Esklabo bihurtu gaituzte: kliken kontaketa kuantitatiboaren falazia

Lionel Joly
2022ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Egiten eta bizi ditugun portaerak, pentsamenduak, emozioak eta sentipenak gure burmuinean islatzen dira, bere estruktura fisikoan eta bere osaera biokimikoan. Beraz, gehien burutzen ditugun portaerak, pentsamenduak, emozioak eta sentipenak dira gure burmuinaren estrukturan eragin gehien izango duten gauzak. Sare neuronal batzuk edo burmuinaren estruktura jakin batzuk asko erabiltzen badira, indartzeko joera izango dute; besteak, bitartean, eta estimulatzen ez badira, ahultzen joango dira.

Pantailen kontsumoa bultzatzeko eboluzioari lotuta dauden gure portaera automatikoak erabiltzen eta bultzatzen dituzte app, bideojoko eta eduki digitalen sortzaileek. Automatismo horiek burmuinean sari eta zigor biokimikoak sortzen dituztelako dira portaera automatizatuak, eta neurri handi batean inkontzienteak dira. Burmuinaren estruktura eta funtzionamendua aldatuz joaten da pantailen erabileraren eraginez. Sare inkontzienteak eta automatikoak indartzen dira, arrazionaltasunari lotutako sareak ahulduz. Gazteen eta haurren kasuan arazoa larriagoa izan daiteke, burmuinaren garapena ez da egoki burutzen pantailen erabilera desegokiagatik.

Sari biokimikoei dagokienez, dopaminaren sari sistema dugu; eta zigor biokimikoei dagokienez, kortex zingularrari lotutako kortisol eta noradrenalina neurotransmisoreak, besteak beste. Pantailen erabilera bultzatzeko, dopaminaren sari sistema estimulatzen dute behin eta berriz eduki digitalaren sortzaileek, inpultsibitateari lotutako estrukturak indartuz eta pentsamendu arrazionalari eta borondateari lotutakoak ahulduz. Modu berean, inpultsiboak eta erreaktiboak diren portaerak bultzatzen dira eta, alderantziz, arrazionalak, pentsatuak eta ongi plangintzatuak diren ekintzak gutxiago egingo ditugu.

Dopaminaren sari sistemak bizi-irauteko oinarrizkoak diren portaerak saritzen ditu: 1) elikatzea; 2) sexua, umeak izateko; 3) energia aurreztea;4) estatus sozial altua izatea; eta 5) informazioa lortzea: informazioak esaten digu non dagoen elikatzeko iturri bat, arrisku bat, gizarte maila altukopertsonen portaerak zeintzuk diren haiek kopiatu ahal izateko, eta abar.

Pantailetan, modu diferentetan, eta neurozientzien, neuroekonomiaren, portaeren ekonomiaren eta neuromarketinaren ezagutzak erabiliz, dopaminaren sari sistema estimulatzen da eta indartzen da etengabe. Horregatik, gero eta joera handiagoa izango dugu lehen aipatutako bost alor horiei lotutako edukietan klikatzeko, eta benetan gure bizi kalitateari eta gure bizi-helburuei lotutako beste informazioak albo batera uzteko.

Socialité eta eduki zaborra klik gehien jasotzen duten berriak direla ikusten badugu ere, ez du esan nahi jendeak hori nahi duela. Zera esan nahi du, besterik gabe: mundu digitalaren sortzaileek jendea entrenatu dutela eta ohitu dutela beren dopaminaren sari sistemaren menpe egoteko, eta sare hori indartu egin dutela. Horregatik egiten dugu klik automatikoki eduki horietan.

Horrezaz gainera, pantailen aurrean sari biokimiko eta informazio asko, gehiegi, egoten da eta gainkarga kognitiboa sortzen da. Gure burmuinak horren guztiaren kudeaketa egokia egiteko ahalmenik ez du eta horregatik gaur egun egiten dugun pantailen erabilera masiboak hainbat ondorio ditu, tartean:

—Arreta zentratzeko eta kontzentratzeko ahalmena mugatzen da.

—Helburuak definitzeko eta eskuratzeko ahalmena murrizten da.

—Borondatea izateko ahalmena mugatu egiten da.

—Inpultsibitatea bultzatzen da; beraz, errazago egiten dugu klik lehen aipatutako bost alorrei lotutako edukietan.

—Bereziki, eta hau oso garrantzitsua da: bilatzen dugun eta guretzat interesgarria den informazioa zehazteko eta aurkitzeko zailtasunak sortzen dira. Zerbaiten bila bagoaz Interneteko sarera, joera izango dugu informazio hori ez aurkitzeko, beste edukietan galtzeko arriskua izango dugu eta bilatzen genuen informazio hori memorizatzeko eta barneratzeko aukerarik ez dugu izango.

Hortaz, «jendeak eduki zabor horiek» nahi dituela esatea faltsua da; jendeak, denok, gure sistema kognitiboaren bitartez, gure burmuinaren bitartez egiten dugu munduan eta munduaz bizi dugun esperientzia. Gure burmuinaren uneoroko testuinguru biokimikoaren arabera diferentea izango da bizipen eta esperientzia hori, beraz mota horretako edukietan klikatzeko joera hori ez da «gure nahia». Nahi induzitua, gogo bultzatuta da.

Bistan denez, «jendeari nahi duena eman behar zaiola» esatea, testuinguru honetan, sorgin-gurpilean sartzea eta hura indartzea da: inpultsibitatea eta erreflexu inkontzienteak bultzatzea.

Horrek guztiak sekulako ondorioak ditu gure osasun fisikoan, gure osasun emozionalean, gure osasun mentalean eta gure ongizatean. Alegia, munduaz egiten dugun esperientziaren kalitatean. Eta biderkatuta dago gazteen eta haurren kasuan. Gizartea indibiduoz osaturik dagoenez, gizartea bera ere erabat inpaktatuta dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.