Eskerrik asko!

Maialen Begiristain eta Ione San Ildefonso
2018ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Euskal gazteriaren aurkako Espainiako Estatuaren errepresioaren erdian, 2014ko irailaren 22an, Loiolako basilikaren eskalinatan Herri Harresia egin genuen, epaiketara aurkeztu ez ziren bost euskal gazteak babesteko asmoz. Bertan izan ziren, beste ehunka herritarren moduan, Ertzaintzaren salaketaren ondorioz 23.663 euro ordaintzera zigortu dituzten Esteban Orbegozo azpeitiarra eta Beñat Hach Embarek ormaiztegiarra.

Jaurlaritzak ez zekien nola aurre egin desobedientzian eta ez-biolentzian oinarriturik garai hartan ugaritzen ari ziren dinamika herritarrei eta, bereziki, Aske Gune eta Herri Harresiei.

Desobedientzia ez-biolentoaren aurkako benetako mendekua izan da, beraz, Loiolako sententzia. Baina alferrikakoa, eskubide zibil eta politikoen defentsan, desobedientziari eutsiko baitiogu etorkizunean ere.

Horren aurrean, beldurra galdu eta neurri horien aurka borrokatzera animatu dugu euskal jendartea. Eta hala egin ere, Euskal Herrian elkartasun sare laranja zabalduz.

Hamaika izan dira sortu diren elkartasun ekimenak, Ormaiztegin, Azpeitian, Donostian, Gasteizen, Gabirian, Eibarren, Zurukuainen... Tokian-tokian Esteban eta Beñatekiko elkartasunez eta guztion eskubide zibil eta politikoen defentsan lan eginez.

Jaurlaritzaren mendeku goseari, gure eskubideak defendatuz erantzun diogu. Guztiz zilegi zen desobedientziaren aurkako zigorrari, elkartasunez eta konpromisoz erantzun diogu. Jaurlaritzaren zigorrean mendekua nagusi den bitartean, herriz herri antolaturiko ekimenetan elkartasuna da nagusi, irribarrea, konpromisoa, eskubide zibil eta politikoen aldeko lana, babesa, herriaren indarra... eta horrela zerrenda luzea egiten jarrai genezake, baina horietako bi azpimarratu nahi ditugu. Elkartasuna eta konpromisoa.

Elkartasuna eta konpromisoa izan dira eta dira gure armarik eraginkorrenak, horiei esker lortu baitugu Beñat eta Estebanen zigorra ordaintzea. Baina ez hori bakarrik, horiei esker zabaldu dugu eskubide zibil eta politikoen aldeko aldarria Euskal Herriko hainbat txokotan. Horrelako eraso errepresiboei erantzuteko gaitasuna dugula frogatu dugu beste behin ere, hainbat herritarrek antolaturiko ekimenei esker.

Eskerrik asko, beraz, herriz herri antolatu zareten guztioi eta zuen aportazioa egin duzuenguztioi.

Amaitzeko, eta dinamika horri amaiera emateko, uztailaren 27an, gaueko 22:30ean, Azpeitian egingo den ekitaldian parte hartzera animatzen zaituztegu. Elkartasunez eta konpromisoz lortuko dugu eskubide zibil eta politikoak blindatzea!

Elkartasunetik konpromisora, libre!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.