Ukaezina da hauteskunde-kanpainak nekatu egiten dituztela denak, ez bakarrik lehenengo arreta eta ondoren bozka eskatzen zaien gizarteari, baita egunez egun boz-emaileak konbentzitzen saiatzen direnak ere. Azken egunean, batzuen eta besteen emaitzak eta balorazioak ezagutu ondoren, protagonisten negoziazioen denbora heldu da. Eta azkenik, sedimentazio aldi baten ondoren, hainbat azterketa iristen dira, eta horretan gabiltza orain.
Aste gutxiren buruan, EH Bilduren hauteskundeen emaitzak, bai lehen Gasteizi, eta gero Bruselari begira, joera izateari utzi eta ziklo politikoaren aldaketa berresten duela esango nuke. Baina hala ere, geroari begiratuz hainbat burutazio eta zalantza sortzen zaizkit. Behar bada urteei esker bildutako eskarmentuak dioen bezala, egia da gauzak ez direla egun batetik bestera mamitzen, eta denbora beharrezkoa izanik, erne baina lasai jardutea dela zuzena. Baina zalantzek bertan jarraitzen dute.
Zalantza ugari bai, Europa urruti samar ikusten dut, eta eskuin muturraren ostikoetatik ihes egiten nahiko lan, baina ez dakit Gasteizko legebiltzarrean taldeen arteko lankidetza zer-nolako kolorez azalduko zaigun. Ez bahi dut argi ikusten zenbaterainoko balioaz Anduezaren taldeak eskainiko dituen ezkerrak oparitutako botoak. Ezta lehengo sakeak luzeak eta gogorrak edo bihurriak bezain laburrak izango diren. Baina uste dut gu izango garela sakeari erantzun beharrean, eta beharbada ez hasieran bakarrik, luze iraungo duen legealdian baizik. Hori horrela gertatzen bada —nik horrela uste dut— lanak izango ditugu jasotako indarra herriaren beharrak aseko dituen iturri bihurtzen. Ez da erraza izango.
Ikusiz zer eta zergatik gertatzen ari den gertatzen ari dena, zaila da herri honen oihu eta garrasi luze bezain sakona isiltzea.
Horrela entzutea gogor samarra dirudi baina Euskal Herrian hainbat froga ditugu aurrez aurre. Bide horretan, badakit ez dela askoren gustukoa eta Vascongadas terminoa entzuten dutenean belarriak zorrozten dituztela, baina gauzak horrela dira eta historikoki hala ulertu izan da. Ni termino hori erabiltzearen aldekoa naiz, ezadostasunaren ispilu bezala ikusten dut, benetako helburua zein dugun kontzientzia aldarrikatzeko balio duena.
Dena dela, desintegrazio honen gainetik integrazio borondate bat badagoela ukaezina da. Eta hori ez da hauteskundeetan bakarrik sumatzen, nolabaiteko komunitate batean elkartu eta beharreko bideak abian jartzeko gogoa ere nabaria da. Baina Francoren garaian bezala, gertatzen zaiguna da geure historia besteek kontatuta ezagutzen dugula. Alegia, gure aurkarien esku jarraitzen duela, eta hori aldatu beharra dago.
Gaur egun, PSOE, PP eta bere ingurukoek bultzatzen duten integrazioa ezinezkoa da, ez da posible, integratu nahi dituzten guztiek zeregin bat eduki gabe. Bestela ez da integrazioa, kolonizazioa baizik. Gainera, integrazio espainiarra bultzatzen dute, eta, hauteskundeen emaitzek diotenez, euskaldun gehienak ez daude ados, beste zerbait nahi dute.
Mezulariak ezagutzen ditugu, mezua ere bai; elkarbizitza, aldarrikatzen den helburu ukaezina, ados. Baita erabakitzeko ahalmen osoa ere, bale, baina zer erabakitzeko, espainiar nacionalistek nahi dutena, ala abertzale euskaldunek nahi duguna? Espainiarrak izatea inposatuz? Hori da elkarbizitza?
Horregatik, denbora asko daramagu normalizazio politikoa eta bakea lortu naian, denon artean egitasmo bat egitea. Baina denok ez ditugu normalizazio politikoa eta bakea berdin ikusten. Horregatik hainbeste denbora ezinik. Dena dela, ez da herri arazo bakarra, arazoa ez da hauteskundeetako herri honen borondatea, herri honen kontzientzia eta sentiberatasuna baizik. Hori bai, manipulazio luze, anker eta interesatuak sakon nahasi duena.
Egia da orain arte egindako urratsek emaitzak eman dituztela, baina onartu beharra dago —egia baita— garai batean uste genuen baino latzagoa zaigula autonomia desmitifikatzea. Estatu espainiarrak herri honi eskainitako opari pozoitsua dela frogatzea, alegia. Oso zaila suertatzen baita, nazio askapen prozesu guztietan, autonomia, independentziaren antidoto gisa erabili duela botere menperatzaileak, aurreko «tresna guztiek» porrot egin eta gero.
Hortik dator gaur PSOEk —agintera igotzeko hainbeste laguntzaren premian— bultzatzen duen mezu berria. Madrildik datorren oihu isilak dioenez, federalismoa omen, bai Katalunian, bai EAEn, barne eta kanpoko istiluak baretuko dituen proposamena.
Beharbada onerako izan daiteke, baina baita beste urrats bat ere, burujabetasunik gabe tarteko urratsa bainoago tranpa hilkorra suerta litekeena herri honetako askatasun aukerari begira.
Beraz, ez dago zalantzarik denok nahi omen dugun egitasmo hori konfrontaziorik gabea ez dela izango, euskal komunitatearen egitasmoa bada behintzat. Baina orain arteko identitate marka guztiei uko eginez, probintzia espainiar bezala integratzea bada helburu, nekez inork ekarriko ditu normalizazioa eta bakea, herri honetara, nekez. Eta argi ikusten dut EAJren barruan, buru mordo bat aldatu arren, bide horretatik doazela.
Eta ukaezina da, badituzte bere arrazoiak eta ez nolanahikoak. Orain arteko bidea jorratuz lortu dute agintea berreskuratzea. Beraz, zerk egin dezake EAJren traineruak sekula egin ez duen ababorreko desbideratze erabakia?
Orain arte ez bezala ezkerrera hurbilduko balira, hori lortuko bagenu —zalantzak ditut—, eta bide propio bat elkarrekin jorratu, orain arte egin ez dugun eztabaida zintzoaren beharrean gaude.
Baita mahai gainean geure aukera errealak soilik antzekotzat hartu, ez baita gauza bera esan eta egin. Nire ustez, horrela jartzen ahal dugu gure herri txiki hau —aspaldian merezi duen bezala— libre izateko bidean. Bestela, noren zain gaude, zertarako hainbeste urtetako sufrimendu latza?