguten errezetak ezartzen joan diren heinean, ikasleen ikasketa prozesua hobetu beharrean ikasleak kaltetuta suertatu dira. Hau da, erabaki ekonomiko neoliberalekin gertatu den bezala, horiek praktikara eramateak aberastasuna banatu eta orekatu beharrean kontrakoa eragin du. Eskolari dagokionez, urte gutxitan ikasleek zertxobait zaharragoak direnekiko kurtso oso bateko desabantaila pilatu dute, datu ofizialek adierazten dutenez. Batez ere larria da ikasleen maila sozioekonomikoak inoiz baino eragin handiagoa duela lortzen dituzten emaitzetan. Irakurtzen dutena ulertzeko zailtasun handiagoak dituzte eta zailagoa egiten zaie oinarrizko kalkuluak ebaztea. Zenbat eta gehiago trebatu merkatuak behar dituen gaitasunetan eta metodologietan, emaitza kaskarragoak lortu dituzte, non eta gaitasun horietan.
Eskola abiadura handian egokitzen ari da XXI. mendera, baina adierazle guztiek erakusten dute horren ondorioak ez direla espero zirenak. Horrela, bada, eskolak behar duena arnasa da. Eskolak behar duena pausa da. Eskolak eskatzen duena eztabaida lasaia da. Balazta zapaltzea eta egiten diren aldaketak tentuz aztertzea. Orain arteko eskola eredua ez da ideala, hori denok badakigu. Baina ezarri nahi duten eskolak ere ez du batere itxura onik, hitz ederrek apainduta datorren arren.