Errusiako Munduko Kopa, Mendebaldearen ereduaren mugarria

2018ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Egunotan gure telebista hargailuetan nonahi ikusgai eta hizpide dugun futbol Munduko Kopa, oroz gain, globalizazioaren mugarria da, Mendebaldeko ikuskerarena zehazki esateko. Batetik, txapelketan islatzen den estatu nazioen mundu banaketaren eredua, berezkotzat hartzen duguna, XIX. mendean Europan eta Mendebaldean burututako sorkuntza da. Bigarrenik, futbol ekitaldiak berea duen lehia izaera, eta herrialdeen ordezkaritza beharra asetzen duena, Britainia Handiko Industria Iraultzaren aldaketekin estu loturik dago. Estatu nazioak, eta horiek haragitzeko kirola antzeztoki gisa erabiltzea, XX. mendean barreiatu ziren globalizazioaren hazkundearekin.

Beraz, oinordetza, antolamendu politiko eta iruditeria kolektibo oso anitza zuten mundu komunitateetan estatu nazioa ezarri zen berezko egitura gisara XX. mendean, eta kirola eta futbol ekitaldia bereziki, horiek irudikatzeko premiazko agertoki modura. Ohituraren ohituraz, arrunt bilakatu da lau urtez behin Munduko Kopa mundu biztanleen biltoki nagusi bezala hartzea, bestelako ezein ekitaldi edo bitartekok inondik inora hori erdiesten ez duela ohartzeke. Baikorra edo ezkorra ote den, irakurleak hausnartu dezala. Egiari zor, futbol ekitaldiak globalizazioaz hedatu den kapitalismo eredu hegemonikoa betikotzen du jai aldartean, eta munduko enpresa transnazionalen plaza tokia bilakatu.

Halaber, nazioarteko harremanetan eragiteko lehenetsitako eremua da Munduko Kopa, bortxa gabeko eta botere elkarreragin zurrunetik kanpo, besteak limurtzekoa. Hain justu, horretan datza Errusiak 2018ko Munduko Kopa prestutasunez antolatzeko eginiko ahalegin eskerga. Herrialdearen handitasunaz hunkitu nahi ditu munduko hiritarrak, eta, bide batez, Mendebaldeko hedabideetatik errusiar gizarteaz ikusarazten den irudi ezkorra irauli. Deigarria dena da Errusiari erasatea xede duten nazioarteko ekimen hegemonikoei erantzuteko, Mendebaldeko balioen agertoki handia baliatzen duela herrialdeak. Horrez gain, nabarmentzekoa da bere irudia hobetzeko Asia eta Europaren arteko estatuak gogo onez onartzen dituela FIFA erakunde pribatu ahalguztidunak Munduko Koparen hartzaile guztiei jarritako joko arauak, herrialde subiranotasunaz gaindi ezarritakoak.

Bestalde, esan gabe doa, Errusiak, aurretiaz beste herrialde askok egin antzera, estatu arrazoia lehenesten duela Munduko Koparen inbertsio handiaz. Estatu ereduaren egonkortasuna ziurtatzea berebiziko erronka da Moskurentzat, eta xede horretan oso lagungarria zaio kirolak esleitzen dion irudi onaz hornitzea. Hala, herritar soilen premiazko beharrizanak diru publikoz gogobetetzea bigarren mailan utzia da. Izan ere, kanpora begira ez ezik, barnean ere, nazio atxikimendua indartzen lagunduko du futbolak. Estatuentzat funtsezkoa da herritarrek nazioaz bat egin dezaten egokierak sortzea, eta osterantzean aukera gutxi dute nazio izate abstraktuaren parte sentitzeko egunerokoan herritarrek. Tamaina honetako ekitaldia hartzeak, eta nazio ospakizun bihurtzeak, aseko du behar hori Errusian.

Inondik ere, garden ulertu behar duguna da Munduko Kopak Mendebaldeko mundua betikotzen duen aldi berean estatu nazioetan oinarritutako sistema zilegitzen jarraitzen duela. Esan nahi baita, futbol lehia gorenak berezko edo natural bihurtzen dituela estatu-nazioak jendaurrean. Antzeztoki horretan presentzia duenak du estatu izatearen oniritzi osoa. Merezimendu hori jaso ez duten komunitate politikoek, ostera, bi zailtasun nagusi dituzte. Bata, beren nazioaren izatea ikusarazi ezina, eta bestea, beren gaindiko estatuek herritarrengan lortzen duten onarpen ez hausnartua eta emoziozkoa gainditzea. Esan gabe doa Euskal Herriaren ataka dela hori, Frantzia eta Espainiaren naturalizazio prozesu horren azpian izanik.

Horrez gain, ezin aipatu gabe utzi hedabideen parte-hartzea, esan den guztia gertatzeko premiazko bitartekoa. Zalantza izpirik gabe masa komunikazio globalaren gailurra da Munduko Kopa. Ikus-entzunezko komunikazioa kontsumitzeko usadioak eraldatzen ari diren une honetan, eta ikus-entzuleria ehunka emanaldiren artean zatikatzen den une berean, futbol ekitaldiak audientzia erakarpen pareka ezina du. Hartara, hedabideentzat ere onura handikoa da beren marka irudia Munduko Kopaz uztartzea, ekonomikoki errentagarria ez bada ere.

Azken gogoeta bat. Udatik aurrera nekez izango da irekian futboleko lehiaketa handienetako emanaldirik doako kateetan Euskal Herriko telebista hargailuetan. Lehen mailako estatu txapelketak eta Europakoak ikusi ahal izateko ordaindu bidezko kateen harpidetza izan beharko dute halabeharrez futbol zaleek. Alabaina, Munduko Kopako partida gehienak, nahi adina, eskura dituzte orain euskal herritarrek ekainean eta uztailean, TF1eko eta Mediaseteko kanal pribatuen bidez. Zein da ageriko kontraesan honen arrazoibidea? Bada, estatuetako botere publiko nahiz pribatuentzat funtsezkoa dela futbol eta aberriaren bikoaren eragin sinbolikoa eta hunkigarria, trabarik gabe, jende gehienarengana iristea eta eragitea. Munduko Kopa estatuen antzeztoki izan dadin ziurtatzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.