Ondo letorke gogoraraztea Mikel Laboak musikatu zituen Bertolt Bretchen poematxo haren lehenengo eta azken bertsoak: «Lilurarik ez! Ez dago itzultzerik!...» eta «...Bizitza da handiena, galtzea litzake galtzea dena». Gizaldi eta gizaldietako eboluzioaren (?) ondoren, ez dirudi ideia hau, hain oinarrizkoa den egitate hau, gailendu zaienik aberriaren lurralde-integritatearen lehentasunari, edo ohoreari, edo balizko gizarte baten ustezko zeresanari.
Gobernari demokratikoen lehentasuna, ordea, guztizko lehentasuna, euren herrikideak hurrengo egunean bizirik mantentzea da. Gero gerokoak. Putinek ez du helburu hori inoiz jopuntuan izango, bere jokaera eta printzipioetan askoz gertuago baitago XVIII. mende hasierako Pedro I.a tsarragandik, XXI. mendeko gobernari sasidemokratiko batengandik baino.
Ukrainako gobernariak dira, beraz, une honetan, bihar hiltzera kondenatuta egongo diren ehunka ukrainarren (eta ez-ukrainarren) esperantza bakarra. Areago: inork ofizialki aitortu nahi ez badu ere (hipokrisiak ertz asko ditu), alferrik hiltzera kondenatuta egongo diren ukrainarren esperantza bakarra.
Alferrik, bai. Bat-batean geopolitikologoz bete den mundu honetan (lehenago pandemiologo edo bolkanologo izan garen moduan), inor gutxik pentsatuko baitu Errusiak gerra hau amaituko duela hasieratik eduki duena utzita: Donbass delakoaren tutoretza edo eskualdea bera eta Krimea; eta NATOkorik ez mugetan. Eta, luzatuz gero, gehiago izango du. Errenditu, mesedez. Herenegun hobe izango zen orain baino. Besteak beste, kalkulu politiko huts-hotza eginda, gerra luzatu ahala Ukrainako Estatuak ez duelako zerekin errenditu izango, zenbait erakunde militarri hurbileko eta gertuko historian gertatu zaien moduan.
Zer lortu nahi da gerraren bidez? Zein oinarri, zein printzipio, erabili dezakegu europarrok, gailendu lekiokeena herritarron bizitzak salbatzeari? Gerra honen hasieratik nazioarteko politikako printzipiotzat jotzen diren horietakoak, hau da: giza eskubideen defentsa, demokraziaren defentsa eta... estatuen lurralde-integritatearen defentsa (sic)? Demokrazia eta lurralde-integritatea mantentzea hainbat eta hainbat lekutan kontzeptu antagonikoak dira, barren! Lurraldearen integritateari eusteko hilko al dira herrikideak? Beste baterako utzi beharko dugu eztabaida hau. Eutsi beharko dio eztabaidari nazioarteko komunitateak horrelakoak errepikatzerik nahi ez badugu. Izan ere, gaur lehentasun bakarrak bihar hilko diren ehunka herrikide salbatzea izan beharko bailuke.
Errenditu, mesedez, Zelenski-eta. Ez sinetsi ukrainar herrikideen erresistentzia hauspotzen ari zaizkizun Mendebaldeko lagunek diotena. Eurak ere badira-eta (gu beraz) amaiera idatzia duen gerra hau luzatzen den egun bakoitzean gertatzen diren alferrikako heriotzen errudun. Eta ez pentsa zenbat eta sarraski gehiago egin errusiar armadak gizarte zibilaren kontra, handiagotu egingo denik Mendebaldea deritzon hori gerran Ukrainaren alde sartzeko aukera. Lilura hori iragankorra izan da. Eta hori herritarren bizitzak kalkulu militarren pieza egitea izango litzateke; eta hori immorala da.
Errenditu, mesedez, Zelenski-eta. Hor arituko dira hainbat iritzigile hedabideen guda irabazten ari zaretela-eta. Lilurarik ez. Hau ez da pelikula bat. Erraza izango zaizuesufritzen ari direnei errendizioa azaltzea. Herritar gehiago ez hiltzea ez al da behar besteko arrazoia? Ukrainan botere-sinboloa den gerra-mazu iltzedunaren eramaile sentitzen direnei ideia saltzea ez da hain erraza izango, baina... Bihar salba dezakezuen bizitza horrentzako izango zarete heroiak, nahiz eta isilean eskertuko dizuen; gerraren kultu(r)a oso errotua dugu.
Errenditu, mesedez, Zelenski-eta. Gero egongo da giza eskubideak urratu dituztenak epaitzeko aukera. Edo ez. Besteak beste, lurralde zatiezin bat defendatzeko gerra egin nahi ez duten herritarrak gerrara joaten behartu dituztenak. Barka dezatela hizkera-sortzaileek, baina kontzeptu bezala, ez dira desertore insolidarioak, intsumisoak baino; edo ez hil, ez erail, nahi ez duten pertsonak.
Errenditu, mesedez, Zelenski-eta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu