Errekaleor, bost urtez laborategian

Jonbe Agirre Miguelez
2018ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Laster beteko dira bost urte Gasteizko Campuseko zenbait ikaslek inguruko kide eta ezagun gehienen aholkuei muzin egin eta Errekaleorren etxebizitza bat okupatzeko pauso ausarta eman zutenetik. Ordutik hona, gauzak asko aldatu dira: portal baten okupaziotik auzo osoaren okupaziora igaro gara. Nukleo txikitxo baten kontroletik lurralde osoaren kontrolerako jauzia ez da egun batetik bestera lortu, eta ez da kontraesanik gabeko prozesua izan. Kontrol hitza irakurri eta bati baino gehiagori alarma piztuko zaio, baina lurralde baten kontrolaz ari naizenean, bertakoek ingurunearekin harremanean duten erabaki eta garapen gaitasunaz ari naiz. Erabakitzeko botereaz eta egiteko botereaz, alegia. Lurralde hitzak ere eremu erraldoia iradoki dezake, baina ene iritziz, Errekaleorrek dituen zazpi hektarea pasatxok eta hamarnaka espazio anitzek egitasmo eta esperimentu ugari ahalbidetzen dituzte; lurraldetzat dut, hortaz. Raul Zibechi idazle eta militante uruguaitarraren hitzetan, herri boterea «lurralde, autogobernu eta autonomiaren arteko elkar-harremanean sostengatzen da». Lurraldea komunitate bat sendotzeko, autogobernua bertakoek erabakitzeko eta autonomia instituzio burgesetatik independente izateko. Finean, Euskal Herrian sakonago garatu den autogestioaren kontzeptuaren banderapean barnera zitezkeen ideiak dira orain arte azaldutakoak. Errekaleorren, gainera, hau guztia barnebiltzen duen marka propioa sortu dugu: auzo boterea.

Marko teorikotik harago, zein baldintza sortu dira azken urteetan Gasteiz kanpoaldeko auzo honetan eta zein da bere potentzialitate erreala? Egun, errekaleortarrok gure bizitzen hainbat esparruren gaineko kontrola dugula baiezta dezakegu: gure etxebizitza beharra asetzen dugu, kontsumitzen dugun energiaren kudeaketa gure menpe dago, elikaduraren parte bat ere bai, aisialdi eredua, jakintza ugariren kolektibizazioa... Baina kapazak gara beste hainbat esparrutara igarotzeko? Imajina genezake, adibidez, osasun proiektu bat? Hezkuntza proiektu erradikala? Biodiesela ekoiztea? Auskalo. Potentzialitate honek guztiak, ordea, bere mugak ditu. Arreta berezia merezi duten gakoetako bat soldatapeko lana delakoan nago, egoera sozioekonomikoa aintzat hartuta, agerikoak dira prekaritate orokorra eta langileon bizi baldintzen atzerapausoak. Errekaleortarrok, desjabetuak garen heinean, gure lan indarra saltzera behartuak gaude gure bizitzen erreprodukziorako, momentuz behintzat. Hala ere, lan mota horrekiko geroz eta lotura gutxiago izateko bidean gaudela uste dut, baiezta baitaiteke bizilagunon zutabe nagusia ez dela soldatapeko lana. Noski, hein handi batean horren ardura okupazioak dauka; dirua maneiatzeko behar gutxiago izateak alegia. Hautsak harrotu ditzake soldatapeko lanaren kontrako apologiak, badakit, baina gure bizitzak (eta maite ditugunenak) erdigunean jarri nahi baditugu, soldatapeko lanaren menpekotasun gutxiago izateko baldintzak era kolektiboan eraiki eta hedatu beharko ditugu.

(Ia) bost urte hauetan, askotarikoak izan dira emandako aurrerapausoak. Hala ere, memoria kolektiboan dauden argi mozketa eta erantzun herritar masiboak suposatu du, ziur aski, oinkadarik nagusiena. Alde batetik, Udalari aurrez aurre auzoa defendatzeko determinazioa kementsu adierazi genion. Bestetik, frogatu zen gure bidelagun diren hamarnaka eragile politiko zein milaka herritar proiektuaren parte zein defentsa izango direla.

Ez dira gutxi aurrean ditugun erronkak. Haiekiko senti dezakegun bertigoa zenbaitetan, gainera, pisutsua eta nekeza da. Erronketako bat, adibidez, proiektuak hasiera batean guztiz txertatua zeukan gazte perspektiba atzean utzi eta adin tarte guztietako pertsonez osatutako imajinario propioa duen komunitatea errotzea. Gainera, ez da lan makala izaten ari zukua ateratzea antikapitalismoaren perspektiba politiko ezberdinen arteko elkar ekiteari eta aniztasunean eraikitako batasun horren potentzialitateari. Gure auzoak duen kokapen geografikoak, gainera, hirian lanean diharduten herri mugimenduetatik urruntzera bultzatu gaitzake, eta horregatik, aliantza estrategikoetan indarra jarri eta Gasteizko problematiketan borrokatzea bultzatu behar dugu, era zuzenean edota Errekaleorrek dituen baliabideak beste borroken mesedetara jarriz.

Asko dira, baina, bistatik galdu behar ez diren arriskuak ere, iraultza gauzatu arte behintzat. Hortxe egongo dira beti sistemaren tentakulu ezberdinen mehatxuak: udaletxeko mertzenarioak (Udaltzaingoa), haien propaganda organoak (komunikabideak) eta ezin ahaztu guk geuk barruan daramatzagun zenbait balore burges eta patriarkali bide emanez jardutearen arriskua. Kontraesanez betetako bidea da eta ez daukagu egiarik inori saltzeko.

Baina historia amaitu omen den garai hauetan, itxaropena pizten diguten esperimentuak egiten jarraitzen dugu gure laborategian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.