Errepublika feminista izatea helburu dugulako, M-8an guk ere Euskal Herria geldituko dugu

Miren Zabaleta, Oihana San Vicente, Elena Beloki, Kizkitza Gil de San Vicente eta Zuriñe Gojenola Goitia (Sortuko kideak)
2018ko martxoaren 6a
16:22
Entzun

Aurten Euskal Herriak ere mundu mailako Greba Feministaren erronkarekin bat egin du. Erronka bat baita, erronka handia gainera; ez baitugu lehenago sexu zapalkuntzarekin lotutako grebarik ezagutu Euskal Herrian. Beraz, ikusteko dago herri honetako emakumeok nola erantzuten dugun. Edonola ere, M-8ko Greba Feministak hautsak harrotu ditu bazter guztietan. Eta zalantzarik ez dugu,  guztion kontzientzietan aurrera urrats bat ematera behartu gaituela: batzuei sexu zapalkuntzaren izaera estrukturalaz konturatzen hasteko eta beste batzuei feminismorantz hurbiltzeko.

Baina bistakoa da ez dela soilik M-8ko Greba izan jendarte kontzientzia zartatu duena. Garaiotan badago halako lurrikara bat sistema kapitalista eta patriarkal honen zutabeetan ere dardara eragiten ari dena. Matxismoari lotutako gaiak eztabaida politikoaren erdigunean daude, gaur egun, eta albistegien lehen lerroan dira indarkeria matxistaren kontrako mobilizazioak, soldata arrakalaren kontrakoak eta antzekoak.

Nola esan. Mugimendu feminista sistema kapitalista eta patriarkal anker honen interpelatzaile zuzenenetako bat bilakatu da aspaldian. Feminismoa ez da konformatzen legez dagozkigun eskubideak bete daitezela exijitzeaz. Zalantzan jartzen du sistema bera, mundua antolatzeko modua eta ekonomia ulertzeko era. Feminismoak salatzen du egungo ekonomia eta jendartea emakumeen lan erreproduktiboan sustengatzen dela –enpresek funtzionatzen dute norbaitek hango langileei jaten ematen dielako, haien seme-alabak hazten dituelako, haien adinekoak zaintzen dituelako...–. Eta lan horiek emakumeok egiten ditugu, gehienetan muxutruk, gutxi batzuetan miseriaren truke, baina beti-beti inongo errekonozimendurik gabe. Hori horrela, feminismoak egungo eredu soziala errotik eraldatzeko planteamendua egiten du. Norabide horretan argi daukagu honezkero feminismoa eraldaketa sozialerako indar klabea bilakatu dela, eta ausartzen gara baieztatzera ziklo feminista berri baten atarian gaudela.

Alabaina, feminismoa sendotzen ari den une berean krisiaren eta austeritatearen testuinguruak guztiz okertu ditu emakumeon bizitzak Euskal Herrian ere. Eta Ezker Abertzaleko emakumeon ustetan gero eta premia larriagoa dugu Euskal Herriak estatua izan dezan. Izan ere, estatua ezinbesteko tresna da burujabetza(k) izateko. Burujabetza(k) zertarako? Bada, gure bizitzan eta komunitatean eragiten duten politikak geuk erabakitzeko; gure bizitzetan eragina izango duten aldaketa materialak gauzatzeko; jendarte justu eta parekidea eraikitzeko. Horregatik, Euskal Herriko emakumeekin batera feminismotik eragiteko indarrak batu eta bide berriak urratu nahi ditugu. Are gehiago herri honetan estatus politikoak eztabaidagai eta eraldatze bidean dauden garai garrantzitsu honetan;  bai instituzioetan,  bai kalean.

Azkenik, barrurako begirada bat. Ezker Abertzaleak jakin izan du garai bakoitzean mundu mailako zein tokiko joera eta baldintzak aztertuta bere estrategia politikoa berkokatzen eta eraginkorra izaten. 60ko hamarkadan nazio borrokari sozialismoaren aldeko borroka gehitu zion; txanpon beraren bi aurpegien metafora erabili izan du urte luzez hori azaltzeko. Baina urteak ez dira alperrik pasa eta berdintasunaren bidean jorratutako ibilbide oparoak agerian utzi du sozialismoa kamutsa izango dela baldin eta ez badu feminismoa oinarritzat hartzen. Eta hausnarketa horiek Ezker Abertzalean mahai-gainean dira, noski. Izan ere, jadanik edozein ezkertiarrentzat ukaezina da: herri honetan eredu soziala benetan irauli nahi badugu, feminismoa ardatz hartu beharko dugu. Gu horretan sinistuta gaude eta horretan ari gara. Horregatik M-8an Euskal Herria geldituko dugu!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.