Pasa den astean nire gurasoen etxean galduta neukan haurtzaroko erretratu bat topatu nuen: bertan ikasmahai batean formal eta serio eserita, zerbait garrantzitsua idaztekotan agertzen naiz; nire ondoan lur-globoa eta nire atzean Europako mapa. Bai, nolabait —distantzia guztiak gaindituz— Trumpen antza daukat.
Argazki horretako urtean, OHOko 5. mailan geundelarik, Camarena, Verdugo eta hirurok lagun egin ginen. Egia esan, harreman horiek interesatuak ziren neurri handi batean: Verdugo —sarritan abizenek arrastoak ematen dizkigute— bazen klaseko malotea eta Camarenak Carioca errotuladore-kutxa zeukan. Izan ere, Bagatza eskolako hogeita hamazortzi umeetatik errotuladoreak zeuzkan ikasle bakarra Camarena zen. Gainerako ikaskideok koloretako arkatz ihetu eta haginkatuez ilustratzen genituen koadernoak; bakoitza tamaina, jatorri eta marka desberdinekoa. Errotulkiez gain Camarenak bazeuzkan erregela trokelatu pare bat ere. Horien bidez letrak bikain geratzen ziren egin behar genituen muraletan eta klaseko lanetan. Camarenak lagun minekin baino —ni haien artean— ez zuen altxor hori konpartitzen.
Trumpek. Bai, Estatu Batuetako presidenteak —edo agian sinatzeko erabiltzen dituen errotulki ditxosoek— esperientzia eta irudi horiek berpiztu dizkit eta pentsarazi dit: gure lanerako —idazteko bereziki— aukeratzen ditugun tresnak oso esanguratsuak dira. Asko esaten dute gutaz eta egiten dugunaz:
1945ean, Eisenhower presidenteak Bigarren Mundu Gerrari amaiera eman zion Parker 51 batez. Bill Clintonek Cross dotore batez adostu zuen Daytongo bake akordioa; Obamak Montblanc batez Start III tratatua. Egungo presidenteak, errotuladore ziztrin batez, AEBak Munduko Osasun Erakundetik eta Parisko Akordiotik ateratzea, etorkinei jazartzeko hainbat neurri inposatzea; aniztasun, ekitate eta inklusio programak gelditzea; sexu biologikoan oinarritutako generoaren definizioa; eta Kapitolioaren kontrako erasotzaileen indultuak gauzatzea agindu du. Dokumentu bakoitza sinatu ostean horretarako erabili berri duen errotulkia inguratzen duen publiko sutuari jaurtiki egiten dio.
Monica Planasek Ara egunkarian plazaraturiko artikuluan —Un rotulador de menos de un dólar: el utensilio que utiliza Trump para firmar— oso gogoeta sakona egiten du portaera horretaz. Zutabegileak dioenez sharpie horrek euro bat baino ez du balio. Topa dezakegu Amazonen edo edozein supermerkatutan. Bestaldetik, sharpie hitzak maltzurra edo bizizalea esan nahi du. Konnotazioa sobran dauka. Planas harago doa. Haren ustez, Trumpen errotuladorea boteretsuaren sinbolo faliko bat da. «Bere gizontasunaren luzapen bat, grafikoa, bisuala eta jabeak autoritatea azpimarratzeko behar duen irmotasuna adierazten duena».
Ni ez naiz ausartzen hain urrutira joaten, baina aginduak sinatzen dituen bere adeitasun falta horrek asko asaldatzen nau; bere izena behin eta berriz letra erraldoietan idazteko erabiltzen duen trazu lodi eta merke horrek; edukiaren —ikaragarria— eta tresnaren arteko desoreka horrek.
Boterea kaligrafia ariketa bihurtu duen tipo batek asko kezkatu beharko gintuzke.
En fin.