Eskailera mekanikoa geratu da

2020ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Eta itxialdiko denbora barean, etxean preso baino, eguneroko konpromisoetatik aske sentitu naiz. Epeek, deiek, bilerek, konpromiso sozialek, markatzen diguten erritmo jasanezin horren eskaeretatik libre, azkenean. Libre, lo gehiago egiteko adibidez. Edo gauetan idazteko.

Beherantz doan eskailera mekanikoaren metafora Hartmut Rosa filosofo alemanari irakurri diot. Gora iritsi nahi dugu, produktiboagoak izan, leiakorragoak, baina beherantz tiratzen gaitu eskailera mekanizatuak, gutxieneko eskakizunak igotzen ari direlako etengabe. Artikuluak publikatzen ditugu, kudeaketa ardurak hartu, ikasleei lagundu, eskolak prestatu... Urratsak egiten ditugu baina alperrik, leku berean jarraitzen dugula sentitzen dugu. Kostata bada ere, azkartzen dugu oin-kolpea eskailerari irabazteko, baina berak ere abiadura gehitzen digu. Gurpil barruko hamsterrak bezala, korrika bai baina tokitik mugitu gabe, ez gora ez behera, jarraitzen dugu.

Bitartean, ordea, eskailera mekanikoari mugimendua ematen diogu, guk biziarazten dugu, gero eta azkarrago bira dezan. Normalitate kapitalista hori, normala da?

Eskailera mekanikoaren metaforarekin irudikatzen du Rosak kapitalismoaren hazkunde beharrak ekarri duen etengabeko azkartzea eta ziztuan ibili behar horrek eragiten digun neke kronikoa, frustrazioa eta auto-ustiapena. Horregatik, itxialdiko lehen bizipen pertsonala da, eskailera mekanikoa geratu denetik gorantz noala. Produktiboago sentitzen naiz, eta inguru hurbilarekin konektatuago nago. Badakit ez dela bizipen orokorra, eta hainbat pribilegioren ondorioa ere badela neurri batean, ez nuke orokortu nahi. Baina niri pertsonalki, alarma egoera etxean pasatzeak balio izan dit ohartzeko normaltasuna deitzen diogun egunerokoan bizkorregi ari naizela. Eta bizkorregi bizitzeak txikitu, lautu eta bakartu egiten nauela.

Itxura batean, eraginkorragoak egin gara. Agendak bete-beteak ditugu. Segundo bat ez dugu galtzen. Baina normalitate horretara itzuli nahi ote dudan da itxialdiko galdera. Izan ere, nire kasuan behintzat, azken bi hilabeteetan gehiago eta hobeto egin dut lan, aurreko edozein bi hilabetetan baino.

Barkatuko didazue ia bi hilabete etxetik atera gabe pasatu ondoren tonu profetikoa hartzen badut, baina bisio modukoa izan dut, eta zuekin partekatu nahiko nuke: makinaren erregai garela ikusi dut itxialdian. Ikuspena izan da, Matrix pelikulan Neok pilula gorria aukeratzean duenaren antzekoa. Gogoratzen duzue Neok giza gorputzak pila bihurtuta ikusi zituela giza soro amaigabean? Niri, mundutarrago, itxialdian gertatu zait, baina alderantziz. Makinaren erregai garela ikusi dut, hain justu erregai izateari utzi diogunean. Kaleak hustu direnean. Batera eta bestera presaka inor ageri ez denean. Nire ikasleak bizkotxoak egiten edo koadroak marrazten ikusi ditudanean. Haurrak indartsu sumatzean, gurasoak kalitatezko arreta jarraitua ematen ari zaizkielako. Edo herritar sareak funtzionatzen ikustean, azpi-azpitik, helduak zaintzeko edo haurrei ikasketekin laguntzeko.

Gelditu garenean, gizarte-erresonantziak gora egin du. Makinatik urruntzeak, egunero fitxatzera joan behar ez izateak, aukera eman digu gertukoengana hurbiltzeko. Eta bat-batean begi-bistakoa egin zait eguneroko zereginen abiadurak nola urruntzen gaituen bata bestearengandik.

Ez nuke orokortu nahi, inolaz ere, lagun askok justu kontrako bizipenak izan dituztelako. Etxe bakoitza mundu bat denez, itxialdiak gogor kolpatutako jendea dago, eta sufrimendu asko. Jakitun naiz, eta horregatik, ulertzekoa egiten zait itxialdian gaizki pasa dutenek aurreko normaltasunera itzuli nahi izatea. Baina itxialdian produktiboago, atseden hartuago eta konektatuago sentitu garenak, nora itzuli nahi dugu zehazki? Neke kronikora? Frustraziora? Lan alferrera?

Bizi dugun kapitalismo berantiarra ulertzeko balio dute Rosaren liburuek, Aristotelesen ordena naturala aldatu egin delako. Makina da orain subjektua, eragiten duena. Eta guk makinen lekua hartu dugu, eragina jasaten dutenena. Tankerako analisiak egin zituen Marxek kapitalismo goiztiarreko prozesu alienatzaileak deskribatzeko. Aldea da orain ziztuan goazela, eta ez lehenago iritsi nahi dugulako, norantz goazen ere ez dakigulako, aurrerabidean inork gutxik sinesten jada, askatasuna, berdintasuna eta halako ostertz utopiko guztiak ezabatu direnetik. Baizik eta geratzea katastrofikoa izango dela sinetsita gaudelako.

Gurpil bakarreko monoziklo gainean gindoazen, jakinik geratuz gero ziurra dela erorikoa. Eta bat-batean pandemiak geldiarazi gaitu. Eta logikoki, erorikoa ziurtzat dugunez, beldurrek asaldatu. Hortaz, egiten ditugun galderak: Berriz kolpatuko gaitu krisi ekonomikoak? Erabat galduko dugu pribatutasuna? Eutsiko dio demokraziak autoritarismoari?

Batzuk beldurragatik, besteak alienazio hutsagatik, eskailera mekanikoa berriz ere martxan jartzea da agintari guztien lehentasuna. Lehenbailehen dena aurreko normaltasunera itzultzea. Eta, dena bezala, itzulera hori ere azeleratu egin behar da. Azkartu behar horren moraltasun falta, ordea, bikain adierazi du Anthony Fauci adituak, galdera sakonean beste hau dela esan duenean: Zenbat hildako eta zenbat sufrimendu onartzeko prest zaudete aurrekora ahalik eta azkarren itzultzeko?

Esperimentu sozial moduan parekorik gabekoa da lau mila milioi lagun etxean sartuta mantentzea bi hilabetez. Eta nire partetik hauxe bakarrik esan nahi izan dut, makro esperimentu horrek agian Hartmut Rosaren hipotesi nagusia frogatu duela. Alegia, azelerazioa dela arazoa, bai aurreko normaltasun kapitalistan, bai oraingo hartara itzultzeko irrikan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.