Ongi Etorri Errefuxiatuak erakundeko kideak

Esaeratik ekintzara... urteak doaz

Jokin Revilla Gonzalez eta Itziar Fernandez Mendizabal
2024ko uztailaren 30a
05:00
Entzun

Orain dela hamasei urte onartu zuten Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legea, eta zazpi urte beranduago Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko urriaren 6ko 185/2015 Dekretua, aurreko legea arautzen duena; testu gisa, onartu behar da zuzenak direla. Baina behin onartuta ezinbestekoa da betetzea. Eta hor dago arazoa! Bilboko Udala, adibidez, kexu da 20.000 biztanletik gorako beste udal batzuek ez dutelako lege hau eta bere dekretua betetzen, baina berak ere ez ditu arau horiek betetzen. Herritar guztiok dakigu udal horietako gehienak, Jaurlaritza bezala, EAJ-PSE koalizioak gobernatzen dituela. Zein da arazoa? Lege honen arabera nahitaez bete beharreko eskubide subjektiboa dena, erakunde guztiek paso egiten dute. Eta Eusko Jaurlaritzak, Gizarte Zerbitzuen legea bere osotasunean betetzea bere erantzukizuna den arren, beste alde batera begiratzen du.

Eta zer da erakunde publikoek bete beharreko arau horiek esaten dutena? Udal-eskumeneko zerbitzu eta prestazioei dagokienez, arauek diote funtsean, informazio-, balorazio-, diagnostiko-, orientazio- eta gizarte-laguntzako zerbitzuak ezarri behar direla.

Ildo horretan, oinarrizko gizarte-zerbitzuen eginkizuna da, besteak beste, pertsonei eta familiei Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren (GZES) zerbitzu eta prestazioen berri ematea, baita haien eskubide eta betebeharren berri ematea ere. Arreta berezia jarri behar zaio bere premien balorazioa izateko eskubideari, eraginpeko pertsonaren parte-hartzearekin, eta, hala badagokio, pertsona horrentzako diagnostiko sozial eta arreta-plan pertsonalizatua izateko eskubideari, eskubide ekonomikoak zein zerbitzuetakoak baliatu ahal izateko. Era berean, diagnostikoak hala aholkatzen badu, pertsonari kasuaren erreferentziak dituen profesional bat izendatzera lagunduko dute, pertsona eta/edo familiaren parte-hartzearekin dagozkion eskubideak zehaztu ditzan.

Era berean, oinarrizko gizarte-zerbitzuek izapidetze-, kudeaketa- eta koordinazio-funtzioak beteko dituzte, haien beharra duten pertsonek GZESaren zerbitzu eta prestazio guztietarako sarbidea izan dezaten. Ez da ahaztu behar zerbitzu honen helburu nagusia, hain zuzen ere, pertsona eta familia erabiltzaileei sarbide informatua ematea dela, eta, hala badagokio, behar diren jarduerak bideratzea eta hastea. Ondorio horietarako, biztanleria hartzaileaz ari garenean, adin-mugarik gabeko biztanle guztiez ari gara, eta aipatu behar da ez dela eskatzen zerbitzua eskuratzeko inolako baldintzarik.

Honaino legea. Baina zein da errealitatea? Besterik gabe, ez da betetzen. Bilboko Udaleko Urgentziazko Udal Zerbitzuaren (SMUS) jarduera kasu enblematikoa da, eta kexak eta salaketak etengabeak dira. Euskara edo gaztelania menperatzen ez duten pertsonek ezin dute bi hizkuntzak menperatzen dituen pertsona batekin joan. Adibidez, egun batean, pertsona asko artatuak izateko zain zeudela, SMUSa 17:00etan itxi zen, premiazko kasu bat zegoelako aitzakiarekin, nahiz eta ordutegia 21:00ak arte izan. Jende ugari ilaran eta informaziorik eza SMUSen ezaugarriak dira. Eta egoera horren eta kexa ugarien aurrean, zein izan da asmakizun nagusia? Aurretiko hitzordua eskatzeko betebeharra.

Ikaragarria da! Salaketa kartelak daude hirian zehar. Elkarretaratzea egin zen ekainaren 27ko Bilboko Udal Osoko Bilkuran, eta 1.500 sinadura sartu ziren Udal Erregistroan, egoera hori eta kalean dauden pertsonen egoera salatzeko. SMUSean aldez aurretik hitzordua eskatzeko bi hilabete itxaron behar dira. Nork uler eta onar dezake hori? Eta ekainaren 27ko Osoko Bilkura egin zen, errealitate horri irtenbiderik eman gabe, denbora gehiegi baitarama horrela. Eta erakunde guztiek urteak daramatzate «pertsonak erdigunean jartzen ditugu eta ez dugu inor atzean geratzea nahi» aldarrikatzen. Orain lehendakari hautatu duten Pradales jaunak esaldi bera errepikatu du. Baina gauza bat da esatea, eta beste bat hitzak baino ez direla egiaztatzea, eta aberastasunaren banaketan gero eta ugariagoa dela egoera prekarioan eta bazterketa-arriskuan dauden pertsonen kolektiboa, horiek baitira sistematik kanpo geratzen direnak.

Zer dio horri guztiari Eusko Jaurlaritza berrian gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen sailak? Zer gomendatzen die zerbitzu-zorroaren arabera premiazko arreta behar duten pertsona guztiei? Pazientzia izaten jarrai dezaten, segi dezatela kalean lo egiten, janaririk gabe, higiene pertsonalerako edota arropa garbitzeko aukerarik gabe, eta eguneko aterperik gabe? Noiz arte?

Edo Guardiako epaitegira joateko aholkatzen du, Bilboko Udalak eta arauak behartutako gainerako udalerriek Gizarte Zerbitzuen Legea ez betetzearen erantzukizuna duten pertsonak salatzeko?

Bada, ez, haren erantzukizuna eskatzen dugu, Gizarte Zerbitzuen Legea osorik eta erkidego honetako udalerri guztietan bete behar delako. Letra polita izan daiteke, baina betetzen ez bada, pertsonak ez daude erdigunean, eta asko daude aspaldi atzean utzi direnak. Beraz, promesa gutxiago eta egitate gehiago, egungo errealitateak hala eskatzen baitu!

Esandako guztia esloganetan laburbildu beharko bagenu, honako hau esango genuke: Beharrezkoa da SMUSek pertsona guztiei berehalako arreta ematea, legeak ezartzen duena betez; Bilbon edo legeak eragiten dien udalerrietan inor ez dadila behartuta egon kalean bizitzera, janaririk gabe eta arreta duinik gabe; eskubide berberak aitor daitezela pertsona guztientzat, edozein lekutatik datozela ere. Hori litzateke administrazio demokratikoei eska dakiekeen gutxienekoa... Bete itzazue zuen arauak! Izan ere, esaeratik ekintzara... urteak pasatu dira bete gabe, gehiegi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.