Testuinguru geoekonomiko berrian agintari europarrek hezkuntza dute ipinia guztiaren aterabide gisa. Lisboako estrategiaren porrotak eta atzeraldiaren testuinguru ilunak munduko lidergoaren ametsa lausotu ordez, Europako Ministroek konfiantzazko botoa eman diote «ekonomia inteligentea, sosteniblea eta integratzailea» lortzeari. Aho batez dago zabalduta «ezagutzaren gizartea» ideia, haren bermea eta sustapena, jasangarritasunaren eta lidergoaren ipar eta motibazio bezala, baita eskualdeetako politiketan ere. Uler bedi, «abantaila konpetitiboa balio erantsiko kate globalaren gainaldean mantentzeko».
Ekonomia lehiakorraren desafioak baztertu egin ditu irakaskuntza eskolarrari buruzko hainbat kezka-gune. Baina paradoxa da inork ez duela diagnostikoa ziurtatu. Alegia, proposamenak aurresuposatzen duena da hain zuzen ere deskuidatuta utzi dena, izan ere, datuek behintzat ez dute korrelaziorik ziurtatzen hezkuntzaren eta ekonomiaren artean, zehatzago esanda, faktore eskolarrek ez dute panorama ekonomikoa esplikatzen. Azter dezagun.
Abiapuntuko tranpa egiten da eskolaren eta ekonomiaren arteko harremanean, hain zuzen ere, hirugarren aldagaiak daude eta hauen inflazioarekin soilik ahal da justifikatu harremana. Gurasoen eragin soziala (ikasketak burutzeko, ohiturak hartzeko, statusa emateko, hartuemanak errazteko), gaitasun kognitiboa eta motibazioa dira faktore erabakigarriak. Hortik lehen ondorioa: eskolak ez ditu giza kapitala eta banakoaren produktibitatea handiagotzen, baizik eta selekzionatu eta bahetu egiten du. Baiki, haien eraginak esplikatzen du pertsonak eskolan emaniko urteen kopurua, baita produktibitatea eta diru-sarrerak ere. Iparra giza-balioetan eta gaitasun kognitibo hutsetan jarrita ere, egiaztatzen da horretan eskolaren irispena uste baino apalagoa dela. Ildo beretik, PISA estudioen emaitzak zehaztasunez eta aurreiritzirik gabe irakurrita, ohartzen gara oinarrizko irakaskuntzako ikasleen gaitasun kognitiboak edota irakaskuntza ertaineko tituluen bataz bestekoak nekez ditzakegula aldagai esplikatzaile bilakatu. Gainera, eskolaren eta diru-sarreren arteko zubian produktibitatea ez beste aldagaiak ere badaude, hala nola, kredentzialismoa, higikortasunerako aukerak, ekonomiaren eta lan-merkatuaren portaera, langilegoaren kondizioak, profesioen prestigioa, eta abar. Laburtuz: ikasketen berezitasuna apropiaziorako gaitasuna eskaintzean datza, eta ez produkzio ahalmena garatzean.
Euskadin ere, egitura sozialaren bilakaerak esplikatzen ditu etekin eskolarrak, ezen gainontzean euskal gaztetxoen emaitza kognitiboak Europako bataz bestekoaren azpitik daude, eta Espainiakoan ere hala-moduz. Gure lorpena da konpetentzia erlatiboki arruntarekin (PISA estudioak), hasteko eta behin, frakaso eskolarra eta abandonua hutsala izatea (datu administratiboak). Zintzoki aitortu behar ditugu faktore geografikoak, kulturalak, ekonomia ulertu eta antolatzeko moduarenak, enpleguari, aktibitateari eta okupazioari dagozkienak, eta estrategikoki balioan jarri, egoki aprobetxatzen jarraitu eta hobetuko baditugu.
Nazioarteko datuak eskuetan, gizarte justuago baten iparra ere hor liteke. Gizarte justuagoa ez da efektua izaten, baizik eta gizarteko beste dimentsioen efizientzia eta dezentziarako kausa. Hau ezin daiteke bistatik gal, uneotako eztabaida fundamentaletan, hala nola, zerga-politika (ekitate fiskal progresiboa, bilketaren efektibitatea), ongizateko gizartearen berdiseinua, eta abar. Hain zuzen ere, ikasketa eta diru-sarrerei dagokionean, eskualde baten baitan edota eskualdeen artean antzeman daitezkeen ezberdintasunak aztertuta, errentaren arteko diferentziak nabarmen dira handiagoak, langileen ikasketen konposiziotik eratorri daitezkeenarekin konparatuta. Azken unean, beraz, biztanlegoaren ikasketa-maila berdinduta, errenten arteko diferentzia ez da txikiagotuko. (Horrek ez du baliogabetzen, noski, beste datu bat: maila indibidualean korrelazioa dagoela ikasketa-urteen eta diru-sarreren artean.)
Kontraesanak ditugu: batzuei ahoa betetzen zaie eskala mundialeko garapen jasangarria lortzearekin, baina gero lidergo unibertsalaren nahikari europarrak bizi ditu; bestetzuek, modu apalagoan helburua arindu eta produktibitatea hobetuz krisi ekologikoa, txirotasuna eta polarizazio hazkorra (errenten birbanaketan desberdintasunak, lan merkatuaren dualizazioa) leundu nahi dituzte. Denek, ordea, desafio ekonomikoa orain hezkuntzaren desafioa bezala itzultzen dute. Lehen arazo nagusi bat da ez dela egiaztatzen formazio eskolarraren, produktibitatearen eta hazkunde ekonomikoaren arteko lotura.
Funtzionarioek zailtasun ikaragarriak dituzte politikarien orokortasunak termino operatiboetan itzultzeko, hori bera da agian lehen eztabaida, edozein kasutan, ez dago irakaskuntzan ekonomiaren gakoa. Guztiarekin, arazo bi daude: 1) bata da instituzio eskolarrak eta oro har hezkuntzak izan beharreko helburuei dagokiena, eta hori gizarte zibilean eztabaidatu egin behar dugu; 2) bestea da giza kapitalaren teoria ekonomikoak ideologia bat elikatu duela, baina datuen argitan ezeztatua geratzen dela. Giza kapitala da hazkunde ekonomikoaren muina, baina ez dakigu hori eskolak (nola) ahal duen sustatu.
Ziklo historiko, ekonomiko eta axiologiko inportanteen inflexio-puntuan gaude. Hainbat gauzatan asmatu egin dugu, gauzak egiten ere badakigu, eta birpentsatzeko unea bada, iparra bertako hainbat esperientzia errealen arrakastan legoke. Hala, behinik behin, modu justuagoan eta zoriontsuago bizitzeko, edota sistemaren koherentzia hutsagatik.
Eskola, giza kapitala eta produktibitatea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu