XX. mendean zehar eta, bereziki, Bigarren Mundu Gerraren ondotik gertaturiko inperio britainiarraren desegitea zein ekonomia post-industrial baterako trantsizioa ziurtasun askoren galeraren iturri izan dira Erresuma Batuan. Bere rol globala galdurik ere, nagusitasun rola mantentzen saiatzeari ekin zion, lehenik bakarrik, gero Europar Batasunarekin bat eginez. Globalizazioak, baina, zaildu dio asmoa. Maila sozialean, deskolonizazioak immigrazio handia eta aldaketa ugari eragin ditu, britainiartasun ideia bera auzitan jarriz. Zalantza egite hau are sakonagoa bihurtu da 2005eko uztailaren 7ko eraso terroristen ostean, horien egileak bertan sorturiko eta hazitako pertsonak baitziren. Nazionalismo ingelesa indartuz joan da, eta, paraleloki, politikarekiko mesfidantza eta insatisfakzioa ere handitzen joan dira. Testuinguru honetan Europako Batasuna bilakatu zen bekatari, eta, ondorioz, borrokatzeko kanpo arerioa. Barne egoneza baretzeko modua, menturaz. Ez dirudi hori lortu denik, ezta aitzinago lortuko denik ere.
Brexit-aren inguruko erreferenduma egin zenetik hiru urte eta gorabehera politikoz beteriko urtebetea pasatu eta gero, badirudi egunotan Erresuma Batua azkenik erabakitasunez hartzen ari dela Bruselako irteera ateranzko bidea. Urrian parlamentu britainiarrak Boris Johnson lehen ministroak Europako Batasunarekiko lortutako akordioa gibelerat bota ondoren, hauteskundeak aitzinatu zituen lider kontserbadoreak. Apustu ausarta ongi atera zaio. Izan ere, ikaragarrizko garaipena lortu zuen, 365 diputaturekin gehiengo osoa eskuratuz eta laboristen barruti tradizional aunitzetan emaitza historikoak erdietsiz. Laboristen gainbehera latzak eta brexit-aren aurkako liberal-demokraten galerak are gehiago azpimarratzen dute garaipen torya, eta oraingoan bai, badirudi Europari agur errateko tenorea heldu dela. Eta hori, DUPeko unionista irlandarrek atzera egin eta SNPko independentista eskoziarrak nabarmenki nagusitu arren.
Izan ere, kontserbadore britainiarrak eta independentista eskoziarrak izan ziren bozetako garaile argiak. Haien garaipenek egungo Erresuma Batua ardazten duten elkarri loturiko bi cleavage-ak nortzen dute: lurraldetasunarena —unionismoa versus nazionalismo periferikoa/independentismoa— eta europazaletasunarena —Europako Batasunaren aldekoak versus brexitzaleak—. Izatez, ez dira hauek dikotomia berriak, baina oraingo koiunturan —Westminsterren Atzera-Egite Akordio Legea eztabaidatzen hasi berria izanik—inoiz baino ageriago geratzen dira, brexit-aren berehalako gauzatzea nazio periferikoen funtsezko zaletasuna kaltetzerat baitator.
2014an Eskoziako independentziaren inguruko erreferenduma egin zelarik, ezetza hamar puntuko aldeaz nagusitu zen, balizko Eskozia independente bat Europako Batasunetik kanpo geratuko zen ideiaren inguruan jorratutako kanpainaren ostean. Bi urte berantago, Erresuma Batuak erakunde komunitarioa uztea erabaki zuen. Joko arauak zeharo aldatu ziren, eta eskoziar askok huts egin zietela ikusi zuten. Brexit-aren inguruko negoziazio gorabeheratsuak eta Westminsterreko eztabaida amaiezin eta ez eraginkorrek gainontzekoa egin dute. Independentzia erreferenduma galdu eta gero beherantz zihoan SNP berriz hauspotu dute, orain gainera lider berriarekin. Abenduaren 12ko emaitzek proiektu independentista eta europazaleari legitimazioa berretsi zioten eta, horrela, aste honetan bertan Sturgeon Eskoziako lehen ministroak Londresi bigarren independentzia erreferenduma egiteko eskaera luzatu dio. Johnsonen errefusak zailtasun handiak aurkitzen ditu: maiatzean Holyrooderako hauteskundeak dira, eta arbuioan tematzeak SNPren indarra areagotu lezake. Baina bertzalde, azken inkesten arabera, brexit-a gauzatuz gero, %60 inguruk independentziaren alde eginen luke. Ikusi beharko da, beraz, Londresentzat autodeterminazio eskubidea baldintzapeko eskubidea den ala ez. Zein puntutaraino lortuko du Johnsonek eskoziarren europazaletasuna makurraraztea bere interes propioei gaitz egin gabe?
Ipar Irlandan unionistek eserleku gehien lortu arren, boz kopuruari dagokionez brexit-aren aurkakoak diren Sinn Fein eta Alliance Party nagusitu ziren. Gainera, DUPek Sinn Feinekiko zuen indar korrelazioa okertu zen, bereziki zenbait barrutitan. Johnsonek Bruselarekin Ostiral Santuko Hitzarmena salbatzeko Irlandako mugari buruz lorturiko akordioak ez du inor guztiz konbentzitzen. Eta tentsioa berpizteko kezka handia badago. Brexit-a gauzatzearen eraginez, orain argi ez diren ondorioak egunerokoan ikustearekin, baliteke lehenagoko liskarrak berpiztea, eta hori da alde guztien buruhaustea, hauteskunde-terminoetan unionistei kaltegarriago gerta dakiekeen arren.
Azkenik, Galesen 2016an brexit-a nagusitu bazen ere, baita laboristen artean ere, azkenaldian joera aldaketak ari dira antzematen. Batetik, gero eta laborista gehiagok nahiago luke Europako Batasunean gelditu, eta bertzetik, bereziki gazteen artean nazionalismoa eboluzionatzen ari da hizkuntzan eta kulturan zentraturiko nazionalismo batetik SNPren moduko nazionalismo europazale eta zibikoago baterantz. Laboristek nagusi izaten segitzen duten arren, ikustekoa da epe berriaren inpaktua mugimendu hauen bilakaeran.
Dirudien bezala brexit-aren korapiloa laster askatuko baldin bada ere, honek dagoeneko lurraldetasunarena tenkatu du. Momentuz, Johnsonek herrialde osoan inbertsio plan zabala egitea aurreikusten du, baina zalantzagarria da hori aski izango den Europa uztearen konpentsazio gisa, partikularki, nazio periferikoetan. Aginpide eta eskumen eskualdatzea izan liteke bidea aldarrikapen nazionalak eta europazaleak desaktibatzen saiatzeko, baina Johnsonen jitea ikusirik, devolution aro berri bat zabaltzeak urrun ematen du. Gauzak horrela, hauteskundeen emaitzek epe motz-ertaina argitzen laguntzen badute ere, epe luzea lainotu egiten dute, Londres bera bezain lainotsu, egin ere.
Erresuma Batuan, argiaren ostean lainoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu