Errua ez dauka, ez, koronabirusak

Jule Goikoetxea eta Zuriñe Rodriguez
2020ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Normaltasun demokratikoa deitzen diozue langileak, bereziki emakumeak, modu egituratuan esplotatzeari, baina krisi deitzen diozue irabaziak galtzeari. Normaltasun demokratikoa deitzen diozue baliabideak eta osasun arloa pribatizatzeari; emakumeak, migratzaileak eta iheslariak samaldaka erailtzeari; lan istripuei. Munduko krisia dela esaten duzue, ordea, europarrak hiltzen hasten direnean, batez ere gizonak eta zuriak baldin badira. Nork bere burua aski duelako mito androzentrikoan bizi zarete, eta mitoak lur jotzen duen bakoitzean, krisia!

Baina horretarakoxe daude emakumezko esklaboak. Esklabotza normalizatuta dago zaintzen alorrean, eta halaxe erakutsi du osasun arloko arduradun politiko nagusiak, Nekane Murga kontseilariak: zirkinik ere egin gabe adierazi du aitonek (aitonek?) ederki asko zaindu ditzaketela haurrak, eskolak koronabirusagatik itxita dauden honetan. Barne produktu gordinaren %40, hain zuzen, emakumeek kobratu gabe egiten duten zaintza lanak sortzen du; emakumeek egiten dute zaintza lan horren %95, ez gizonek eta ez aitonek. Gainera, batik bat emakumeei eragiten die eskolak itxi izanak: emakumeak gehiengoa dira sektore horretan, osasun arloan ere bai, eta, horregatik, emakumeak askoz gehiago kutsatzen dira gizonak baino (Ebola eta Zika birusekin bezala), eta askoz ere bizkorrago: gizonek baino gutxiago kobratzen dutenez pobreagoak direlako eta lehenago kaleratzen dituztelako, besteak beste. Errua ez dauka, ez, koronabirusak.

Krisiak fenomeno konplexu eta sozialak dira, ez naturalak. Feministek urteak eta urteak daramatzate bestelako gobernu moduak proposatzen, komunitatea eta res publica osatzeko beste modu batzuk proposatzen, baina gobernari demokratikoek uko egiten diote horiek guztiak kontuan hartzeari, zeren, bestela, ezingo bailukete segitu kapitala metatzen (beren) esku pribatuetan, eta metatzea baita pribatizazio guztien helburua. Hori guztia aski ez, eta gobernari horiek, beren kontakizun ofizialean, nahi dute erabaki politikoak ez ditzagun lotu uholdeekin, lehorteekin, probreziarekin, suteekin, pandemiekin eta kutsadurarekin (Zaldibar), eta nahi dute ezin kontrolatuzko eta ezin iragarrizko gertakari naturalak balira bezala trata ditzagun. Kapitala metatzeko, pribatizatu beharra dago (osasun arloa, baliabideak, irakaskuntza), eta zenbat eta pribatizazio handiagoa, orduan eta gehiago eta larriagoak pandemiak, kutsadura, heriotzak, gaixotasunak eta miseria. Errua ez dauka, ez, koronabirusak.

Urteak eta urteak daramatzagu esaten nekropolitika txit sofistikatu baina basa bat dakartela neoliberalismoak eta haren arrazionaltasun patriarkalak, zeinak, herritarrak gobernatzeko, oinarri hartzen baititu usurpazioa, merkantilizazioa, pribatizazioa, sexualizazioa, arrazializazioa eta disoziazioa. Nekropolitika horretan, ez da ezer egiten baliabiderik gabeko herritarrak hiltzea eragozteko, hau da, nekropolitika horrek legez hiltzen ditu, horretarako erabiliz atzerritarrentzako legeak eta merkataritza, osasun, zerga eta lan legeak. Kontua ez da osasun pribatua egotea onartuta dagoela bakarrik: gainera, herriak ordaintzen du osasun pribatu hori, alegia, koronabirusaren testa egiteko 300-800 euroak ezin ordaindu dituen horrek berak, eta, hori guztia, osasun publikoa gainezkatuta dagoen honetan. Baina errua ez dauka, ez, koronabirusak.

Ez omen dakizue gizarte honetan zaintza lana emakumeek egiten dutela (eszedentzien, jardunaldi dobleen eta ordaindu gabeko lanaren bidez egin ere), edo bestela instituzio estatalek egiten dutela, baina kontua da interesatzen zaizuela hori horrela izatea. Eta bai emakumeek egiten duten zaintza lan esklabo eta prekarioak, bai egitura publikoen pribatizazioak, oinarri bera dute: pentsaera estatufobo bat, guztiz patriarkala (eta horrekin bat egiten du maiz ezker jakin batek). «Estatua txarra da» dioen pentsaera baldarrak ez du laguntzen ongizatea sortzen; eta are gutxiago laguntzen du pentsaera patriarkal baldarrak, haren arabera kontsideratzen baita norbanakoak 18 urterekin jaiotzen direla mundura, unibertsalki arrazoitzeko, dirua egiteko edo justizia soziala lantzeko prestaturik. Maitagarrien ipuin hori, gainerako ipuinak bezala, ez da posible emakumezko esklaborik gabe. Ez gara ez libre eta ez autosufiziente jaiotzen, ez pobre, ez emakume, ez beltz, ez frantses. Horiek guztiak fenomeno politikoak dira. Jaio, ugaztun jaiotzen gara. Eta emakumeek eta instituzio publikoek bihurtzen dituzte ugaztunak subjektu erdi autonomo eta interdependente. Beraz, hauxe galdetu behar da: zer dago egitura publikoen kontrako jarreraren atzean (maila teorikoan bada ere)?, zergatik sortzen ditugu oraindik ere emakumeak eta gizonak (ez baikara ez emakume eta ez gizon jaiotzen)? Ez daki / Ez du erantzun.

Bada, estatufobia patriarkala ezinbestekoa delako neoliberalismo heterofamiliarra sortzeko. Eta gizarte guztia zaintzeko obligazioa duten izakiak sortzeko, baldintza umiliagarri batzuetan zaindu ere. Horixe baitira emakumeak, gizonek baino gehiago lan egiten duten izaki batzuk, baina gizonek baino kapital ekonomiko eta kultural gutxiago dutenak; gizonek baino gehiago zaintzen duten izaki batzuk, baina gizonek baino kapital sozial eta kultural gutxiago dutenak. Horretarakoxe sortzen dituzte emakumeak: dohainik lan egin dezaten, dohainik bizia sor dezaten, dohainik zaindu dezaten ia jende guztia. Badakizue munduko emakumeen ia %50 ez daudela merkantilizaturik, hau da, ez dutela ezertxo ere kobratzen lan egitearen truke? Zer pasatuko litzateke gizonak balira? Eta zuriak eta europarrak balira? Barkatuko diguzue, baina ez dugu amore emango esanahien inguruko borroka honetan; diskurtsoaren inguruko borroka honetan. Zuek esklabismoa nahi duzue, ez «kontziliazioa». Bertan behera utzi dituzue Arabako zahar etxeetan sartzeko eta tokiak adjudikatzeko prozesuak, jakinik emakumeek egingo dituztela zaintza lanak ordaindu gabeko alor pribatuan. Zuen normaltasun demokratikoan, uko egiten diozue, harropuzkeriaz, ratioa handitzeari eguneko zentroetan eta zahar etxeetan (Bizkaiko eta Gipuzkoako grebak), eta, gainera, pribatizatu egiten dituzue; uko egiten diozue zaintzarako etxe lanaren sistema publiko bat ezartzeari, eta, hori gutxi balitz bezala, nahi duzue ez dezagun hori guztia lotu sektore feminizatuen azpikontratekin eta lan itun miserableekin. Krisiak esklabismo patriarkal eta kapitalistaren tankera hartu du, misoginiaz eta neoliberalismoz osatua baita zuen normaltasuna. Errua ez dauka, ez, koronabirusak.

Ez gabiltza aurre egin nahian bakarrik. Proposatu eta gobernatu egin nahi dugu. Errepublika feminista, antirrazista eta antikapitalista bat sortu nahi dugu, eta, hor, zaintza nahitaez eta txandaka egitekoa izango da gizarte guztiarentzat. Exijitzen dugu lehenbailehen sor dadila Zaintzaren Sistema Publiko bat, non zaintza ez baita izango eskubide soil bat (liberalen estiloan), baizik gaitasun politiko bat: gaitasun publiko, kolektibo eta komunitario bat.

Errua ez baitauka, ez, koronabirusak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.