Globalizazio hitza modan dagoen honetan,dena hiri handi bat izan behar duela entzuten ari garen honetan, badirudi txikiok ez dugula lekurik.
Guk, aldiz, gauzak beste era batean ikusten ditugu. Txikiak izanik ere gure herri eta auzoek beren nortasuna daukate. Euskara, natura, baserri giroa eta beste hainbat balio herri txiki hauetan gordetzen ditugu altxor preziatu bailiran. Aniztasunaren eredu ditugu.
Ez dugu handiagoak izan nahi, gure txikitasunean jarraitu nahi dugu, badakigulako horrek egiten gaituela handi.
Normala den bezala, gure haurrak bertan hazi eta heztea nahi dugu. Helduok gure herriekiko izan dugun lotura beraiek ere izatea nahi dugu. Helburu hori lortu ahal izateko, ezinbestekoak ditugu eskola txikiak gure herri eta auzoetan.
Eskolak eta bere inguruko jarduerek herria bizi-bizia mantentzen dute, herriari arnasa ematen diote. Beste inon baino hobeto ikusten da eskola txikietan ikasleen arteko elkarlana, errespetua eta nola ikasten duten bata bestearengandik.
Garbi dago eskola txiki hauek herri eta auzo txikietako bihotza direla.
Agintariek jakin behar dute herriaren alde lan egitea, besteak beste, eskola txiki hauei erabateko babesa ematea dela.
Badakit dena ez dela arrosa kolorekoa eta bidean hainbat eta hainbat oztopo eta harri txintxar ditugula. Beste eskola ereduetan sortzen dira ika-mikak eta ezinegonak; gurean ere sortzen dira. Horiek gainditzen ikasi behar dugu.
Ikasi behar dugu horrelako ekintzak batasunean eta elkarlanean ateratzen direla aurrera. Kontuan izan behar ditugu agente sozial eta erakunde ezberdinak. Ez da soilik gurasoen lana. Ezinbestekoak dira irakaslegoa, hezkuntza komunitate osoa, udalak eta, nola ez, herritar guztiak.
Denok sinetsi behar dugu proiektu honetan, eta aurrera eraman ahal izateko, denok gara beharrezko.
Helduok suertekoak izan gara, eta lehen aipaturiko hainbat balio jaso ditugu gure herri txikiengandik. Guk ere egin dezagun zerbait gure ondorengoen alde. Bultza ditzagun eskola txikiak. Eskolaren alde lan egitea herriaren alde lan egitea da.
Beste lurraldeetako kideekin ere harremanak eta elkarlana bultzatu eta sendotu behar ditugu. Agian hemen, Gipuzkoan, dago Eskola txikien mugimendua gehien hedaturik.
Bertan Eskola txikietako guraso elkarte ezberdinak Koordinakunde baten inguruan antolatuak gaude. Momentu honetan 27 eskola edo herri gara bertan. Aipaturiko koordinakundean eztabaidatzen dira eskola hauetan sortzen diren arazo nagusiak eta konpontzen ahalegindu komunitate ezberdinen iritziak kontuan hartuz.
Nahiz eta urte batzuk badiren horrela lan egiten jarduten ari garela, aipaturiko koordinakundeak gorpuzten joan behar du, zeregin berriak berreskuratzen, harreman berriak eraikitzen.
Alde horretatik, Arabako, Bizkaiko eta Nafarroako eskola txikien egoera ezagutu, eta beraiekin harremanak finkatu behar ditugu.
Arabako Maeztu eskualdekoekin jadanik bilduak gara. Gure egoera ezagutzen dute, eta guk beraiena ere bai. Benetan eskertu ziguten gure berri eman izana, eta dagoeneko elkarlanerako konpromiso bat hitzartua dugu. Gurekin izango ditugu Abaltzisketan eskola txikien festan.
Antzeko zerbait gertatzen da Bizkaiko Lemoiz eskola txikikoekin ere. Urteak daramatzate festa egunean gurera etorriz.
Nafarroan ere badira Eskola txikiak, eta ez gutxi, gainera, 78 zehazki. Hemen, Landa eremuko Eskola txiki moduan ezagutzen dituzte. Tamalez datorren ikasturtean bat gutxiago izango da, Nafarroako Gobernuak Eratsungo eskola itxiko duelako.
Denon egoera antzekoa da: arazo berdintsuak ditugu, eta ilusiorik eta lanerako gogorik ez zaigu falta. Lurralde ezberdinetako agintariek eskola hauen estatusa errekonozitu eta kontuan hartu behar dituzte. Hori da gure erronketako bat.
Datorren igandean, hilak 12, eskola txikien festa ospatuko da Abaltzisketan. Hogeitalaugarren festa izango da. Bertako guraso, irakasle eta herritarrak buru-belarri aritu dira dena antolatzen. Herri txikientzat esfortzu handia eskatzen du horrelako ekitaldi bat antolatzeak. Baina gustura egiten da lan eskola txiki, herri txiki hauen etorkizunaren alde egiten denean.
Datorren igandean denok Abaltzisketan bildu behar dugu. Festa giroan gure eskola txikien izaera eta nortasuna aldarrikatu behar ditugu, gure herri eta auzo txikien izaera eta nortasuna aldarrikatu behar ditugu.
Txindoki mendiaren magalean, Txalburuak zain izango ditugu.
Eskola txikiak, ikasleku handiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu