Amelia Barquin.

Eskola segregatuak eta euskalgintza

2022ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Eskola segregazioaboladan dago. Ikasle pobreak eta atzerritar jatorrikoak ikastetxe jakin batzuetan kontzentratzeaz ari gara. Ikasturte honetan, azkenik, hainbat eragilek eta politikarik adierazi dute, estreinakoz, segregazioa egon badagoela eta euskal hezkuntza sistemaren arazo larrienetako bat dela. Neurrien mailan, aldiz, dena dago ikusteko: ea hezkuntza arduradunek desegregazioa bultzatzeko zein neurri hartuko dituzten, non eta noiz, ondorioak...Neurri ugari gaurdanik jarri ahal dira martxan. Ezer ez egitea edota luze itxarotea, bada zerbait egitea; hori dela eta gaude gauden bezala. Eskola segregazioa hain sakon eta luze gertatu izanak ez du oso ondo hitz egiten gure gizarteaz.

Badago, bestalde, analisia merezi duen beste erpin bat: euskararekin lotura duena. Gogoratu dezagun mende honen lehenengo urteetan atzerritik etorritako ume gehienak A ereduan eskolatzen zirela. Orduan ahots ugari altxatu ziren nirea barne hori salatzeko: euskarak ume horiek behar zituen eta ume horiek euskara behar zuten. Gizartea eta hezkuntza eragileak gai izan ziren fenomenoari buelta emateko, eta hainbat kurtso badira atzerritar jatorriko ume gehienak D ereduan daudela. Eta ikusi da familia etorkinak bideratuak izan direla, bai mende hasieran bai ondoren, irizpideak aldatu ondoren.

Segregazioari dagokionez, baina, ez da gauza bera gertatu. Alderantziz: etorkinen seme-alabak D eredura ekartzea segregazioaren bidez gauzatu da, eta ikasle gehienak D ereduko ikastetxe jakin batzuetan kontzentratu dira, publikoak nagusiki. Albo mezua izan da «euskara ikasi, bai, baina zuek bakarrik, gu autoktonook gabe».

Etorkinen seme-alabak eskolatzea, erronka edukatibo eta soziala izateaz gain, erronka linguistiko eta kulturala ere bada. Urte hauetan guztietan, ikastetxe batzuek berebiziko ahalegina egin dute etorkinen seme-alabak euskalduntzeko eta, beraz, sekulako ekarpena egin diote euskal gizarteari herrigintza eta euskalgintza terminoetan. Gizarteak urgenteki behar zuen ume horiek euskalduntzeko prozesua aurrera eramatea, eta ikastetxeek eta haien irakasleek ahal izan duten guztia egin dute horretarako, zeuzkaten baliabideak eta pairatzen zuten segregazioaren ondorioak kontuan hartuta.

Paradoxikoki, euskal gizarteari zerbitzu hori egin dioten ikastetxeek ez dute jaso gizartearen errekonozimendua. Kontrakoa, esango nuke: jaso dutena izan da ospe txarra eta estigma, eta klase ertaineko familia autoktono zuri ugariren mesfidantza eta arbuioa, familia etorkinak jaso ez dituztenak baino ikastetxe okerragoak balira bezala. Eskola askoren autoestimua kaltetzeraino.

Dinamika perbertsoa da, eta naturalizatu egin dugu. Horregatik komeni da gogoeta egitea. Nondik dator begirunerik eza? Zergatik euskararen aldeko ahalegin horrekin aitortza falta? Hezkuntzaren kalitatea jaisteko beldurra izango zen? Euskararen kalitatea jaisteko beldurra? Jarrera arrazisten ondorioa? Aporofobia akaso? Alegia, euskara etorkinen seme-alabei eta pobreei irakasteak ez duela horrenbeste garrantzirik barneratua izatea? Agian eskola publikoari ezin aitortzea euskararen aldeko lana, ez delako «etorkizuneko eskola nazionalaren oinarria», azkenaldi honetan eragile batzuek kontsideratu duten bezala? Arrazoi horietako batzuk izango ziren, denak aldi berean? Esango nuke euskal gizarteak, euskalgintzak, zor handia duela orain arte etorkinen seme-alabak euskaldundu dituzten eskolekin eta irakasleekin, eta errekonozimendua aitortzea merezi dutela.

Pertinentea da, halaber, geure buruari galdetzea ea herritar berrien seme-alabak ia autoktonorik gabe euskaraz eskolatzea lagungarria den euskararekin eta euskal kulturarekin atxikimendua garatzeko orduan, eta euskal gizartean pertenentzia sentimendua eraikitzeko orduan. Steilas sindikatuak argitaratutako azken ikerketan, Gasteizen segregazioa pairatzen duten nerabeen inguruan, argi azaltzen da ez dela lagungarria. Eta hori ulertzea ez da ariketa zaila. Etorkinen seme-alabak euskarara benetan erakartzea nahi bagenuen, geure buruari galdetu ahal diogu ea orain arteko jokaera estrategikoa izan den.

Oraindik datu bat. Euskal Eskola Kontseiluak bere azken txostenean (2020) azaltzen du Euskadiko umeen %25ek ama atzerritarra daukatela. Ez legoke gaizki ume horiek beste era batera tratatzea, ekitatearen izenean zein euskararen izenean. Gauzak horrela, euskararen etorkizunak justizia eta solidaritatearekin ere lotura daukala esango nuke. Eta familia eta ume horiek euskalgintzaren helburu sendo bat izan beharko liratekeela, ingurune batzuetan jada gertatzen den bezala.

Eta, aldi berean, segregazioaren panorama erabat aldatu da azken bolada honetan, autoktonoen jaiotze tasaren jaitsiera dela eta. Aurreikusten da gela eta ikastetxe batzuk itxiko direla datozen urteotan. Zeintzuk izango dira? Eragile batzuek pentsatu dute etorkinen seme-alabak banatzean zegoela gakoa, eta prest agertzen dira horretarako; izan ere, gerta daiteke etorkinak ikasle preziatu bihurtzea, egoera berriaren poderioz. Horren ondorioz, eta ospe txarraren ondorioz, ikastetxe segregatu ugari husten joango lirateke, agian desagertu arte: haien ikasleak galduko lituzkete banaketa horretan, aldi berean klase ertaineko ikasle autoktono zuriak jaso gabe. Gertatzen ari da jada. Benetan hori da irtenbidea? Aldiz, ez genuke pentsatu behar egokitzapena behar duena autoktonoen umeen eskolatzea dela?, ikasle horiek direla modu orekatuagoan eskolatu behar direnak, eta ez besteak?

Esango nuke gauza batzuk sakon aldatu behar direla. Berandu baino lehen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.