Erretiratua

Esan ez direnak

2024ko uztailaren 20a
05:00
Entzun

Elkarrizketa sakon eta mamitsua egin zioten 2024ko maiatzaren 26ko BERRIAn Gotzon Barandiaran idazleari, eta horri buruz hausnarketa batzuk egin nahi ditut, konpondu gabe dugun bakearen eta adiskidetzearen korapiloa askatzeko lagungarri izango ditugulakoan.

Lehenik eta behin, ETAk bere burua desegin zuenean, idazle batzuek Durangoko Azoka batean gai horretaz eta garai horrek haiengan utzitakoaz idazten hastea pentsatu zutela esaten digu Barandiaranek elkarrizketaren hasieran. Ez zuten, ordea, horrelakorik egin eta horrek hausnarketa ugari planteatzen dizkit, zalantzarik gabe literaturatik haratago doazenak. Gotzonek ezin ederkiago dioenez: «Sasoi esanguratsua izan da, arrasto bat utzi digu eta oraindik ez dugu galbahe lana egin horri buruz, ez intelektualki, eta are gutxiago emozionalki». Berriro diot: ezin hobeto planteatzen digu euskal gizartean dugun arazo larria idazleak eta gogoeta batzuk egin nahi ditut horri buruz, gaur dugun arazoaren muinera jotzen baitute, nire ustez, Barandiaranek esandakoek.

ETAren indarkeria armatuaren, errepresioaren, torturen, sufrimenduaren eta alde batekoen zein bestekoen giza eskubideen urraketa larrien gaia desagerrarazi nahi dugu euskal gizartean gaur egun, gure herriaren errealitatetik at kokatu nahi ditugu hain urrun ez dauden gai horiek, eta horrek bizi izan dugun guztia urruneko beste dimentsio batean kokatzera, eta zenbait kasutan ezkutatzera, eramaten gaitu. Adibide gisa, hau esan dezaket: joan den apirilaren 21eko hauteskunde-kanpainan, inor gutxik, ezta ezker abertzaleak ere, aipatu zituen gure herriaren arazo larriari dagozkion gaiak. Gai sozialak eta Espainiako eskuindarrekiko beldurra aipatu ziren batez ere. Kontuz! Inork ez dezala nik esandakoaren interpretazio txarrik egin! Gai horiek funtsezkoak iruditzen zaizkit eta haietaz derrigorrean hitz egin behar da, baina gure herrian aurreko zikloan bizi izandakoak sufrimendu handia ekarri dio gure jendeari, eta ez zait iruditzen arazoa gugandik urrutiratzea eta beste dimentsio batean kokatzea zuzen jokatzea denik.

Bigarrenik, isildutakoak gure barruan entzun eta errepikatzen ditugula ere esaten digu Barandiaranek. «Sufritzen ari nintzen, baina, komunitate jakin bateko kide nintzelako, ez nituen esan». Hausnarketa hori egiten du idazleak, eta, sakona iruditzen zaidan arren, puntu batean ez nago ados, leialtasun faltsu baten planteamendua egiten duela uste baitut. Kontuz! Bertute handia da leialtasuna, eta lagun eta maite ditugun horiekiko leialki jokatzea portaera ezin ederragoa dela iruditzen zait, baina askotan, eta Gotzonekiko begirune osoz esaten dut hau, komunitatearekiko leialtasunaren puntu honetan huts egin dugu.

Azaltzen saiatuko naiz: pertsona bat maitatzeak eta horrekin identifikatuta sentitzeak ez du derrigorrean pertsona horri gauza guztietan baietza eman behar diogunik esan nahi, eta hori da askotan Euskal Herrian gertatu zaiguna. Pertsona eta erakunde batzuek askotan, une batetik aurrera batez ere, oso gaizki jokatu zuten, baina, gure herriko jende askoren ustez pertsona borrokalariak eta konprometituak zirenez, asko beldurtzen ginen haien portaera kritikatzeko orduan, beti ematen genien oniritzia.

Hori gertatu zen, bereziki, presoekin eta ETAko militanteekin. Frankismoaren kontra egindako borroka heroikoa zela eta, pertsona horiek gaizki jokatzen hasi zirenean, beldur handia izan zen euskal gizartean haiek kritikatzeko orduan, eta kritikotasun-falta hori hainbat eta hainbat arlotan gertatu zen: politikagintzan, euskalgintzan, bertsolaritzan, borroka herrikoietan... Beraz, eta puntu honekin bukatzeko, Gotzonek esaten digunaren kontra, komunitate bat maitatzeak eta berorretako kide sentitzeak ez gaitu itsutu behar komunitate horretako kideen portaera txarrak kritikatzeko orduan.

Bukatzeko, askoz konplexu eta aberatsagoa den Gotzon Barandiaranen pentsamendua desitxuratu nahi izan gabe, elkarrizketa irakurtzera animatu nahi dut jendea, gai horiei buruzko hausnarketa egitea guztiontzat izango baita onuragarria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.