Kutxa Fundazioak (KF) Eureka! Zientzia Museoa 2023an itxiko duela adierazi du, eta iragarri zientzia/gizarte harremanean sakontzeko ekintzak eta programa berriak bultzatuko dituela Tabakaleran. Iragarpen hori albiste bikaina da, zientziaren eta gizartearen arteko harremanak ezartzen dizkigun behar berriei buruz hausnartzeko balio beharko lukeena.
Hala ere, erantzun bakarra, oraingoz—ahobatezkoa izateraino—, elite zientifiko-teknologiko jakin batzuekin identifikatzen diren sektoreetatik etorri da, zientziaren komunikazioaren ordezkariez eta museo-sektorekoez gain. Guztiek euren ahotsa altxatu dute zientziarentzat eta euskal gizartearentzat oso negatibotzat jotzen duten erabaki baten aurka, nahiz eta sakoneko arrazoirik ez eman, erretorika positibista nagusiarekin lotutakoez harago. Ez dut ezagutzen aipatutakoez haraindiko beste ahotsik. Eta hori kezkagarria da. Izan ere, KFren erabakiak aukera ematen baitu zientziaren eta zientzia/gizartea harremanaren irudi nagusien inguruko egoera berri bati buruz hausnartzeko.
Iragan mendeko azken hamarkadaren amaieran, unibertsitarioen, irakaskuntza ertaineko irakasleen eta zenbait ordezkari politikoren talde batek Zientzia XXI Elkartea sortu zuen. Bere helburua: Donostian zientziaren komunikaziorako museo bat sustatzea. Elkarteko talde eragile txiki batek, Julio Fernández Ostolaza buru zuela, proiektu berritzailea diseinatu zuen, San Frantziskoko Exploratorium museoaren (1969) ildotik. Ekimena 2001ean gauzatu zen, ezagutza eta praktika zientifikoetara hurbiltzeko metodo berriak bilatzen zituen zientzia museo interaktibo moldeari jarraituz.
Zoritxarrez, Juliok eta bere taldeak ezin izan zuten museoaren diseinua ezarri, eta berau jatorrizko proiektuaren esanahia ezagutzen ez zuten pertsonen zuzendaritzapean geratu zen. KFren erabaki oker horrek modu erabakigarrian baldintzatu zuen museoaren ondorengo ibilbidea.
Hogei urteko ibilbidearen azterketaren erdigunean dagoena da ea Zientzia Museoa berez desegin den, bere baliabideak aspaldi beste esparru batzuetara (digitaletara eta abar) iragazten ari diren heinean, edo eraberri daitekeen egungo Kutxaren pribatizazioaren eskutik batez ere. Dilema horretan datza gakoa, zientziari buruzko irudi positibista menderatzailea kritikatzeko premia handiko testuinguru batean gainera.
Ezagutza boterea da lelopean bizi den gizartearentzat, Modernitateaz geroztik zientzia museoa ezagutzaren aurkezpen eta antolakuntzarako mirari-kamera gisa ulertzen da. Eta zientziaren bidez, munduaren irudi gisa, bertara sartzeko ahalbidetzen duena. Bilduma egitea, antolatzea eta erakustea —interbentiboki eta era parte-hartzailean bada ere— botere bihurtzen da, eta egoera jakin bat legitimatzen du. Hori bai, mugarriak eraldatuz: politika kultura bilakatzen da, eta boterea, ezagutza. Izan ere, mirarien kamera sistema soziopolitiko eta ekonomikoaren erresonantzia kulturaleko espazio bilakatzen da, museoen esanahi desberdinak agerian utziz, dagozkien interes politikoen arabera. Museoek behar politikoak antolatzen dituzte.
Eta horri izaera pribatua gehitu behar zaio. Eureka! museo pribatua da, Kutxari gizarte-ospea bermatzen diona eta finantza-ikuspegitik kontuak orekatu behar dituena. Horrek kantitateari eta ez kalitateari begiratzera bultzatzen du, bisitarien kopuruari eta ikaskuntza-arrakasta neurketa eta handitzeari, alegia. Horra Guggenheim efektu ezaguna: bisitarienganako orientazioak formaren errebalorizatzea dakar, edukienaren kaltetan.
Zeintzuk dira eduki horren objektuak? Objektuak denboraren, lekuaren, pertsonaren eta testuinguruaren marko baten baitan bilakatzen dira museo-objektu. Eta marko hori, aldi berean, eztabaida zientifiko, epistemologiko, politiko, kultural, estetiko eta sozialen ondorioa da. Horregatik, Eureka! bezalako museoa —eta harekin batera bere helburuak— etengabe ari da egokitzen. Museoaren kontzeptua erlatiboa da —ez erlatibista—. Esan nahi baita: museoak bere mundu-kokapena erakutsi behar du. Horregatik, museo askokeuren bildumen historia eta aurkezpen-teknikak ikusarazten dituzte, museoaren aurkezpenen ikuspegiak ahalbidetuz bere aurkezpenen legitimazioazalantzan ipintzeraino.
Erlatibizatze horretan, nabarmendu dezakegu hasierako XX. mendeko Zientzia Museoek irakaspena (morala) lehen xedetzat bazuten, ondoren —aipatu Exploratorium-en sorreraz geroztik—, esperimentazioranzko orientazioa bilakatu zen museoaren arrazionaltasuna. Eta zein testuingurutan kokatu behar dugu egun zientziaren komunikazioaren rationalea? Zientziaren erantzukizun sozialean. Bisitarien bizi-eremuetan murgiltzean, haien eskarietan, espektatibetan, desiretan...
Horrek esan nahi du museoa erakunde totalizatzaile, autokonsistente gisa desagertzea? Bai, baina ez jarduera museistikoa, berau gizarte-eragileen arteko sare eta konstelazioetatik zehar irradiatzen bada.
Eureka! Zientzia Museoaren itxieraren iragarpenaren aurrean adierazpide patetiko zein etsigarriak entzun/irakurri ditugu, zientzia museoaren inguruko behin eta berriz tematizatzen diren argudioak (?) erakutsiz. KFren erabakiak zientziaren gizarte-eginkizunaren auziari atea irekitzen dio. Eta horrek erantzunaren bilaketa modu kritikoan argi eta garbi posizionatutako pentsamenduaren inguruan bide berriak diseinatu eta gauzatzea eskatzen du. Zeregin horretan Eureka!-n orain arte lanean dihardutenen jakintza eta esperientzia ezinbestekoa da. Kutxak ezin du bigarrenez kale egin zeregin horretan.
Esker ona Kutxa Fundazioari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu