Erroldaren garrantzia kanak herriarentzat

2020ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Bihar independentzia erreferenduma egingo da berriro Kanakyn, 1998ko Numeako akordioak ahalbidetu bezala, eta duela bi urte egin zen galdera berari erantzun beharko diote: «Nahi al duzu Kaledonia Berria burujabetza osora iritsi eta independentea izatea?». Orduko erreferenduma independentistek galdu zuten arren, espero baino emaitza hobeek bigarren erreferenduma egiteko aukera zabaldu zuten.

Charles Belmonten Les médiateurs du Pacifique dokumentalak argi erakusten du 1988ko Matignongo akordioak nola burutu ziren, eta, gatazkaren ondorioen atalarekin batera Kaledonia Berriaren deskolonizaziorako prozesu mailakatua nola adostu zen. Akordioa zailtasun askorekin lortu zen eta horren erakusle izan zen 1998rako aurreikusten zen erreferenduma ez egitea. Halere, negoziazio prozesua aurreratzeko asmoz, alde guztiek Matignongo akordioa inplementatzeko bidean Numeako akordioa adostu zuten 1998an.

Numeako itunak deskolonizazio prozesuaren fase ezberdinak biltzen zituen: lehenik, frantziar estatuak kanaken esku utzi behar zituen eskuduntza zabalak, eta bigarren fasean autodeterminazio erreferenduma egiteko epea (2014 eta 2019 bitartean ) eta maiztasuna (hiru aldiz) zehaztu behar zituen. Ageri denez, akordioa lortuta ere oinarrizko ulerkera ezberdinak dituzte itunaren sinatzaileek. frantziar estatuak Kaledonia Berria-ren prozesua bere barneko berrantolaketa instituzional gisa ulertzen duen bitartean, independentistek Kanakyren deskolonizazio prozesua burujabetza efektiboa gauzatzeko bide gisa ulertzen dute, hots: estatu eskuduntza guztiak eskuratzeko, kanak hiritartasuna nazionalitate bilakatzeko, nazioartean herri burujabe izateko eta Frantziarekin berdinetik berdinerako harremanak izaten hasteko prozesu dinamiko gisa.

Matignongo ituna sinatu zenetik kasik berrogei urte iragan diren honetan, frantses estatuak akordio ezberdinetan adosturiko denbora eta mekanismoak errespetatu baino, trabatu eta aldatu nahi izan ditu. Agian horretan datza prozesu askatzaile ororen zama, akordioak ez direlako mugiezinak, kanpoko eta barruko indar korrelazioaren arabera aldagarriak baizik. Hau da, aktoreen ekintzek akordioen edukiaren aldeko indar metaketa lortu, modifikatu edo definitu dezakete.

Gauzak horrela, pentsa daiteke estatu frantsesak ez duela bide eta tresnarik aurreztuko balantza bere alde jartzeko. Izan ere, Kanakyren independentziak esparru ezberdinetako galera ekar diezaioke: bere azpiegitura militarrak ahultzea, Pazifikoko itsaso eta lur baliabideen ustiapena bere kontroletik at geratzea (batik bat Kanakyk munduko nikel erreserben%25 dituelako), Melanesiako irletatik datozen finantza fluxuen galera edota Vanuatu eta Australia artean dagoen lurralde honen balio estrategikoaren galtzea... Finean, munduaren ordenaren ardatza Pazifikorantz zuzentzen ari den unean, frantziar estatuak eskualde honetako instantzia politiko eta ekonomikoen erabakietan eragiteko gaitasuna galtzea.

Beraz, frantziar estatua Kaledonia Berrian bere presentzia justifikatu eta bere aldeko gehiengoa lortzeko eskura dituen tresnak, akordioetan dauden mekanismoak, zehaztugabeko faseak eta ekintzak erabiltzen ari da.

Nork bozkatzen duerreferendumean?

1853tik da Kanaky Frantziako kolonia. Eta, data horretatik, bertako biztanleria kolonizatu eta birpopulatze politiken estrategia garatzen ari da Frantzia: presoentzako kolonia lehenik, frantses kolonoen lurraldea ondoren, meatzeetan jarduteko kanpoko langileen migrazio bortxatua eta metropolitik joandakoa bultzatua gero... Birpopulatze kolonizazio politika honek, kanaken presentziak gutxiengo numeriko bilakatzearekin batera, irletan metropoliaren presentzia inposatzea du helburu, eta independentziari aurre egiteko estrategia da. Estrategia hau, ordea, ez da kolonien salbuespena. Aski dugu IparEuskal Herrian BABeko mugimendu demografikoak edota barnealdeko biztanleriaren mugimenduak aztertzea aurrekoaz jabetzeko.

Kanakyn hiru hautesle zerrenda daude. Batetik, Frantzia eta Europako Batasuneko hauteskunde orotan bozka dezaketenen zerrenda (hautesle zerrenda orokorra); bestetik, Numeako akordioak definitzen duen hiritartasun printzipioetan oinarritutakoa (Probintzia hautesle zerrenda), hau da, bertako instituzioetako bozketan parte har dezaketenen zerrenda; eta azkenik, erreferendumean bozka lezaketenen errolda, Probintzia hautesle erroldan agertzen direnak.

Halere, Numeako akordioa sinatu zenetik bi aldeek Probintzia hautesle erroldari buruzko interpretazio ezberdinak egin dituzte. Alde batetik, independentistek errolda hori nagusikibi baldintzaren ondorioa dela esaten dute: 1998ko erroldan agertzeko beharra eta hortik aurrera hamar urtez segidan bertan bizitzea. Horren araberakoa da hautesle zerrenda finkoa deiturikoa. Bestetik, unionistek soilik hamar urteko erresidentzia jarraikiaren baldintza defendatzen dute, 1998ko erroldan egoteko baldintza ezabatuz (hautes-zerrenda flotantea deiturikoa).

Frantziar konstituzioak independentistek defendaturiko hautesle zerrenda finkoaren irizpidea onartu arren, erroldatzeko prozeduretan irizpide flotantearekin loturiko hainbat iruzur eta 22.000 kanak inguru zerrendetatik at geratu izana salatu dute 2013tik UC/ FLNKSko ordezkariek. Ildo horretan, Nazio Batuen Deskolonizazio Batzordeko misioak egindako ikuskaritzaren ondorioz, eta independentistek egindako lanari esker, 2016an eta 2017an, agerian geratu ziren hautesle zerrenden osaketa eta erroldatze prozesuan izandako hainbat irregulartasun.

Kanakyren independentziari aurre egiteko Frantziaren estrategia bertako jatorrizko populazioa lurralde honetara iritsitako beste etniekin batera batu, lausotu eta hautesle erroldan biltzean oinarritu da. Independentisten estrategia, ordea, hautesle errolda finkoari garrantzia ematean datza eta, horren barruan, «Historiako biktimak eta bere ondorengoak» onartzean oinarritu da, deskolonizazio eta autodeterminazio prozesua jomuga dutelako. Horregatik, independentzia erreferendumaren balioa azpimarratzearekin batera, inportantea da oso jakitea nork bozkatzen duen, edo, bestela esanda, nork duen kanaken geroa erabakitzeko eskubidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.