Dana pekatu esaten zioten apaiz hari. Hainbesteko zorroztasunak (zorrozkeria ote?) txundituta uzten zuen sasoi hartako gazte jendea. Arau estuetatik at infernuko sugarrak, betirako, ezin jakin bada zerutik etorriko zen zigorrak mugarik izango zuen eta.
Erlijio kontuak alde batera utziak izanda ere, sarri datorkit burura aspaldikoa dirudien giro haren oroitzapena, edozein urratze delitu bilakatzeko bidean gabiltzan aro honetan. Zigor penala eskubide urratze larriei bakarrik eman beharreko erantzuna den printzipioa araudian uztartzea zenbat kosta zitzaigun ahazteaz gain, erantzun hori neurrikoa behar duenaz ere ez du jendeak jabetu nahi. Hilketa, bortxaketa, pertsonen osotasun eta duintasunaren kontrako hainbat eraso larri delitu izanik, erantzuna delitugilearen eskubideak murriztu edo gabetzea izango da, zigorra ezartzeko Estatuaren mekanismoak martxan jarriz. Zigorra ez dago delituaren eraginez kaltea jasan duenaren esku, jasandako mina izugarria izanda ere. Bere eskutik erantzuna emanez gero, ekintza hori delitu izan daiteke.
Ekintza bortitz baten eragina jasan duen edonor lehen unetan txoke egoeran geratzea ohikoena da, ez baita erraza gertatutakoa edo egin dizutena asimilatzea, eta sarritan oso zail egiten da minaren eta kaltearen kudeaketa. Erasoa zuk jasan arren, zure ondasun eta eskubide urraketek instituzioen erantzuna izango dute, mekanismo poliziala eta judiziala martxan jarriz, gertatu denaren inguruabar eta baldintzak zehaztuko dira. Bide judizialari hasiera eman eta hortik aurrera etorriko denak inor gutxi asebetetzen du, gertatutakoa argitzeko ikerketaren kontrola zure eskuetatik beste batzuetara pasatzea ez da gozoa izaten.
Aspaldiko ustea da delitua jasan duena ahaztua izaten dela zigortzaile den prozesu judizialetan. Subjektu pasibo izen berak esaten du prozesuan ematen zaion izaeraren irudia, eta behin zigorrak jartzeko pertsona erabilia izan ondoren, sistemak berak baztertzen duela da kexa nagusia. Horren aurrean ez dira gutxi gaur egun biktima izaera duena zigor-prozesuaren erdigunean jarri behar dela diotenak, baina ezin halakorik onartu oinarrizko eskubideen zutabeak ahuldu eta printzipio demokratikoen itxuraldaketa larririk gabe.
Beste kexa iturriak zigorraren neurriarekin du zerikusia. Delitugile horrek eragindako kalte eta minaren aurrean urria dela diote biktima batzuek, zigorra ekintzaren baldintzen proportzioan eta ez sentitzen duten minaren neurrira behar duela ahazturik. Asko idatzi eta arrazoitu da zigorren proportzionaltasunaz. Adituek eta arituek (epaitegiek) diote zigor-arauek ez luketela alperreko xahupenik eragin behar zigorrek suposatzen duten hertsaketan, arbitrariotasunaren bidean abiatu eta justiziaren zutabeak ahuldu besterik ez lituzkeelako egingo. Hala diote legeek ere. Delitu bakoitzari ezarri beharreko zigorra hamaika osagai aztertu ondoren egin behar baita, eta eragindako kaltearen neurri eta ondorioak beste arlo batzuetara bideratu behar dira.
Ordaindu, indarberritu, birmoldatu, lehengoratu, sendatu, suspertu, bizkortu, birgaitu. Apurtutakoa, mindutakoa, kaltetutakoa osotu, osatu, hitz bakoitzari esangura ezberdina emango dio biktima bakoitzak, eta biktima bakoitzarentzat erreparatze modua diferentea da.
Kaltetua ondarea denean, delitua egin aurreko egoeran uztean datzala erreparatzea dio arauak, baina bizitza, askatasuna edo pertsonaren osotasuna urratu direnean lehengoratze hori ia ezinezkoa bilakatzen da. Badira arauak hainbat osagai kontuan hartzeko iradokizuna ematen dutenak kalte ordaina kalkulatzeko, baina beti dirutara mugatuz. Dirua eta urratutako ondasun pertsonala balio heterogeneoak izanik, mina pezeta edo eurotara bilakatzeak gizakiaren sufrimenduaren merkantilizazioaren sentsazioa areagotzen du.
Prozesu penalak dirauen bitartean ezin delituak eragin duenaren zauria itxi. Batzuentzat zigortzailea den sententziarekin hasten da doluaren kudeaketa lana; beste askorentzat orduan ere ez. Edozein dela ezarritako zigorra ere inoiz ez da nahikoa izango hainbatentzat, eta frustrazioari atea ireki, mendeku nahian bidea abiatuz gorrotoa elikatzen dute, agian ohartu gabe honelako sentipenek euren burua eta ingurukoena deuseztatzen dutela.
Ba da erreparatzea gizartearen errekonozimenduan aurkitu nahi duena, baita delitugileak berak egindakoa aitortu eta barkamena eskatu diezaiola eskatzen duenik ere, baina halakoetan damu adierazpenak egiazkoak ote direnaren zalantzek, antsietatea eta seguritate-eza areagotzen die, berriz ere erabiliak direla sentituz.
Pertsona bakoitza mundu bat da, eta ezin berdintasunik ezarri zauria osatzeko moduetan. Bada bakarrik (edo gertuko pertsonen laguntzaz) osatu, zauria itxi eta aurrera jarraitzen duenik; edo itxi bai baina orbaina bistan duena; edo sufrimendua guztiz alboratu ezinik dena.
Sufritzen duenak laguntza behar duela ezin uka, baina ahaztu gabe laguntza eta babesa lanabes diferenteak direla. Ahula, zaurgarria babesten da, bere kabuz aurrera egiteko gaitasuna zalantzan jartzen zaiolako. Laguntza, aldiz, bultzadatxo bat behar duenari ematen zaio, aurrera egiteko gai delako. Honek ez du instituzio eta ongile babesleek eskaintzen dioten eskuetan utzi nahi izango soluzioa, norberaren hobekuntza lortzeko tresnaren muina bere duintasunean baitatza.
Ez dago formula magikorik, baina duintasunez aurrera jarraitzeak norberaren ahalegina eskatzen du, erasotzaileak erreparatze prozesuan parte hartu nahi ez (edo ezin) badu ere.